Euskal Herriko paisaien koloreak eta formak biltzen ditu Xabier Agirre margolariak (Bergara, Gipuzkoa, 1955) obretan. Agirreren margoak estuki lotuta daude paisaiari eta margotutako uneari. Izan ere, plein-air moduan margotuta daude. Inguruen oroipena izeneko erakusketa jarria du Hondarribian (Gipuzkoa), Modotti erakustokian, ostirala arte.
Margolariaren azken lanak biltzen ditu erakusketak. Agirrek Parisen hasi zuen ibilbide artistikoa, eta han bizi izan zen 1975etik 1988a arte. Arte Ederrak ikasi zituen Parisen, Arte Ederretako Goi Eskola Nazionalean. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultateko irakaslea da, baina inoiz ez dio utzi margotzeari. Bakion bizi da, eta hango paisaiak dira margolariaren kutunenak. Agirreren esanetan, ikusten dituen paisaien oroitzapen poetikoa agertzen dute haren margoek. Unean uneko argiaren koloreak ez ahazteko, beti alboan duen argazki kamera erabiltzen du.
Dena den, zuzeneko argia aprobetxatuta margotutako lanak dira ikusgarrienak. Zuzenean sumatutakoaren oroigarriak dira, eta margolariak bertan agertzen ditu unean jasotako sentipenak. Liluragarritasuna, nostalgia eta idealizazioa dira margolariaren lana biltzen duten ezaugarriak. Kolore biziko lanak dira, natura erakusten dutenak.
'INGURUEN OROIPENA'
Noiz. abuztuaren 31 arte.
Non. Hondarribiko Modotti erakustokian.
Paisaiaren oroitzapen poetikoa
Ostiralera arte ikus daitezke Xabier Agirreren margoak Hondarribian, Modotti erakustokian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu