Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekitaldi antolatu ditu egunotarako Errenteriako Udalak. Igone Mariezkurrenaren (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1985) Indusen ibaibideak: Himalaiatik Karatxira erakusketa heldu den abenduaren 13ra arte egongo da ikusgai Errenteriako Xenpelar Etxean. Pakistanen erradiografia sozial bat da.
Lau bider izan zara Pakistanen.
Oso herrialde kuttuna daukat. Lehenengo bi aldietan mendi espedizio batekin joan nintzen. 2015-2016ko neguak han pasatu nituen, kanpamentu nagusian, pakistandarrekin hizketan. Harrika hiltzeaz, neskatoen ezkontzez eta opioaz hitz egiten zidaten, eta zur eta lur geratu nintzen. Sentitzen nuen hori dena ezagutarazi behar nuela kazetari gisa. Gerora beste bitan joan nintzen, eta erakusketa hau horren guztiaren emaitza da.
Iparraldetik hegoaldera joan zara. Gilgitetik Karatxirainoko paisaia zeharo ezberdina da.
Erabat. Paisaia aldetik sekulakoa da. Glaziarrak dituzte, 8.000 metroko mendiak, ibaiak, basamortuak, lautadak... Himalaiak, Karakorumek eta Indu Kushek bat egiten duten lekuan munduko izotz geruzarik handienetan hirugarrena dago. Kontua da klima aldaketa dela-eta glaziarrak urtzen ari direla, eta ibaiek gainezka egin dutela. 2022ko udan, 1.700 lagun hil ziren. Uholdeak aipatu ditut, baina beste muturra ere badago, lehorteak, desertifikazioa... Guk sortutako kutsadura han pairatzen dute. Pakistan gutxien kutsatzen duten herrialdeetako bat da, baina, halere, klima krisiaren kalteak jasaten ditu. Ondorioak latzak dira.
Paisaia humanoa ere sekulakoa da, ezta?
Hala da. Pakistan oso aberatsa da alde horretatik. Askotarikoa da. Paxtunak daude, balutxeak, sindhiak... Munduko herrialderik populatuenetan bosgarrena da, baina ez zaigu iristen hango albisterik. Distantzia anestesia moduko bat da, uste dugu urrun gertatzen dena ez dela horren inportantea, baina guri ere eragiten digu. Populazioaren erdia pobre bizi da, eta bi herenak nekazariak edo abeltzainak dira. Hirietarako exodo handi bat gertatzen ari da, eta horrek eragin du indarkeria sexuala areagotzea. Pakistanen bi ordutik behin emakume bat bortxatzen dute kalean, eta eraso gehienak ez dira salatzen. Ezkontza behartuen kopurua ere oso handia da, eta, hori aintzat hartuko bagenu, bortxaketak gehiago lirateke. Erasotzaileen %4 baino ez dituzte zigortzen, ordea.
Lege islamikoa oso errotuta dago...
Parlamentua badago, baina xaria legea ezartzen den ikuskatzeko auzitegi bat ere bai. Lege islamikoak nesken eta emakumeen eskubideak mugatzen ditu. Pakistan gero eta herrialde kontserbadoreagoa da. Atzeraldi bat dago: fundamentalismoa nagusitzen ari da, eta lege islamikoa gero eta zurrunagoa da. Xariak esaten du lehen hilerokoa izan eta gero neskato bat ezkontzeko moduan dela. Oso lazgarria da emakumeen bizitza. Malala jaio zen eskualdean, esaterako, oso zabalduta dago emakumezkoen mutilazio genitala, pentsatzen baitute horrela haur gehiago eta osasuntsuagoak izango dituztela.
Drogak ere oso zabalduta daude.
Droga oso eskura dago, eta oso merkea da. Kanikak erostearen parekoa da. Opioa botikekin eta lurra ongarritzeko gaiekin nahasten dute. Afganistandik dator opioa, baina herrialde horrekin muga egiten duten eskualdeetan ere ekoizten dute. CIAk sustatu zuen opio landaketa Gerra Hotzaren garaian. Afganistango Gobernua boteretik kentzeko, mujahidinak armaz hornitzea izan zen asmoa.
Lumineszenteak liburuan bezala, hemen ere emakume miresgarriak topatu dituzu...
Bai. Saba Gul doktorea, adibidez. Desintoxikazio zentro bat zabaldu du Peshawarren, eta urtero laurehun gizon artatzen ditu. Peshawar bereziki kontserbadorea da, eta kontua da Gulek heriotza mehatxuak jaso dituela. Paxtunek islamaren oso interpretazio hertsia egiten dute. Burka jantzita bizitzea eta ezkontzea zen haren patua, baina beste bide bat hartzeko ausardia izan du. Arma bat daraman gizon batek babesten du gau eta egun.
Afganistandar errefuxiatuei ere erreparatu diezu...
Peshawarren afganiarrak dira nagusi. Iheslariak dira. Linbo batean daude, erroldatu gabe, paperik gabe... Ezin dute jabetzarik izan. Bi miliotik gora omen dira. Ez dira existitzen, eta deportatuak izateko arriskuan daude. Zulo beltz bat da.
Euskal Herrian bizi diren pakistandarrekin ere hitz egin al duzu?
Bai. Gure artean bizi dira, baina ez ditugu ezagutzen. Esango nuke beste etorkin kolektibo batzuekin alderatuta oso ezezagunak direla. Kebabetan eta sakelakoen karkasak erosteko dendetan ikusten ditugu, baina ez dakigu zeri egiten zioten ihes edo zergatik. Emakumeak ere badaude, baina ez dabiltza kalean. Uste dut guri dagokigula lehen urratsa egitea.
Lesothotik etorri berria zara. Palestinan, Indian eta beste hainbat herrialdetan izan zara. Kirola eta bidaia ere uztartzen dituzu. Nola hasi zen hori dena?
Marokora egindakoa izan zen talka eragin zidan lehen bidaia. 19 urte izango nituen. Pasai Donibanetik atera ginen autoan, etxetik bertatik, eta penintsula osoa zeharkatu genuen. Tubkal mendia igo genuen, eta hura izan zen beste mundu bat bazegoela ikusi nuen lehen aldia. Harrezkeroztik nire begiak beste errealitate batzuk ikustera behartzen ditut, gure burbuila hau zartatzeko. Munduaren gehiengo absolutua beste modu batean bizi da, eta muskulu hori lantzea ongi dago ez ahazteko. Kazetaritzari aitortzen diodan funtzio garrantzitsuena horixe da, jendearen istorioak ezagutaraztearena. Uste dut gauzak hobeto ulertzen ditugula lehen pertsonan hitz egiten digutenean.
lotsabako
Herrialde bat?
Euskal Herria.Leku bat?
Itsasoan eta mendian sentitzen naiz aske.Kazetari bat?
Nellie Bly eta Ryszard Kapunscinski.