Pertsona orok ditu Txirri, Mirri eta Txiribiton bere baitan. Neurri desberdinean, baina denek dituzte hiru pailazoek ordezkatzen dituzten alderdiak. Txirri azkar ustekoa, dotorea eta jakintsua, itxuraz behintzat; Mirri bekaizkorra, harroxkoa eta gezurtia; Txiribiton, berriz, on hutsa; ogi pusketa. «Pertsonak ere horrelaxekoak gara, gure barruko osagaiak ez dira horrenbeste aldatu», azaldu du Jose Inazio Ansorenak, Mirri-k. Euskal Herriko pailazo aitzindariak dira; pailazogintza euskaraz jorratzeko bidea urratu zuten orain dela 40 urte, eta gizarteak zuen hutsunea bete. Hiru pertsonaien arteko joko eta tirabira horietan asmatu zuten, haurrei euskarazko dibertimendua eskaintzea helburu, eta egun indarrean jarraitzen du joko horrek. Horren erakusgarri, belaunaldiz belaunaldi haien txantxa eta abestiekin hazten jarraitzen duten ume koskor mordoa.
Pailazoa matxinoa da
Oholtza gainera igotzeari utziko diote agur saioen ondoren Xabier Otaegik, Jose Inazio Ansorenak eta Txema Victoriak. Ez, ordea, pailazo izateari, odolean daramaten ezaugarria baita hori. «Apaizak eta toreroak bezala, hil arte pailazo izaten jarraituko dugu», dio Victoriak. «Pailazoarena egiten hasi ginen, baina azkenerako pailazo bihurtu gara», gaineratu du Otaegik. Haien gurasoen gisara, aurrerantzean ere Txirri, Mirri eta Txiribitonen burutaldiekin hazten jarraituko dute haurrek, nahiz eta haien asmatzaileak oholtza gainean ez izan. Orain arte Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior zirenei onespena eman, eta benetako Txirri, Mirri eta Txiribiton izango dira. Jarraipena emango diote 1972. urtean pailazo emanaldi xume batekin hasi zuten ibilbideari.
Pailazoen jardunari buruzko ikuspegi berezia du hirukoteak. «Pailazoa matxinoa da», dio Ansorenak. «Munduaren ohizko arauen kontra jotzen du, xamurtasuna eta pertsona baloratzen dituelako, eta gaur egungo balioen aurka altxatzen da». Ondorioz, pailazoa beti galtzaile ateratzen dela uste dute, neurri batean bederen. «Barruko ongizatean irabazten du soilik». Jende logikoak absurdo deitzen dion hori du legetzat pailazoak, Otaegiren ustez. «Gustura bizi da absurdoaren mundu horretan». Victoria ere ildo beretik doa. «Gizartearen eskemak apurtzen ditugu». 70 urte egiteko dituenean batzuek galdetu ohi diote ea ez dion lotsarik ematen tutu batekin oholtza gainera igotzeak. «18 urteko hogeita hamar bat neraberi matematika eskolak ordubetez ematea, hori bai dela pailazoarena egitea», dio barrez, bere irakasle ofizioa gogoratuz.
Diruaren atzaparretatik at
Izan ere, 40 urtean ez dituzte alde batera utzi lanbideak, eta harro daude horrek bermatu dien askatasunarekin. Otaegi bankaria da, Antsorena txistulari taldeko zuzendaria, eta Victoria matematika irakasle izan da. Zaletasun moduan hasitakoa era berean bukatuko dute. Zenbaitetan nekagarria egin bazaie ere lana eta pailazogintza uztartzea, zalantza izpirik ez dute onuragarria izan zaiela. «Gurea ez da negozioa izan», diote. Diru bila hara eta hona ez ibili beharrak gustuko pailazogintza egiteko bideari eusteko askatasuna eman die. «Nahiago izan dugu pailazogintza ondo eta kalitatezkoa egiteari lehentasuna eman, eta dirua egin beharraren menpe ez egon».
Kalitatezko pailazogintza egin ez eze, eskola ere sortu du pailazo hirukoteak, aktore askok eta askok lehen urratsak haien saioetan egin baitituzte. Telebista plato haietan ereindako haziak fruituak eman, eta ezagun egin dira horietako asko: Karlos Zabala, Eneko Olasagasti, Mikel Garmendia, Kontxu Odriozola, Aizpea Goenaga, Elena Irureta, Ainere Tolosa eta beste hainbat.
Berrogei urtek asko ematen dute, eta musikaren arloan ere lan eskerga egin dute. Hogei disko eta 200 abestitik gora sortu, egokitu eta grabatu dituzte, tartean Pintto-Pintto, Paristik natorren eta Zapi zuria ezagunak. Abestiak egiteko irizpideak ondo zaindu dituzte beti; haurrentzako egokiak izateaz gain, euskal tradizioak horretarako sortu dituen bideei erreparatu diete, kalitatezko musika egitea jomuga. «Kursaala guk inauguratu genuen, Orkestra Sinfonikoarekin», dio harro Otaegik. Musikan jarritako arreta kolaboratzaileen kalitatean ere neur daiteke: «Kategoriazko kolaboratzaileak izan ditugu: Iñaki Salvador, Karlos Gimenez, Aitor Amezaga, Joserra Senperena, besteak beste».
1972ko martxoan egin zuen lehen emanaldia hirukoteak, orduan Kixki, Mixki eta Kaxkamelon zirela. Otaegi eta Ansorenarekin batera, Andoni Ezeizak osatzen zuen taldea. «Euskaraz dibertsiorik ez zegoen, eta ingurune euskaldunean bizi ez ziren haurrei euskarak zerbaitetarako balio zuela ulertarazteko dibertsio bat egitea otu zitzaigun», gogoratu du Otaegik. Geldirik egoterik ez zuten gazte bihurriak ziren, eta umorea lagun, adarra jotzea zuten denbora-pasa. Pailazo taldearekin hasi aurretik bestelako jaialdiak antolatzen zituzten, antzerkiak eta. «Giro horretan genbintzala, errazena pailazoarena egitea zela iruditu zitzaigun, nahiko parrandazaleak izan baikara beti». Kuadrillak lagunduta, lehenengo emanaldia Kresala elkartean egin zuten, Donostian, gerorako ikuspegi handirik gabe.
Bata bestearen atzetik etorri ziren gainontzekoak. Jose Miel Barandiarani zor diote, hein handi batean, Euskal Herri osoan hain ezagunak egin izana. Hari egindako omenaldi batean parte hartzeko gomendatu zien Pako Etxebeste apaiz eta adiskideak. «Egun horretan Euskal Herriko punta guztietatik etorritako jendea zegoen», gogoratu du Otaegik. Hizkuntzak txunditu zituen ekitaldi hartako ikusleak, lehenengo aldia baitzen pailazo emanaldi bat euskaraz ikusi zutena. Harriduraren ostean etorri ziren emanaldi gehiago egiteko proposamenak. «Zeharka, baina gure zabalkundearen erantzulea Joxe Miel Barandiaran izan zen».
Urte dezente igaro dira lehen emanaldi hura egin zutenetik, eta «pozik» begiratzen diote egindako lanari. Asko aldatu da Euskal Herria urte horietan guztietan, haiek ere aldatu diren moduan. «Zaharragoak gara», dio Otaegik irribarretsu. Aldartea, ordea, ez zaie aldatu, eta umoretsu eta txantxa artean gogoratzen dituzte bizi izandako pasadizo eta bitxikeriak.
Inprobisazioa eta isiltasuna
Lehenengo emanaldietan, Pako Etxebestek emandako gidoiak euskaratzen zituzten. Baina berehala hasi ziren euren kabuz gauzak egiten. «Inprobisatu zaleak izan gara beti. Itzulia abiatzen genuenetik errepikatzen zen gauza bakarra jantziak eta eszenako tresneria zen». Txisteak eta burutazioak etorri ahala gidoian txertatzen zituzten, eta zaharkituta geratzen zirenak ezabatu. «Orain serioagoak gara. Entsaiatu egiten dugu», dio Ansorenak.
Ikuslearekiko komunikazioan intentsitatea lortzea izan du beti helburu hirukoteak; ikusleengan esperientzia eta sentsazioak piztea. «Eragitea, emozioa sortzea». Komunikazio harreman hori sortzea da euren pailazo lanetik gehien gustatzen zaiena. «Leporaino beteta dagoen areto batean balio gehiago ematen diogu isiltasunari barreari baino». Ez da barrea atsegin ez dutelako, inondik ere. Umeen algarak baitituzte jomuga haien xelebrekeriek. Baina isiltasuna dute maite, hor nabari baitute komunikazioa arrakastatsua izan dela. «Momenturik goxoena emanaldiaren erdian isiltasun osoa dagoenean da». Istoriotxoak aurrera egiten duen eta ikusleak traman sartuta dauden seinalea baita isiltasuna. «Lortzen denean, zoragarria da».
Horregatik, haurrentzat ez ezik, adin guztietako jendearentzat dira haien saioak. Aktore lanean oinarritutako lanean datza haiek ulertzen duten pailazogintza. «Pailazoari gizarteak hainbat tranpa jarri dizkio, eta soilik umeentzako direla sinestarazi dio», uste du Ansorenak. Heldu asko ere izaten dituzte saioetan, eta «horiek ere ondo pasatzen dute».
Telebistara jauzi egin zutenean, izenez aldatu, eta Txirri, Mirri eta Txiribiton bihurtu zen hirukotea, 1984an. Agertokian mugitzen iaioak ziren, hura betetzea garrantzitsua dela ikasi baitzuten ofizioan. «Telebistara iritsi, eta gauza bera egiten hasi ginen. Errealizadoreak iltzerik eta mailurik ez zuelako, bestela hantxe iltzatuko gintuen geldirik egoteko». Klarionarekin margotzen zizkieten zapata marka batzuk, eta handik ez mugitzeko agindua zuten. «Ez genuen ulertzen nola egon gintezkeen hain estatiko», gogoratzen du Otaegik. Victoria orduan batu zen taldera, eta Ezeizak utzitako hutsunea bete zuen.
Txiribiton isilarazten
Txiribitonen ezaugarri nagusia da, «ogi pusketa» izateaz gain, ez duela hitzik egiten. Tutu baten hotsen laguntzaz komunikatzen da. «Tarte batean gutxienez bakean utz gaitzan». Horixe da Ansorenak Txiribitonen mututasuna azaltzeko txantxetan eman duen arrazoia. «Txema ezagutzen dutenek beti esaten digute meritu handia daukagula Txiribiton isilik eusteko, berritsu hutsa delako», lagundu dio Otaegik. Hastapenetik erabaki zuten Kaxkamelon mutu izatea, eta Victoriak Txiribitonen pertsonaiaren ardura hartu zuenean ere horrela mantendu zuten. Erosotasunaren mesedetan egin zuten. «Asko inprobisatu eta traketsak ginenenez, hirugarren pertsonaia mutu egitea erabaki genuen».
Azkeneko urteetan herriz herriko itzulirik ez dute egin, eta gogoz hartu dituzte orain egitekoak dituzten agur saioak. «Berriro itzuliaren dinamikan sartzeak gaztetu egiten gaitu». Nahiz eta hirukoteak oholtzak zapaltzeari utzi, Txirri, Mirri eta Txiribiton pertsonaiek emozioak eragiten jarraituko dute, kasu honetan Juniorren eskutik. Agur saio horietan emango diete ofizialki lekukoa Txirri, Mirri eta Txiribiton Juniorrei, eta junior izateari utziko diote. «Gradua emango diegu».
Eskarmentua badaukate Juniorrek; datorren ekainean hamar urte egingo baitituzte hasi zirela. «Gu baino hobeto egiten dute. Guk ez dugun freskotasuna dute». Fernando Ruiz, Kattalin Ansorena eta Juanma Zaldua izango dira benetako Txirri, Mirri eta Txiribiton. Fikziozko pertsonaiek bide luzea dute oraindik, oinarriak ondo finkatuak baitituzte. Umeei irri eginarazten eta saioaren erdian haiek isilarazten jarraituko dute.
Ezarian. Txirri, Mirri eta Txiribiton
Pailazoa beti pailazo
Xabier Otaegik, Jose Inazio Ansorenak eta Txema Victoriak Txirri, Mirri eta Txiribiton taldea utziko dute, 40 urteren ostean. Euskal Herriko pailazo talde aitzindariak jarraipena izango du: Juniorrek hartuko dute hirukoteak utzitako lekukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu