Palindromoa: azti hitza

Ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen den hitz edo esaldia da palindromoa, eta haren inguruko bi erakusketa, liburu bat eta lehiaketa bat antolatu dituzte, euskaraz. Markos Gimeno palindromogilearen lana aitortu dute.

PALINDROMOA. APOSTULUAK
Markos Gimenok egindako palindromoa, Unai Iturriagak diseinatutako kartelean.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

«Nazi bi Ibizan». «E, so gara, gose!». «Azekin, etenik eza». «Arraina: klabe balkaniarra». «Ala, to txapela, bale, Pax totala...». «A! Zebrak ekar beza!». «Ugazaba lako kalabaza gu». «Ero makina, ta nik amore». «Ero maite, beti amore». Eivissan (Herrialde Katalanak) gosetutako bi nazik izandako solasaldi bitxi bat dirudi; aza eta arraina dituzte jateko, eta zebra bat dago tartean. Ez da hori, nahiz eta hitzekin egindako jolasak hori iradoki dezakeen: esaldi bakoitza palindromo bat da; Markos Gimeno palindromogilearenak dira, hain zuzen ere.

Palindromoa testu kapikua da. Ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen den hitza edo esaldia da; «eme» eta «arra» palindromoak dira, esaterako. Euskarazko palindromorik zaharrena —behintzat, gaur egunera arte iritsi dena— Agosti Xaho idazleak egin zuen: «Azti hitza». Metapalindromo bat dirudi, hau da, palindromoa definitzeko erabilitako palindromoa. «Duela mende asko, kanpotik etorritako izakien, aztien, jainkoen eta deabruaren hitzekin lotzen zuten palindromoa. Ezkutuan dauden mezuak agertzen direnez, sinetsi izan da mistikoa dela», azaldu du Itziar Aranburuk, Bigara taldeko kideak.

Sinesmenak sinesmen, palindromoa hitz joko bat da; «jolas serio bat», Aranbururen arabera. Euskal gizartean zabaltze aldera, euskarazko palindromoekin lotutako denetariko egitasmoak antolatu dituzte hainbat herritarrek: Bigara taldeak —sormen prozesuetan dihardu—, Joseba Sarrionandia idazleak, Esteban Montorio Monti diseinatzaileak eta Markos Gimeno palindromogilearen gertuko pertsonek, besteak beste. Mañarian eta Gernika-Lumon (Bizkaia) erakusketa bana, liburu bat, tailerrak eta lehiaketa bat nabarmenduko dira palindromoen aurtengo uztan. Euskarazko palindromoen lehiaketa abenduaren 16tik 2024ko otsailaren 29ra egingo dute. BERRIA izango da babeslea.

Palindromoen historiari heltzeko, ordea, mende bat atzera egitea komeni da. Izan ere, 1923an euskarazko palindromoen lehiaketa bat antolatu zuen Euzkadi egunkariak. Zehazki, 1923ko abenduaren 16tik 1924ko otsailaren 29ra egin zuten norgehiagoka; aurtengo lehiaketaren epea duela mende batekoaren bera izatea erabaki dute antolatzaileek. 1923ko palindromo lehiaketaren antolatzailea Ebaristo Bustinza Kirikiño idazlea izan zen; hark zuen Euzkadi-ko «euskal gaien» ardura.

Debekua

1923ko irailean, Miguel Primo de Riverak estatu kolpea eman zuen Espainiako Estatuan, eta debekatu egin zuen euskara eremu publikoan erabiltzea. Testuinguru horretan antolatu zuen Kirikiñok lehiaketa: «Euzkadi aldizkariaren aleak egunez egun ikusita, ohartu gara irailaren 13an eta 14an badaudela atal batzuk euskaraz, baina irailaren 15etik aurrera dena gaztelania hutsez idatzi zutela. Urriaren erdialdean, Temas Euzquericos [Euskal gaiak] atala jarri zuen abian Kirikiñok. Handik gutxira, azaroan, lehiaketa bat jarri zuen martxan: alfabetoko —agaka deitzen zioten— letra guztiak erabilita ahalik eta esaldi motzena egitea proposatu zuten», azaldu du Aranburuk.

Abenduan antolatu zuten palindromo lehiaketa. Norgehiagoka haren garrantzia nabarmendu du Aranburuk: «Euskara erabiltzea debekatuta zegoen garai batean, lehiaketa horiek baliatu zituen Kirikiñok egunkarian euskara bizirik mantentzeko. Berak dena gaztelaniaz idazten zuen, baina parte hartzaileek bidalitako testuak euskaraz ziren». Lehiaketaren helburua ahalik eta palindromorik luzeena bidaltzea zen, eta 150 baino gehiago jaso zituzten erredakzioan. Gehienak Mundakako (Bizkaia) Bernardo Garro Otxolua-k bidali zituen, B. Egitiz ezizenarekin; 134, hain zuzen.

Garaileetako bat, ordea, Txadin ezizena zeukan emakume bat izan zen. Hark egin zuen euskarazko palindromo luzeena: «Akitika aruat anuduna, neurekin ta orra zelan ama mattia gaiti amaman alez arro at nik eruen anuduna ta ura akitika». Txapelketa hori ikertzen aritu direnean topatu duten beste bitxikeria baten berri ere eman du Aranburuk: «Kirikiñok Madrilen lizentzia ikasi zuenean, haren ostatu berean egon zen bizitzen Miguel Primo de Rivera. Kirikiñok esan zuen bere euskaltzaletasuna indartu zuela harekin bizitzeak».

Gimenoren palindromoa, Montiren kartelean.
Gimenoren palindromoa, Montiren kartelean.

Kirikiñoren jaiotetxean, Mañarian, Hontza natur zientzien museoa dago, eta, datorren urteko martxoaren 15era arte, Abere ba. Kirikiño eta animalia palindromoak erakusketa izango da ikusgai. 1923ko lehiaketaren nondik norakoak azaltzeaz gain, palindromoen eta animalien arteko lotura nabarmentzen du erakusketak. Abere ba obra grafikoaren zati bat erakutsiko dute.

Markos Gimeno

Palindromoekin lotutako beste erakusketa bat inauguratu zuten herenegun Gernikako Euskal Herria museoan: Markos Gimenoren Karteletrak erakusketa, hain zuzen. Gimenok egindako palindromoekin eta hitzperimentuekin sortutako kartelek osatuko dute. Batzuk Gimenok berak egin zituen, eta beste asko hainbat artistarenak dira; Montirenak, Vicente Roscubasenak eta Unai Iturriagarenak, adibidez. Apirilaren 28ra arte egongo da ikusgai. Denetariko tailerrak, jarduerak eta kontzertuak ere antolatu dituzte.

Horiek guztiak ez ezik, Joseba Sarrionandiak Markos Gimenoren 101 Letrakartel liburua egin du, eta Durangoko Azokan aurkeztuko dute, abenduaren 8an. Gimenoren palindromoetan oinarritutako 101 kartelek eta haien bueltako hausnarketek osatzen dute liburua; Monti arduratu da edizio grafikoaz. Gernika-Lumoko erakusketan eta Sarrionandiaren liburuan azaltzen diren kartelak «icerbergaren punta» direla azaldu du Montik: «Urte osoko lan handia izan da, eta kanpoan geratu dira kartel eta testu asko. Horiek etorkizunean egingo diren erakusketetan edo argitalpenetan azaleratzea espero dut», aitortu du, eta «talde lana» goraipatu.

Izan ere, egitasmoaren antolatzaileek Gimenok egindakoa nabarmendu dute. Hitzekin esperimentatzen zuela esan du Aranburuk: «Polifazetikoa» zela. Hitz jokoetan eta, zehazki, palindromoak egiten eta parte hartzea sustatzen «oso emankorra» izan zela azaldu du. «Batzuetan badirudi euskaraz egiten denak oso zuzena izan behar duela, eta berak mugak gainditzen zituen. Umorearen bidez, ilogikaren mugan dauden gauzak egiten zituen, eta hausnarketa itxura dute». Hau da Gimenoren palindromo ezagunetako bat: «Esanik erruz egi bat ta bi gezurrekin ase».

Markos Gimenoren palindromoa, haren besoan tatuatuta.
Markos Gimenoren palindromoa, haren besoan tatuatuta.

Sarrionandiak Markos Gimenoren 101 Letrakartel liburuan nabarmendu du Gimenoren obra «liluragarria» dela «edozeinen gogo ernerentzat». Honela dio: «Haren kartel palindromiko bakoitzak sorpresa linguistiko bat aportatzen du. Uste dut, euskal komunitate duin, alai eta sortzaile baten parte sentiarazten gaituela».

Haren laguna zen Iratxe Ugalde, eta parte hartu du egitasmoan. Informatikaria denez, palindromoak katalogatzen lagundu du: «Oso eskertuta nago Montirekin eta Josebarekin, gertutasunagatik, sentiberatasunagatik eta esku artean dugun altxorraren dimentsio berria deskubritzera eraman gaituztelako: ludo linguistikoa».

Lehiaketa

Guztia borobiltzeko, abenduaren 16an hasiko da euskarazko palindromoen lehiaketa. Duela mende bateko egun beretan antolatuko badute ere, helburua ez da bera izango: «Oraingoan, ez gara arituko palindromo luzeenaren bila. Jostalaria izatea nahi dugu, eta esangura izatea. Lehiaketaren helburua da jolas hori sustatzea», esan du Aranburuk.

Palindromoak bultzatzeak euskararen normalizazioari ekarpena egiten diola adierazi du Aranburuk, hizkuntzara jolasaren bidez gerturatzeko modu bat delako: «Palindromoen bidez, etengabeko elkarrizketa bat duzu hitzekin».

Basauriko (Bizkaia) Rober Peramentok ere parte hartu du proiektuan; palindromogilea da. Aitortu du «munduari zentzu bat topatzeko» egiten dituela, eta, finean, palindromogintzaren apologia sutsua egin du: «Palindromoak bilatzeak hizkuntzaren espektroa zabaltzen dizu, betaurreko infragorriak janzten dituzunean bezala. Hizkuntzari eta hitzei begirada normalarekin ikusten ez dituzun koloreak ikusten dizkiezu. Hitzen azpimundu kuantikoan sartzen zara. Eta hortik ateratzean, mundu normalean, arintasun berezi batekin ibiltzeko superboterea ematen dizu».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.