Hasieran gustu garratza du, baina segituan «aho zapore bikaina» uzten du aurtengo sagardoak. Horrelaxe deskribatu dute Amak taldekoek sagardotegi garaiaren irekiera ekitaldian dastatu duten sagardo tragoxka. Lau musikariak izan dira, hain zuzen ere, 2022ko sagar upategiak estreinatu dituztenak, eta, usadioari jarraiki, «gure sagardo berria» oihukatu dutenak, Astigarragako (Gipuzkoa) Gurutzeta sagardotegiko inaugurazio saioan, atzo.
[Youtube]https://www.youtube.com/watch?v=r43vvz53oBs[/Youtube]
Artistak, ikusle bihurtuta
Lehen sagardo tragoa dastatu aitzin, taldekideek ikusle lanak hartu dituzte, eta gonbidatuari eskaini ohi zaizkion sagar dantzaz eta sokadantzaz gozatu dute. Sagardotegi barruan, berriz, aurtengo sagar elixirraz «txundituta» agertu dira laurak: «Fresko-freskoa dago, indar oso handia du ahoan, eta zapore zinez paregabea».
Gustu berezi horren arrazoia ekoizleek eurek argitu dute. Izan ere, pandemia egoeratik eratorritako ostalaritzaren itxialdiak produktuaren eta bere ekoizpenaren zaintza are gehiago zorroztera eraman ditu sagardogileak, «inoizko uztarik handieneko urtean»: bederatzi milioi litro inguru ondu, eta 115 sagar mota baliatu dituzte; horrexegatik zaporearen intentsitate berezia. Azaldu dutenez, aurtengo sagardoak zitriko lurrina du, eta zapore mingots bezain atsegina uzten du ahoan.
Txotxa orduko, baina, Amak-eko kideek sagardotegi garaiaren hasierari dagokion beste ekintza handian ere parte hartu dute: lehendabiziko sagarrondoa landatu dute. Sagarrondotik ernalduko diren kimu berriak ostalaritzak beharrezkoa duen haize berriarekin alderatu dituzte agerraldira joandako ostalariek: «Ziurgabetasunezko aldi ilun batetik gatoz, eta, normaltasunera bidean, etorkizunari urduri baina ilusioz gainezka begiratzen diogu».
Amak-eko kideek ere modu bertsuan irudikatzen dute bai aurkezpenean bizitakoa, bai etortzeko dagoena. Telletxeak eta Lizarribarrek sagardoarekin daukaten lotura izan dute ahotan: «Familiatik datorkigun ondarea da, senide batzuk sagardogileak izanik, gu geu ere tolarean ibiliak baikara, sagarrak zapaltzen».
Sagardogile, ostalari eta musikari ogibideak «parekotzat» dauzkate, «hirurek baitute artisautzatik». Hori hala, denboraldi irekieran parte hartzeko gonbita ekoizleek bezala bizi dute, alegia, «urduri, baina ilusioz gainezka».
ATZEKOZ AURRERA
Pandemia urte, sagar urte
2022ko sagardo garaia abian da: Amak taldeko kideek dastatu dute aurtengo lehen sagardoa. Ekoizleek uzta oso ugaria izan dute, eta bederatzi milioi litro sagardo inguru ekoitzi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu