«Besta bat nahi dugu non pertsona guztiok sartzen garen; inolako arriskurik gabekoa eta errespetuzkoa pertsona guztiekin. Jendeak egindako besta jendearentzat». Rakel Arjol Iruñeko peñen federazioko lehendakariak musika, besta eta dantza egiteko gogoa azpimarratu du, baina batez ere besta eredua aldatzeko momentua iritsi dela esan du. Sanferminak iristeko gogoz, larunbatean ospatuko dute Iruñeko Peñen Eguna, eta orduan kaleak apainduko dituzten pankartak aurkeztu dituzte gaur Iruñeko Kondestablearen jauregian, 11:30ean.
Iruñeko kaleetan murgilduko diren oihaletan Cristina Ibarrola Iruñeko alkate ohia da askotan errepikatzen den protagonista: garbitzeko produktuak, lanbasa eta eskailerak ere islatu dituzte pankartetan, alkate ohiak esandakoa gogora ekartzeko asmoz: «Ez nintzateke sekula alkate izango EH Bilduren botoekin; nahiago dut eskailerak garbitu». Iruñeko Erorien Monumentuaren itzal luzea ere agertzen da oihaletan.
Gorriak, berdeak, zuriak eta beltzak ere kolorez bete dituzte pankartan, Palestina baitago erdigunean. Peñen egunean ardatza izateaz gain, Palestina sanferminetan ere presente egongo dela esan du Arjolek: «Uztailaren 11n kalejira bat egingo dugu, Iruñeko peñen federaziotik antolatutakoa. Peña guztiak aterako gara kalera San Frantzisko plazatik 17:00etan, Palestinaren alde egiteko».
Nahiz eta peñak anitz izan, bakoitzak aurkeztutako pankartak mezu kritikoa izatea garrantzitsua dela azpimarratu du lehendakariak: «Pankartek urtero dute kritika puntu hori, satirikoa, umore puntu batekin hartu behar dena. Baina horren erdigunean kritika zorrotza dago. Jendea horren zain dagoela esango nuke, ikusteko ea peñek zer islatzen duten beren pankartetan. Norbait harrituko litzateke pankarta bat kritikoa izango ez balitz». Pankartak larunbatean aurkeztuko dituzte Udaletxe plazan, Castellers de Valls taldearen ekitaldiarekin batera.
Puntu morea
Aldarrikapen feministek urtero leku bat dute pankarten marrazkietan, baina aurten aurrerapauso bat emateko garaia ikusi du lehendakariak: «Benetan gai hau serio hartu behar da. Aurrerapauso gehiago eman behar dira, eta onartu behar da peñek ere gehiago egin dezakegula. Argi eta garbi esan nahi dugu peña guztiok konpromezua hartu dugula gure espazioak seguruak izateko».
Aurten, lehendabiziko aldiz, puntu morea egongo da peñen egunean. Puntu more horretan egongo dira talde feministak egiten dituen kamisetak, Iruñeko Udalak emandako triptikoa eta pegatina batzuk, baina garrantzitsuena: emakume batek erasoren bat sufritzen badu, hor laguntza jasoko du. Peñen federazioan ikerketa prozesua martxan dagoela esan du Arjolek: «Peñak bide onetik goaz, baina, gizarteak bezala, gauza asko aldatu behar ditugu oraindik».