Arralden bizi izan diren eta oraindik bertan bizi diren sei lagun Urreta landetxean elkartuko dira asteburu-pasa. Asteburu kezkagarria izango da, inondik ere. Intrigaz betetako asteburua. Umorez eta maitasunez betetako asteburua. Hori guztia baita Goenkale. Euskal Herriko telesailik zaharrena antzokietan ikusteko aukera dago, ostiralaz geroztik. Hemezortzi urte bete eta gero, antzerkiak telesailari egin nahi izan dion omenaldi beroa da.
Yannick Bergara, Carlos Nguema, Felix Arkarazo, Maria Cruickshank, Xabier Perurena eta Ylennia Baglietto dira Goenkale antzezlaneko protagonistak. Ezagunago egingo zaizkio ikusleari, ordea, Rakel, Nelson, Andoni, Itsaso, Ibon eta Eider. Duela urte batzuk utzi zuten telesaila lehen hirurek, eta berriz ere Goenkale-ren parte izateko aukera ezin hobea izan da antzezlana eurentzat.
Faltan sumatzen dutela aitortu baitute Bergarak, Nguemak eta Arkarazok. «Egunero-egunero». Arkarazoren esanetan, gainera, ba omen daude gauza batzuk gogoan geratzen direnak, eta noizean behin haien «falta eta nostalgia» sentitzea saihestezina da. «Izan ere, hainbeste urtetan hainbeste jende ezagutu duzun telesail batean ibili ondoren, azkenean sustraiak errotzen dira».
Gainontzeko hirurek ez dute Goenkale-ren falta sumatzeko denborarik izan. Telesailean ari dira egun, eta han ari zirela jaso zuten antzezlanean parte hartzeko deia. Perurenak ez zuen espero bera aukeratzea, baina «ilusio handia» egin zion. «Goenkale-k duen izenarekin, eta Goenkale-ren lehen antzerkia izanda, ezinezkoa da horri ezetz esatea», haren ustez. Gainera, esperientzia «polita» ari omen da izaten.
Goenkale-k pertsona eta profesional gisa hazteko aukera eman die denei. Kameren aurrean aritzeko erraztasuna lortu dute denborarekin. Konfiantza euren buruarekin. Dena den, erronka ezberdina da antzezlanean parte hartzea. Alde handia dago kamera aurrean eta jendaurrean aritzearen artean. «Keinuak, ahotsa... dena da ezberdina», Perurenaren iritziz. Arkarazoren ustez, ezin dira alderatu Goenkale telesailean hartzen den esperientzia eta antzerkiekin hartzen dena. «Ia egunerokoa da hango jarduna, eta antzerkigintzan hartutako esperientzia, lan asko egin izanagatik ere, oso aldizkakoa denez, antzezlan bakoitzean aritzea lehen aldia izango balitz bezala da».
Jendearen iritziaren zain
Antzerkiaren handitasuna ez da neurtzen eraikinaren tamainaren arabera. Beste elementu batzuk dira antzerkia handi egiten dutenak. Edozein antzokitako taula gainean ari diren protagonitak dira handiak. Egiten duten ahalegina da handia. Keinuak, mugimenduak dira handiak. Ozen eta garbi hitz egin behar da denek entzun dezaten, eta gorputza erabiltzen ere ikasi egin behar da. Horregatik dira hain ezberdinak telebista eta antzerkia. Horregatik, agian, ikusleak moldatuta ikusiko ditu pertsonaiak Goenkale berri horretan. Hori ere, «erronka pertsonala» izan da guztientzat.
Azken asteetan aritu dira guztia prestatzen Eibarko Coliseo antzokian. Urduri daude. Beldur pixka batekin ere bai. Baina, batez ere, gustura daude. Euren aurpegietan nabari da. Elkarren artean tratu ona dagoela ikusten da. Ondo moldatzen direla, alegia. Ikusleak ere nabarituko du konplizitate hori, eta orduan emango du bere epaia. Aktoreek euren eskuetan dagoena baino ez dute egin behar: antzeztu. «Gure esku dago telebistatik antzerkira pertsonaiak moldatzea, baina ez dago gure esku jendeak zer espero dezakeen. Beldurra daukagu jendeari gustatuko zaion edo ez».
Urteek ematen duten beldurra da. Goenkale Euskal Herriko etxe askotako kide bat gehiago izan baita. Jende askok maite du. Urteetan telesailetik hainbat pertsonaia pasatzen ikusi eta gero, antzezlanean sei baino ez ikusteak bat baino gehiago harrituko du. Baina taula gaina txikia da, eta «ez dago denentzat lekurik», Bergararen ustez. Dena den, «obra erakargarria eta erritmo aldetik indartsua» eginda, inork ez du pertsonaiarik faltan sumatuko, Arkarazo eta Perurenaren arabera.
Protagonisten beste beldurra da, kontatuko duten istorioak ez ote dituen aseko ikusleak. Hemezortzi urteko telesail bat ordu eta hogei minutura laburbiltzea ez da batere erraza. Goenkale-k eskaintzen dituen mila aukeretatik bat da honako hau.
Ezarian
Pantailatik taula gainera
Hemezortzi urte egin ditu telebistan 'Goenkale' telesailak, eta omenaldi bat eginez antzerkiratu egin dute Pausoka eta Glu Glu ekoiztetxeek, Jokin Oregiren zuzendaritzapean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu