Negu luzearen ostean, COVID-19ak ia ez du utzi udaberriarentzako lekurik. Konturatu orduko, uda ate joka dago, askorentzako urte guztiko lanaren ostean, atseden hartzeko unea. Aurtengo oporrak, baina, birusak eragindako «normaltasun berri» batean egin beharko dira, eta turismo ohitura batzuk osasun neurrietara egokitu: metro eta erdiko distantzia, maskara eta etengabeko desinfekzioa, besteak beste, izango dira egunerokohorretako errutina berria.
Autokarabana aukera on bat izan daitekeela uste dute sektoreko erabiltzaileek eta saltzaileek. Ainara Etxarte da Andoaingo (Gipuzkoa) Itsas Mendi Autokarabanak negozioaren jabeetako bat, eta era horretako ibilgailuak saltzen dituzte. «Euskal Herrian, Espainiarekin alderatuta, beti izan gara autokarabanazaleak», azaldu du Etxartek. Gurasoek orain dela 40 urte hasitako enpresan,urteak daramatza lanean. Konfinamendua dela eta, denda itxi behar izan zuten. Arintze neurriekin batera, berriz, pixkanaka negozioari martxa hartzen ari dira berriz ere. Hain zuzen ere, autokarabanen gaineko interesa nabarmen handitu dela adierazi du: «Konfinamendua baino lehenago ere, gorako joera batean zegoen sektorea. Azken asteetan dei asko jasotzen ari gara, baina gehienak kontsultarako dira». Aldiz, adierazi du jendea jabetzen dela koronabirusaren albo kalteen ondorioez. Krisi ekonomiko baten gaineko kezka dagoela adierazi du Itsas Mendikoak, eta horregatik dio jendeak «oinak lurrean jarriak» dituela.
Erreserbaz lepo
Itziar Goenagak ere sektore horretako negozioa du Azpeitian (Gipuzkoa), Flying Autokarabanak, baina alokatu egiten ditu. Goenagak azaldu du larrialdi egoerarekin «kezka handia» izan zutela, bezeroek erreserbak bertan behera utzi baitzituzten: Aste Santua, San Jose eguneko eta Maiatzaren Leheneko zubiak, baita udako hilabeteetarako itxiak zituzten hainbat erreserba ere. Aldiz, uste zutenaren aldean, interes handia nabaritu dute gobernuak konfinamendua arintzeko neurriak hartuz joan diren heinean: «Bezeroek familiarekin atseden hartu eta disfrutatu nahi dute. Etxetik atera nahi dute». Lau autokarabana dituzte, eta abuzturako ez dute ia ibilgailurik libre. «Ekainean eta uztailean ez genuen erreserbarik espero», aitortu du Goenagak, baina erantsi du hilabete horietarako erreserben «erdibidean» direla dagoeneko.
Autokarabanak alokatu egiten dituztenez, dituzten lau autokarabanak bezero desberdinek erabiltzen dituzte. Horrenbestez, segurtasuna bermatzeko neurriak zorroztu behar izan dituzte Flying autokarabanetan: «Desinfekzioa beti izan da gure ardatz nagusietako bat. Ni maniatikoa naizelako, baina baita bezeroek asko baloratzen dutelako». Antzera aritu da Goenaga, eta gaineratu du orain arte autokarabanak garbitzeko erabiltzen zituzten produktuak eta Osasun Ministerioak agintzen dituenak berberak direla, garbiketari dagokionez; beraz, aurretik ere betetzen zituztela beharrezko neurriak. «Ibilgailuak erakusteko protokoloa, horixe zorroztu behar izan dugu».Eskuak garbitzea eta maskara eta oinetakoak estaltzekoa jartzea derrigorrezkoa da autokarabanak ikusteko. Bideo batzuk prestatzen ari direla ere jakinarazi du, interesa dutenekin «kontaktua ahalik eta gehiena saihesteko».
Etxartek adierazi du bere gurasoen bezeroen seme-alabetako batzuk, gaur egun ere, Itsas Mendi autokarabanetako bezeroak direla. «Denetarik dugu, betidanik gurekin izan direnak eta berriak. Erretirodunak eta bikote gazteak ere bai».
Goenagaren negozioak bi urte eta erdi ditu, eta askotarikoa dira euren bezeroak ere. Gainera, azaldu due, aurtengo egoera dela-eta autokarabana lehen aldizalokatzera animatu denik ere badela. «Autokarabana alokatzeko ideia aspalditik zutela esan izan digute, eta oraingo egoerak bultzadatxoa eman diela». Beldurrarekin eta segurtasun neurriekin lotzen du Goenagak, ibilgailu horren gaineko interesa areagotzea.
Felix Alvarez Tximeleta autokarabanista nafarren elkarteko zuzendariaren arabera, «autokarabana etxetxo txiki bat da, zelai oso handi batekin». Orain dela 13 urte sortu zen elkartea, eta, gaur egun, 100etik gora kidek osatzen dute. Alvarezen arabera, autokarabana da gaur-gaurkoz turismo motarik «seguruena»: «Zure etxea da. Zu eta zuk nahi duzuna baino ez da sartzen ibilgailuan. Osasun neurriak betetzen badituzu, bermatua duzu segurtasuna». Autokarabanen abantailei dagokienez, Alvarezek esan du oso «moldaerraza» dela: ez du hoteletan eta bestelakoetan egonaldiko erreserbarik behar, eta gustuen arabera hartu daitezke erabakiak. «Leku batean gau bakarra pasatzeko asmoa banuen, baina gustatu bazait, egonaldia luzatu dezaket. Eta alderantziz», adibidea jarri du Tximeletako lehendakariak. Izan ere, autokarabanentzako egokitutako gune asko daudela azaldu du: «Ez duzu zertan kanpin batera joan». Hain zuzen ere, gune horien sustapenean egiten dute lan Tximeletakoek. Nafarroako udalei ibilgailu mota horrentzako guneak eta parkinak eraikitzeko laguntza eskaintzen dute.
Autokarabana guneak
Koldo Zabarte gasteiztarra Sorbeltz autokarabanista elkarteko kidea da. Haren uste, aurten, COVID-19aren ondorioz, gora egingo du turismo mota horrek. Askorentzat, autokarabana batekin bidaiatuko duten aurreneko aldia izango da, eta, horregatik, hainbat gauza azpimarratu ditu: «Gaua edozein tokitan pasa daiteke, betiere, erreserba natural bat ez baldin bada. Aldiz, ezin dira toldoak zabaldu edo bestelako tresnak atera». Hori egin nahi dutenek kanpinetara joan behar dutela gogorarazi du Zabartek. Sorbeltzekoa bat dator Alvarezek aipatu dituen abantailekin: segurtasuna eta moldagarritasuna. Hala ere, iruditzen zaio Europako beste herrialdeekin alderatuta, Euskal Herrian ez daudela autokarabanentzako egokitutako nahikoa gune; eta, gainera, uste du txiki geratuko direla aurtengo «gorakadarekin».
Autokarabanek nonahi aparka dezaketen arren, horientzako propio egokitutako guneetan aparkatzeko deia egiten dute ohiko erabiltzaileek. Askotarikoak daude: doakoak, publikoak, pribatuak, ordainpekoak, eta gune bakoitzak zerbitzu desberdinak ditu; hala nola ura betetzeko eta ur zikinak husteko aukera, elektrizitatea, merenderoak... Horiek guztiak zaintzeko eta autokarabanaren erabilera egokia egin dadin sustatzeko, Sorbeltz elkarteak dekalogo bat sortu du, arau eta gomendioekin.
Bere aldetik, Alvarezek erabiltzaile berriei gomendatu die «ez daitezela arriska»; izan ere, jende askok autokarabana erosi ostean ikusten du ez dela espero dutena: «Aloka dezatela. Probatu dezatela, eta ikus ditzatela abantailak eta desabantailak, eta, gero, erabakiko dute ea erosi nahi duten edo ez». Flying autokarabanetako Itziar Goenagak azaldu du eguneko prezioa 115 eta 160 euro bitartekoa dela. Goenagak enpresa batekin alokatzearen garrantzia azpimarratu du: «Profesional batekin alokatzen duzunean, segurtasuna bermatua duzu, enpresek garbiketa protokoloak egiaztatu behar ditugulako». Legezkotasunaren auziaz harago, sektorean dagoen intrusismoa salatu du, eta horrek zer arazo izan ditzakeen aipatu du: «Norbanako bati alokatuz gero, eta edonolako istripu bat egonez gero, seguruek ez dute kalte-ordainik pagatuko».
Andoaingo Itsas Mendin eskaintza zabala da: autokarabanez gain, camper erako furgonetak ere saltzen dituzte, eta berriak zein bigarren eskukoak dituzte: «Jendea ideia batekin etorri ohi da, eta guk euren asmoetarako hoberen egokitzen dena aholkatzen diegu». Edonola ere, aurtengo uda «berezi»honetan, bat datoz bai erabiltzaileak eta bai sektoreko langileak, alegia, etxetik gertu dauden inguruak ezagutzeko aprobetxatu daitekeela: «Beldurragatik-edo, jende asko ez da urrutira joango, hemengo txoko asko ezagutzeko aukera ona da», esan du Zabartek. Alvarezek ere antzera uste du: «Askotan, Europara edo oso urrutira jotzen dugu, eta ez ditugu ezagutzen gure inguruko leku asko».
Pandemia sasoiko oporrak
Aurten, 'normaltasun berria' izendatu duten horrekin batera iritsiko da uda. Birusa ez da desagertu, eta egoera berezi horretara egokitzeko alternatiba on bat izan daitezke autokarabanak. Sektoreko langileek nabaritu dute handitu egin dela horien interesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu