A24 ekoiztetxe ospetsuak ekoitzia da Mo telesaila, eta Mo Amer protagonistaren benetako bizitza du oinarri, hau da, Amerrek berak jokatzen du bere buruaren rola; gizon zintzoa da, sarkastiko samarra eta apur bat despistatua. Harrapatuta dago bere familiaren kultura palestinarrarekiko leialtasunaren eta gizarte estatubatuarrera egokitzeko beharraren artean. 22 urte daramatza asilo eskaera onartzeko zain.
Mo Amer bera, Ramy Youssef egiptoarra eta Azhar Usman indiarra dira sortzaile eta gidoilariak. Telesaila une hunkigarriz eta umoretsuz busti dute; tonuari eta gaiari dagokienez, Master of None eta Ramy telesailen kutsua du.
Mo Yusra amarekin (Farah Bsieso) eta Sameer anaiarekin (Omar Elba) bizi da protagonista —anaiak Aspergerren sindromea du—. Bikotekidea mexikarra du, Maria (Teresa Ruiz). Nick nigeriarra du lagunik onena (Tobe Nwigwe rap kantaria). Hala aktoreen nola pertsonaien jatorria ikusita, agerikoa da sortzaileek multikulturalismoaren eta kosmopolitismoaren alde egin dutela.
Istorioaren muina orainaldian girotua dagoen arren, zenbait flashbacketatik abiatu eta protagonistaren iraganeko sekretu batzuk azaleratuko dira —familiak ihes egin zuen 1991n, Golkoko Gerra betean, eta Moren aita torturatu egin zuten—. Gertakari dramatiko batzuei aipamena egingo zaien arren, tarterik tirabiratsuenetan ere ez da tonu solemnea nagusituko inondik ere; telesailak umore beltza izango du helduleku nagusia.
Ikuspegi freskoa eta umoretsua erabiliz, identitatea, familiako gatazkak eta etorkin izatearen esperientzia aztertuko ditu, besteak beste. Tonu lotsagabearen bidez, Mok modu eskuragarrian jorratuko ditu gai serioak. Immigrazioaren prozesu mingarria azaleratuko du, bi munduren arteko linbo moduko batean bizitzean sortzen diren zailtasun legalak eta emozionalak barne, baina arintasuna eta umorea alboratu gabe.
Zinez gomendagarria da telesaila jatorrizko hizkuntzan ikustea; izan ere, hizkuntzen erabilerak berebiziko garrantzia du pertsonaien konplexutasun kultural eta pertsonalak erakusteko. Telesailak oso modu naturalean nahasten ditu ingelesa, gaztelera eta arabiera; protagonistaren eta haren ingurukoen errealitate soziolinguistikoa tramaren beste erpin bat izango da. Agerian geratuko dira Palestinako sustrai kulturalen eta Estatu Batuetako bizitzaren arteko talkak, baita loturak ere. Pertsonaiarentzako une garrantzitsuetan Palestinako arabiera erabiliko da, jaioterriarekin eta historiarekin duten lotura emozionalean sakontzeko. Hizkuntza umorerako tresna ere izango da, pertsonaiak ingelesez komunikatzen saiatzen direnean batez ere.
Drama eta komedia modu naturalean nahasteko abileziagatik nabarmentzen da telesaila; atal bakoitzean, barreak eta gogoetak nahastuko dira. Aldi berean, nortasun kulturalari, egokitze prozesuari eta immigrante baten bizitzari datxezkion zailtasunei buruz hausnartuko du, betiere oso benetakoa den ikuspegi pertsonal batetik.
Telesaila freskoa, zintzoa eta dibertigarria da; begirada sakona eskaintzen dio bi munduren artean harrapatuta dagoen gizon palestinar baten bizitzari.
Sariak eta laudorioak
2022an, telesailaren lehen denboraldia estreinatu zenean, gutxik espero zuten ekoizpenak hain harrera ona izatea. Hainbat aitortza jaso ditu, bai etorkinen bizitzari buruz erakusten duen ikuspegiagatik, baita komediaren eta dramaren arteko orekagatik ere. American Film Institute erakundeak urteko hamar telesailik onenen artean sartzeaz gain, izendapenak lortu ditu Urrezko Globoetan eta Independent Spirit Awards sari ezagunetan. Jaso dituen aitortzek narratibaren kalitatea azpimarratzen dute, Mo Amerren antzezpen lana eta garrantzitsuak diren gaiak lantzeko modua.
fitxa
- Sortzaileak. Mo Amer, Ramy Youssef eta Azhar Usman.
- Herrialdea. AEBak.
- Aktoreak. Mo Amer, Teresa Ruiz, Omar Elba, Farah Bsieso eta Lee Eddy.
- Urtea. 2022-gaur egun.
- Non ikusi. Netflix.
- Atal bakoitzaren iraupena. 25 minutu.
- Generoa. Komedia dramatikoa.