Felix Biskarret. Zinemagilea

«Padurak dio fidel izan garela eleberrien espirituarekin»

Movistar+ plataforma urtarrilaren 29an hasi zen ematen 'Cuatro estaciones en La Habana' telesaila. Leonardo Paduraren eleberri beltzak egokitu ditu Biskarretek, zortzi ataletan.

urtzi urkizu
2017ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
New Jerseyko William Paterson unibertsitatean (AEB) zinema zuzendaritza ikasi zuen Felix Biskarretek (Iruñea, 1975). Zuzendu zuen lehen filmak bi Goya sari irabazi zituen: Bajo las estrellas.

Nola iritsi zinen Cuatro estaciones en la Habana telesailera?

Nire ekoizleek egin zidaten proposamena. Bajo las estrellas filma ere literatur egokitzapen bat zen, eta, agian, horregatik. Literaturako materiala pantailara eraman dut orain berriro.

Telesaila noir karibetarra generotzat jotzen ari dira. Zer dela-eta sortu da kontzeptu hori?

Neronek asmatu nuen kontzeptua, oso erakargarria egin zitzaidalako. Zinema beltzaren gakoak toki oso ezberdin batera eramaten ditu, Habana bezalako toki erakargarri batera.

1990eko hamarkada, Habana, eta polizia ikerketak. Testuinguruak askorako eman dezake, ezta?

Bai, egia esan, zinemagile batentzat zaila da irudikatzea Habana baino hiri aberatsago bat telesail bat egiteko. Kamera jartzen duzun tokian jartzen duzula, ezusteko atseginen bat dago.

Kuban ikus-entzunezko proiektu interesgarriak sor daitezkeela iruditzen zaizu?

Kuba etengabeko eraldaketan dago, eta erakargarria da hori. Ez da zinemagilerik egongo Habanan grabatzeaz nekatuko denik.

Padurak berak eta Lucia Lopez Collek egokitu dituzte gidoiak. Fidelak izan zarete liburuekin?

Padurak berak esan du oso fidelak izan garela eleberrien espirituarekin, baina, hori lortzeko, lan handia egin dugu pertsonaia eta istorioetan. Bai Padura eta bai Lopez Coll oso zorrotzak dira; jende ona.

Zer eman dio Jorge Perugorria aktoreak pertsonaia protagonistari?

Gauza asko: gizatasuna, karisma, umorea, sinpatia...

Mario Conde izena du detektibe protagonistak. Izen bereko pertsona ezagun bat bada Espainian. Emango luke telesail baterako?

Ez dakit, baina kasu horretan ez nuke nik zuzenduko. Ez da nire generokoa.

Telesaila Movistar+era iritsi aurretik, Vientos de la Habana filma Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten. Zer moduz joan da?

Filmak bide polita egin du zinema aretoetan. Eleberri bakarra zuen oinarri film horrek.

Zein da zure hurrengo proiektua?

Carlos Saura zinemagilearen inguruko dokumental batean ari naiz lanean. Hainbat gairi buruz hausnartzeko aukera emango digu: sormena, memoria, denbora, aitatasuna eta umorea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.