Ezarian. Literatura erotikoa

Paperezko Eros

'Fifty Shades of Grey' trilogiaren arrakastak lehen planora ekarri du literatura erotikoa. Euskaraz ere irakur daiteke literatura mota hori, batez ere Txalapartaren Literotura sailari esker.

Maialen Unanue
2013ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Gazte ederra eta negoziogizon arrakastatsua da Christian Grey; Anastasia Steele, berriz, unibertsitatean graduatu berri den neska gaztea. Fifty Shades of Grey trilogiako protagonista nagusiak dira. Patuak euren bizitzak lotu ditu, Steelek Grey elkarrizketatzen duenean. Hala hasi du Erika Leonard James idazleak (1963, Erresuma Batua) munduan milioika irakurleren jakin-mina piztu duen trilogia erotikoa.

Denbora gutxian, J. K. Rowlingek Harry Potter lana baino gehiago saldu du Jamesek: 60 milioi ale baino gehiago 2011ko maiatzaz geroztik. Datuen arabera, emakumeak dira liburuon erosle nagusiak, gazte zein heldu. Fifty shades fenomenoaz hitz egiten da gaur egun, eta iritzi asko daude arrakastaren giltza zein izan daitekeen zehazteko orduan.

Salmentek ez dute gezurrik esaten: zalantzarik gabe, arrakasta lortu du Fifty shades fenomenoak munduan. Kalitatezko literatura den edo ez, hori beste kontu bat da. Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak ez du irakurri, baina ingurukoei entzunda, ez zaio gogo handirik piztu: «Irakurri dutenek literarioki oso pobrea dela esan didate, ideologikoki oso erreakzionarioa dela, eta oso ikuspegi matxista transmititzen duela».

Edorta Jimenez da gaur egun Txalapartaren Literotura bildumaren arduraduna, eta harrituta dago trilogiaren arrakastarekin: «Emakumeei sekreturen bat kontatu die; bete ez duten fantasiaren bat dakar, antza». Jimenezek lehenengo alea irakurri du, ingelesez, eta liburuak duen maila literarioa Harry Potter -enaren parekoa dela uste du. «Horregatik da arrakastatsua. Inor gutxietsi gabe, baina, nire ustez, badira kioskoetan hau baino liburu hobeak eta merkeagoak».

Juan Martin Elexpuru Literotura bildumaren sortzailea eta arduraduna izandakoak ere entzun du horren inguruan: «Sumatzen dudanez, sadomasokismoaren gaia da arrakastaren gako nagusia: irakurterraza da, baina ez ditu eszena gordinegi edo esplizituegiak».

Baina zer da erotismoa? Jimenezek Boris Vianen hitzak ekarri ditu gogora: «Hark zioen erotismoa zer den ezin dela definitu, baina une jakin batean denok dakigula esaten zer den eta zer ez den erotikoa». Hala, zenbait obra literario erotikok epel utz dezakete irakurlea, tenperatura igotzen hasi bai, baina une jakin batean gorago joan gabe. Jakina, badira muga hori gainditzen dutenak ere, Elexpururen ustetan. «Badira obra erotiko lizun askoak, literatura aldetik ere inoren inbidiarik bakoak: esaterako, Saderen Filosofia apaingelan. Literoturan itzulitakoen artean, estimu berezia diot Joao Ubaldo Ribeiroren Buda zoriontsuen etxea nobelari».

Biak euskarara itzulita daude, Literotura bilduman: lehena Elexpururen eta Begoña Montorioren artean itzuli zuten, eta bigarrena Karlos Zabalak.

Euskaraz, gaitzat erotismoa duten liburuak asko ez badira ere, azken urteetan egin dira ahalegin batzuk erotismoa ere euskaraz idazteko eta irakurtzeko.

Elexpururen ekimenez sortu zen, adibidez, Literotura saila Txalaparta argitaletxearen barruan, 1998an, eta ordutik hemeretzi lan argitaratu dituzte sail horretan. «Susmoa genuen gure artean izango zela jenderik gauza hauek euskaraz erdaraz bezain gustura hartuko zituenik», azaldu du Elexpuruk. Itxaropena ere bazuten hasiera hartan idazleek sail berrian parte hartzeko. «Uste genuen izango zela gure artean idazlerik genero berdea landuko zuenik, hartarako ortu egokia izanez gero».

Ez zebiltzan oso oker, bildumak aurrera egin du urte hauetan eta hogeigarrena, Anais Ninen Venusen delta, bidean da. Saileko liburu guztiak irekitzen ari den kremailera batek ezaugarritzen ditu. Euskaraz sortutako originalak ere biltzen ditu. Lehenengo bi tituluak, izatez, halakoak ziren: Euskal idazleen ipuin erotikoak (hemezortzi egileren ipuinak biltzen ditu) eta Krabelina beltza (Elexpururena), 1998koak biak.

Urte batzuk lehenago, Elkar argitaletxeak ere egin zion tarte bat literatura erotikoari. Joxean Sagastizabalen Jolasean (1987), eta Joxi Basterretxeak Joane Barolo ezizenez sinatu zuen Falo zantarra (1988) izan ziren horietako bi. Mendiguren Elkarren sartu aurretik hasi ziren literatura erotikoa argitaratzen, baina urte batzuk beranduago bertan behera uztea erabaki zuten. «Momentu jakin batetik aurrera arazo izan zen ez zela euskarazko lanik sortzen bilduma horretarako; edo arazoa ez dakit, baina errealitatea behintzat bai. Zaila zen inor konbentzitzea horretarako idazteko».

Eleberriak ez ezik, bestelako lanak ere argitaratu izan dira Euskal Herrian erotismoarekin zuzenean edo zeharka lotuta. Esaterako, Ramon Etxezarretak Hiztegi erotikoa idatzi zuen 1983an. Mendigurenek gogoan du Etxezarretak Kamasutra euskarara itzultzea erabaki zuen garaia. «Inuzente egun batez, Espainiako irrati fatxa batean barrez aritu ziren, esanez euskara ez zela gai halako gauzetarako eta. Bada Elkarretik eskakizuna egin genion Etxezarretari, eta hurrengo urtean, 1987ko inuzente egunean, argitaratu genuen Kamasutra euskaraz». Gaurtik gertuago, Aitor Aranak Gay hiztegia argitaratu zuen 2005ean, Txalapartarekin. Elexpururen ustez, Arana da gaur egun literatura erotikoaren bultzatzaile nagusiena.

Aldizkarigintzan presente

1990eko hamarkadan aldizkarigintzan erotismoa lantzeko joera egon zen Euskal Herrian. Horietako bat izan zen Bixen Gil de Paulesek 1991n sortu zuen Zuku festa aldizkaria. Aranak, berriz, EHGAMen laguntzarekin, Xut aldizkari erotikoa abiatu zuen 1992an.

Jon Arano zen umorea euskaraz egiten zuen Ostiela! aldizkariaren (1996-2006) bultzatzaileetako bat, eta 26. zenbakiarekin batera Pornolore sortu zuten, lehenengo euskal aldizkari erotikoa, haien hitzetan: «Beste euskal aldizkari batzuek euren edukietan pornoa sartu ohi dute, baina hau da inprimategitik harpidedun eta erosleengana, kioskoetara, zirkuituan sartzen den lehen euskal aldizkari erotikoa, osotasun batean egina».

Aldizkari erotikoen artean Jon Mirande eta Txomin Peillenen Igela ere (1962-63) entzutetsua izan zen. Elexpururen iritziz, «aitzindariak izan ziren» euskal literatura modernoan. Inork bertan argitaratutakoak irakurri nahi balitu, Literatur Aldizkarien Gordailuan aurkituko ditu. Mirande da, batik bat, Mendigurenek eta Elexpuruk eremu erotikoan erreferentetzat daukaten idazlea. Honela dio Elexpuruk: «Miranderen Hiru putattoak edo Pigalle poemak, besteak beste, benetako ardi galduak dira orduko artalde puritanoan. Haur besoetakoa liburua ere harribitxia da». Mendigurenek ere begirune berezia dio olerkariari: «Miranderen intentzioa, haren poemetan, neurri batean probokazioa zen; azken batean, euskal kultura eta literaturako giroa oso elizkoia zen. Eta Mirandek begitan hartuta zeuzkan eta gorroto zituen moralistak eta kontserbadoreak».

Gerora begira, genero erotikoak zer bide hartuko duen ikusteko dago. Oraingoz, literatura erotikoak presentziarik baduTxalapartari esker duela uste du Mendigurenek, baina ez da oso baikor ageri: «Idazleek nolabaiteko prestigioa izan nahi dute, presentzia, komunikabide eta literatur txokoetan. Literatura erotikoa subgenerotzat hartua izan da, eta inork ez du subgeneroko idazletzat klasifikatua izan nahi». Elexpuruk ere antzeko iritzia du: «Idazle gehienek izan dute obra erotikoren bat idazteko tentazioa, baina gutxi erortzen dira. Ez omen da arrazoi moralengatik, estetika kontua omen da: deskribapen zehatz eta gordinak ez dira literaturazale mokofinentzat: izen handiko idazlea izan nahi baduzu, eutsi tentazioari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.