ATZEKOZ AURRERA. Helena Bengoetxea. Dokumental egilea

«Palestinako medioek esku hartze txikia dute gatazkan»

Bengoetxea urteetan aritu da aztertzen hedabideek nola ematen duten Palestinako gatazkaren berri. Nabarmendu du presio politiko eta muga fisiko handiak dituztela kazetariek.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2015eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
«Mesfidantzaz». Halaxe ikusten dute Palestinako kazetariek atzerrikoek beren herrialdean egiten duten lana, Helena Bengoetxea (Iruñea, 1967) dokumental egilearen iritziz. La agenda setting: Palestina en los medios dokumentala egin zuen iaz Bengoetxeak. Dokumentala Donostiako Koldo Mitxelenan ikusi ahal izango da gaur, 18:30ean. Ondoren, mahai ingurua izango da, Bengoetxearekin eta Samara Velte(BERRIA) eta Lander Arbelaitz (Argia) kazetariekin.

Bai dokumentalean eta bai gaurko mahai inguruan, hedabideek Palestinako gatazkari zer trataera eman dioten aztertzen duzue. Zein balorazio egiten duzu trataera horretaz?

Batetik, Palestinatik kanpoko hedabideen trataera dago. Horien atzean komunikazio enpresa handiak daude. Berehalakotasuna eta azkartasuna dituzte lehentasun. Hau da, beste hedabideek baino lehenago ematea albistea. Alde horretan, Palestinako albisteak, beste asko bezala, analisi edo testuinguru gabe ematen dira. Egoeraren larritasuna kontuan hartuta, ezinbestekoa litzateke analisi hori. Gainera, ez da ematen Palestinako bestelako errealitateen berri. Oso gutxik dakite, adibidez, zein den emakumeen egoera Palestinan. Erabaki politiko bat dago horren atzean.

Eta hango kazetarien artean?

Hango hedabideetako kazetariak egiten duten lana aztertzekoa da, oso baldintza berezietan egiten baitute. Palestinak duen okupazio egoera kontuan hartuta, pentsaezina edo ezinezkoa da objektiboa izatea. Izan ere, herritar moduan, dauden egoeraren parte dira. Distantziakidetasuna ezinezkoa da.

Hango hedabideen errealitatea nolakoa da?

Hedabide txiki ugari dago, batez eretokiko informazioa lantzen dutenak. Hango herritarrak horien bidez informatzen dira, baina Al Jazzerak ere garrantzi dezente eduki.

Zein egiteko dute gatazkan hedabideek?

Oso esku hartze txikia dute. Izan ere, haien egitekoa oso mugatua dago bi arrazoiengatik: objektibotasunaren eraginagatik eta Palestinak duen okupazio egoeragatik. Batetik, oso barneratua dute objektibotasunaren kontzeptua, eta horrek asko markatzen du haien egitekoa eta parte hartzea gatazkan. Bestetik, okupazioa dela eta, muga fisiko asko dituzte beren lanak egiteko. Adibidez, dokumentaleko protagonistak Maan telebistako kazetariak dira. Hedabide horrek egoitzak ditu Zisjordanian eta Gazan. Baina okupazioaren ondorioz, kazetariak ezin dira fisikoki elkartu. Ezin dute harreman eta elkarlan zuzen hori eduki. Horren ondorioz, zaila da telebista horrek estrategia komun bat edukitzea eta gatazkan esku hartzea.

Albisteak argitaratzeko trabak izaten al dituzte?

Nahiz eta aukera handiago eduki Interneten bidez lanak zabaltzeko,arazoak dituzte. Izan ere, presio politikoak handiak dira Israelen aldetik. Bai haientzat, bai eta atzerritik doazenentzat ere. Adibidez, Maan telebistaren Gazako egoitza itxita egon zen hilabete askotan Hamaseko Gobernuaren aginduz. Gainera, kontuan izan behar da atzerritik doazen kazetariei lan egiteko baimena Defentsa Ministerioak ematen diela; Palestinako kazetarien kasuan, Informazio Ministerioak.

Hango kazetariek nola ikusten dute atzerrikoen lana?

Mesfidantzaz ikusten dituzte. Haien erreferentzia Ameriketako Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko kazetariak dira, eta dokumentalean argi salatzen dute, haiek Israelen aldekoak direla. Bitxia da, bestalde, hedabide horiek Palestinakoak diren kazetariak kontratatzen dituztela lan egiteko.

Palestinakotik harago, zein egiteko eduki behar dute kazetariek gatazketan?

Oinarrizko printzipioetara itzuli behar dugu, eta xumeak izan: irakurlearekin zintzoa izanez, eta tontotzat ez hartuta. Morboan ez duguerori behar, baina horrek ez du esan nahi irudi gordinik erakutsi behar ez dugunik. Izan ere, ekintza horien atzean gizakiaren eskua dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.