Pantaila txikiko sagarraren hozkada

Plataformen botere oreka berria, proiektu xumeen arrakasta eta nostalgiaren aroa izan dira 2022ko gako nagusietako batzuk

Adam Scott aktorea, Severance telesailean. ATSUSHI NISHIJIMA.
Mikel Yarza Artola.
2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
«Aurtengoa bai, Netflixen urtea izango da». Hori esanez abiatu zen 2022a, baina Appleren CODA filmak irabazi zuen Oscarra, eta aurrea hartu zion streaming-aren erraldoiari. Antzeko zerbait gertatu da telesailetan ere; urratsez urrats, Apple TV Plusek lehiakide guztiei egin die hozka.

Gary Oldman, Uma Thurman, Samuel L. Jackson, Anne Hathaway, Jared Leto, Nicole Kidman... Hollywoodeko izarren egoitza berri bilakatu da sagarraren plataforma, baita aurtengo telesail onenarena ere. Severance-n, Ben Stiller komediagileak kapitalismoari eta kontrol sistemei buruzko satira garratz bat osatu du, zortzi orduko lan jardunaldiaren arrakaletan murgilduta.

Appleren urteko beste plater nagusia Prehistoric Planet izan da. David Attenborough naturaren historiako dibulgatzaile nekaezinak duela 66 milioi urteko dinosauroen aroa birsortu du CGI teknologiaren bidez. Plataformak Pachinko drama epikoa baliatu du 1930eko hamarkadan Japoniak kolonizaturiko Korearen erretratu intimista osatzeko, eta urte berean plazaratu ditu Slow Horses espioitza thriller gozagarriaren bi denboraldi.

Bien bitartean, Netflix gozotik gazira igaro da. Dahmer eta Wednesday telesailek audientzia marka bikainak eta fan fenomenoaren hauspoa lortu dituzte; ez, ordea, Mindhunter, Sex Education edota The Queen's Gambit lan garaikideen freskotasuna. Guillermo del Tororen antologiazko Cabinet of Curiosities izan da plataformaren urteko proposamenik ausartenetako bat, generora horren lerratuta egoteak irismena mugatu dion arren.

Hori nahikoa ez, eta Netflixek aurten bi krisi handiri egin behar izan die aurre. Harpidedun zifrek behera egin dute hamar urtean lehen aldiz eta joera hori iraultzeko atalen artean publizitatea txertatzeko asmoek onarpen eskasa izan dute. Zorionez, bada negozioetatik harago goratu beharreko proiektu seinalatu bat.

Danimarkarren erreinua

Hamarkada bat geroago, Borgen drama politikoak itzulera inspiratua egin du, Netflixen. Klima aldaketa, nazioarteko itunak, botere lehia... aktualitateari itsatsitako hamaika gai adierazgarri jorratu ditu, betaurreko feministekin. Txanponaren beste aldean dago Riget Exodus, Danimarkak sekula eman duen zinemagile bortitzenaren nobedadea. 25 urteren ostean, Lars von Trierrek eraberritze lanak egin ditu bere ospitale madarikatu propioan, eta frogatu du oraindik ere parekorik gabeko ahotsa dela, probokazioaren artean.

Qatarren urtean, futbolak ere igo du pantaila txikiko tenperatura. FIFA Uncovered dokumentalak munduko kirol erakunde boteretsuenaren egiturazko ustelkeria salatu du. Bien bitartean, Anne fikzio hunkigarriak hiru hamarkada egin ditu atzera, Liverpooleko 97 zale harmailetan hil zirela oroitzeko eta doluari buruz bihotzetik hitz egiteko.

Futbolari loturikoa izan da Euskal Telebistaren aurtengo apustu nagusia ere: Irabazi arte telesaila. Go!azen musikalaren tankeran, nerabeei bideraturiko ekoizpen arina da, eta ETBren helduentzako fikzio eskaintza eskasaren erakusle ere bai. Hutsune hori betetzen ahalegindu dira beste bi euskal ekoizpen. Amazonen abenturazko Sin límites, Elkanoren mundu birak 500 urte bete dituen honetan, eta Netflixen Intimidad thriller politikoa, Bilboko Udala eta eskandaluak ardatz dituen lana.

Tronua vs eraztunak

House of the Dragon vs The Rings of Power. HBO vs Amazon, Game of Thrones vs Eraztunen jauna... mitologia eta sinbologia paretsuetatik edaten duten bi proiektu aritu dira aurtengo telebista norgehiagoka nagusian. Zale amorratuek lupaz aztertu dituzte, baina bietako bakar bat ere ez da gai izan haien arbasoei itzal egiteko. Remake-en garaian, bidezidorra, lasterbidea lehenetsi dute, eta hori ez da egokiena, botere lehia konplexuak eta zuri-beltzen arteko eskala grisak esploratu nahi direnean.

Haien aldean, haize berria ekarri du Somebody Somewhere komedia estatubatuar kostunbristak, lodifobiaren tabuak apurtzeko asmoz. Downton Abbey-ren sortzaileak, berriz, AEBetako aristokraziaren urrezko aroa marraztu du The Gilded Age nobedadean, eta David Simon gizarte kronikari nekaezinak We Own This City baliatu du The Wire eternalaren unibertsora itzultzeko.

Baina HBOrentzat ere urte gorabeheratsua izan da. Warner eta Discovery korporazioen fusioa tarteko, hamaika ekoizpen propio bertan behera utzi eta katalogotik ezabatu dituzte. Tartean Westworld, behinola Game of Thrones laudatuaren oinordeko izendatu zutena. Bien bitartean, Disney Plus ahalegindu da frankizia handietatik aldendu eta telesailen jokaleku zabalean eragiten, Moon Knight, Pistol, Candy eta The Old Man-ekin. Beste urtebete beharko du, gutxienez, pantaila txikiko loria dastatzeko.

Horrenbeste izen handiren artean, adi. Oharkabean igaro da urteko harribitxi nagusietako bat. Martin Freeman aktore ezagunak gauez lan egiten duen polizia agente oinazetu baten rola jokatu du The Responder telesail britaniarrean. Canal Plusen eta Movistar Plusen dago ikusgai, Ipar eta Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.