Oiartzungo Arizmendienea jauregiaren atarian, bi laubururen artean, esaldi bat dago zizelkatuta: «Emen sartzen dana bere etxean dago». XVIII. mendeko jauregi eder hori museo bat da egun, eta garai bateko bizimodua erakusten duten tresnek eta historia garaikideko pasarteek ez ezik, paretek ere pizten dute arreta: paper pintatuez daude apainduak. «Kasu honetan bilbeak errepikakorrak dira, soilak, ez horren koloretsuak. Ez dira zaharrenak eta ez dira dotoreenak, baina brokatu bioleten zerrenda apaingarriak urre kolorekoak dira, eder-ederrak».
Xabier Martiarena (Donostia, 1951) zaharberritzailea da. Madrilgo Arte Aplikatuen Eskolan ikasi zuen, eta urre kolorean eta polikromatuan espezializatu ostean, artearen hiriburura joan zen. Espainiako Arte Ederren Akademiaren bekari esker joan zen Erromara. Euskal Herrian bueltan, bere kabuz hasi zen lanean, eta urteotan hainbat eta hainbat mihise eta erretaula zaharberritu ditu. Artelekun eta Gordailuan ere aritu zen erretiroa hartu zuen arte.
«Nire mundua ez da paperarena, baina ohartu nintzen paper pintatuak oso ezezagunak zirela, abandonatuta zeudela, galzorian... Ikertzeari ekin nion, eta oso mundu interesgarria da, liluragarria». Paisajes de Ensueño. Papeles pintados del siglo XIX. (Amets-irudizko paisaiak. XIX. mendeko paper pintatuak) liburuan bildu du urteotako lana. Liburua 2022koa da berez, eta, jada agortuta badago ere, sarean ikus daiteke PDF artxiboa. «Praktikatik teoriara doan liburua da. Helburua izan da publiko zabalari bigarren mailakotzat jotzen den arte honen berri ematea. Xumeagatik ez da hutsala. Europa osoan bere eklosioa izan zuen, eta gurean ere adibide batzuk daude, bakanak, baina irudi zoragarriekin. Badirudi Miguel Angel bat ez badugu ez dugula ezer, baina daukaguna gure historia da».
Eguzki Alde jauregiaren istorioa
Eusko Jaurlaritzak Interes Kulturaleko Ondare izendatu zuen Arizmendienea. Oiartzungo jauregia, bada, babestuta dago, baina ia salbuespen bat da. Martiarenak Donostiako jauregi bat bota zutela jakitean heldu zion gaiari, gogaituta. «Etxea bota zuten, eta, harekin batera, pinturak. Ondare hau salbatzeko asmoz ekin nion ikertzeari. Jauregi asko egoera txarrean daude, partikularrenak dira, eta ez diete ematen merezi duten balioa, baina antzera gertatzen da eraikin publikoetan».
Ategorrietako Eguzki Alde jauregiaren istorioa gogaitzeko modukoa da. Luis Elizalde arkitektoak eraiki zuen, 1898an, eta 2002an bota zuten. Barruan Ameriketako Estatu Batuetako independentzia gerraren paper pintatu panoramikoa zegoen. Bitxiena zera da: Etxe Zuriko horma batean paper pintatu horren serie bereko beste ale bat dutela: «Jacqueline Kennedyk berak agindu zuen paper horiek jartzea 1961ean. Ategorrietan zegoen etxearen igual-igualak dira. AEBetan ondare historiko dira, ondare nazionala, eta hemen pikutara joan dira». Martiarena haratago doa. Elizaldek Eguzki Alde jauregi originalaren erreplika bat egin zuen Getxon. Eraikina Eusko Jaurlaritzaren eskuetara pasatu zenean babestu egin zuten, baina kontua da eraikin hartan ez dagoela paper pintaturik. «Horrek asaldatu egiten nau».
Txinan dute jatorria paper pintatuek. Zetazko bideari esker iritsi ziren Europara. Berez, eskuz pintatutakoak ziren, eta horregatik mantendu dute izena, nahiz eta kontinente zaharrean egiten zirenak egurrezko xaflekin egiten ziren, xilografiak balira bezala. «Frantzian oso modan jarri ziren. XVIII. mendean hasi ziren liburuko babesorriak egiten, dominotiers izenekoak, eta gero tapizak. Frantziako Iraultzaren ostean, paper pintatuak sortu ziren. Modernitatearen ikur bihurtu ziren; erregearen gortean erabiltzen hasi eta azkar hedatu ziren. Ospe handia hartu zuten, eta mundu osora esportatzen ziren».
Euskal Herriko jauntxoak
Euskal Herrian ere dexente zabaldu ziren, jauntxo ilustratuek garai hartako modari jarraikiz euren jauregiak teknika horrekin apaintzen hasi baitziren. Martiarenak zehaztu duenez, jauregiko gela nagusia apaintzea zen ohikoena, gehienetan paisaia panoramikoekin, eta beste geletan, paper bakunagoak jartzen zituzten. Badu susmoa identifikatu gabekoren bat egongo dela, eta galdu direnen artean ere identifikatu gabekoak daudela.
Azkoitiko Txurruka etxean, Aretxabaletako Arratabe jauregian eta Eskoriatzako Ganuzaneko Etxean edo Gaztañadui jauregian daude paper pintatu zaharrenak. Aretxabaletako jauregian udaletxea dago gaur egun. Eskoriatzakoan, berriz, Arizmendi ikastola. Azkoitian beste bi eraikinetan daude paper pintatuak: Etxebeltzan eta Iribe Dorrean. Martiarenak Gipuzkoan dauden beste erreferentziak aipatu ditu: Oiartzungo Arizmendienekoaz gain, herri txiki batean dago bestea: Aian. «Laurgain jauregiko jantokian daude pinturak; Napoleon III. garaiko eszenak dira, ehiza eszenak».
Araban hiru herritan daude arte horren adibideak: Aiarako Menagaraiko Llaguno jauregian, Bastidako Thosantos Etxean, eta Gaubeako Villanañeko Varona dorrean. Eskoriatzan daudenaren igualak dira azken horiek. Menagaraikoak, berriz, duela gutxi zaharberritu ditu haren jabeak. Bastidakoak Remelluri ardo etxearenak dira. Bizkaian adibide bakarra topatu du zaharberritzaileak: Balmasedako Horkasitas jauregikoa. Horiek ere zaharberritzen ari dira.
Martiarenak Miarritzen dagoen margoren baten berri dauka, baina arreta hegoaldekoetan jarri du: «Iparraldera liburuen bila ere joan izan naiz, baina zaila da. Denak agortzen dira, eta bigarren eskuko merkatuan oso garesti daude. Ziur naiz jauregi pribatuetan pintura gehiago egongo direla; Frantzian, hemen ez bezala, babestuta daude».
Nafarroan kasu bakar baten berri izan zuen behin liburua amaituta: Cortesko Gazteluko gela txiki batean ehiza eszenak dituen paper pintatu bat dago. «Marokoko gerraren irudi bat da, 1870. urte ingurukoa, hau da, geroagokoa da. Zaharberritu egin nahi dute, baina momentuz ez dute dirurik». Nafarroan aurkitutako beste paper pintatuaren arrastoa galduta dagoela zehaztu du: «Nafarroako Gobernuko atarian topatu nuen argazkia. Oltza zendeako Ororbiako udaletxean zegoen paper bat zen, baina gaur egun inork ez daki non dagoen. Landa eremu baten paisaia panoramikoa da, zuri-beltzean, orein, zaldi eta txakurrekin. Ehiza eszenak geroagokoak izan ohi ziren, 1850 eta 1860 bitartekoak, eta hauek ez ziren serieak, eskuz margotuak baizik. Iruñean egingo zituztelako susmoa daukat».
Hiru lantegi
Euskal Herrian paper pintatuak egiten zituzten hiru lantegi zeuden: Donostian, Gasteizen eta Iruñean. «1845etik 1880ra egon ziren aktibo gutxi gorabehera. Donostiakoa Gipuzkoa izena zuen; Juan de Bilbao kalean zegoen. Gerora Baroja inprenta egon zen lekuan». Gasteizkoak Santa Isabel zuen izena; 1846an zabaldu zuten. Eta Iruñekoa Viuda de Ribed e Hijo zen. Garai hartan garrantzi handia izan zuen. Bernardina Piedramillera izan zen fabrika haren jabea, hau ere 1846an sortutakoa.
Emakumeek arte honetan izan zuten garrantzia ere aipagarria da. Paper txikiak kolaztatu eta hamar metro arteko paper-biribilkiak egiten zituzten. Lana nekeza zen, eta prozesua, luzea. Kolore bakoitzerako xafla bat behar zen; hortaz, zuhaitz batek berde tonu ezberdinak bazituen, kolore bakoitzeko xafla bat behar izaten zen. Pigmentu naturalak erabiltzen ziren. Gerora kobrezko arrabolak etorri ziren. Orduan aro industriala hasi zen; prentsa errotatiben garaia, alegia.
Liburua
Paisajes de Ensueño. Papeles pintados del siglo XIX. (Amets-irudizko paisaiak. XIX. mendeko paper pintatuak) liburua 2022an argitaratu zen. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen babesari esker argitaratu zen lana, Mitxelena inprentaren monografikoen sailean. Orotara 182 orrialde ditu eta argazki ugariz dago apainduta.