Oztibarre, lekukoek kontaturik

EKEk Oztibarren hamabost urtez bideoz bildu oroimen lekukotasunak elkartu ditu 'Oztibarreko ahozko oroimenak' erakusketan. Urriaren 19ra arte ikusten ahalko da Larzabale Espelletenia ostatu-jatetxean.

Eleketa erakusketa Larzabaleko Espelleteniako kulturgunean, ostegunean. IÑAKI ETXELEKU
Eleketa erakusketa Larzabaleko Espelleteniako kulturgunean, ostegunean. IÑAKI ETXELEKU
Iñaki Etxeleku.
Larzabale-Arroze-Zibitze
2024ko irailaren 1a
05:00
Entzun

EKE Euskal Kultur Erakundeak 28 lekukotasun eta 11 oreneko bideo bilduma egin du Eleketa, Oztibarreko ahozko oroimenak erakusketarako. Jutsi, Izura-Azme, Donaixti-Ibarre, Bunuze eta Pagolako jendeak dira mintzo; zaharrena 1921ean sortua, gazteena 1948an. Haur denbora, gaztaroa, ofizioa, herriko bizi giroa eta ohidurak dituzte kontatzen euskaraz. Larzabale-Arroze-Zibitzeko bilgune inportantea den Espelletenia ostatu-jatetxeko kultur espazioan paratu dute erakusketa, eta urriaren 19ra arte joaten ahalko da ikustera.

2007an hasi zen EKE herriz herriko adineko jende batzuen lekukotasunen biltzen, bideoz. Terexa Lekunberri EKEko antropologo eta Etnopolo arduradunak ditu elkarrizketak egin eta erakusketa apailatu. EKEko ondareari balio ematearen arduradun Mathias Olasok lagundu du.

Lekunberrik egin grabaketa gehienak oren bat edo gehiagokoak dira. Ezinbestez, erakusketarako zatiak behar izan dituzte hautatu. Galdeketak tokiko ekonomiari, garai hartako ofizioei eta herrietako biziei lotuak ziren, baita lekuko emaileen biziko aldiei buruzkoak ere: haurtzaroa, gaztaroa eta ondokoak. Gehitu dizkiete Maite Barnetxek, Frantziako telebista publikoko hirugarren kateko kazetari zenak, 1986 arteko lanetarik Oztibarren egin zituen erreportajeak. Erakusketa hori Kanalduderekin berriki egin dokumental gisako batekin osatu dute.

Erakusketa ibar jakin batera eramatean, ibarreko herritarren lekukotasun horietarik zati ohargarriak hautatu behar dira. Terexa Lekunberrik esplikatu du lurralde batek frankotan badituela berezkoak dituen ezaugarriak eta hori dela abiapuntua: «Adibidez, hemen Oztibarren, oihanaren ustiapena». Anitzek aipatu izan diote Oihanbeltzeko eremua. Ekonomia bat bazen oihanari loturik: «Oihankariak badira, ikazkinak, eskalapoi egileak... anitz ofizio sortzen da hortik».

EKEren Eleketa erakusketa Larzabale-Arroze-Zibitze Espelletenian
EKEren Eleketa erakusketa Larzabale-Arroze-Zibitze Espelletenian. I. E.

Alabaina, laborantza eta artzaintza aipatzen dira franko. «Anitzek Eltzarreko ordokira igortzen baitzituzten ardiak, eta holako». Hori, eta urde hazkuntza. «Deskubritu dut hemen xerri hazkuntzak alimaleko inportantzia bazuela. Lako batek erraten du xerriak nonahi bazebiltzala, plazan, karrikan». Horrekin, gaztain ekoizpen handia ere bazuten Oztibarren. Mahastia, eta oroz gain sagartzeak bazituzten, bestalde. «Sagarra inportantea zen; bereziki, sagardoa zutelako egun guziz edaten, eta sagarra saltzen baitzuten baita ere».

Oztibarreko behialako laborantzak beste ezaugarri bat ere badu, Aldudeko ibarraren gisakoa: kintoa. «Bada alhagune bat Hozta, Lekunberri eta Behorlegiren artean, 200 hektareakoa; Garazi eta Oztibarreko sindikatuek kudeatzen dute».

Bizi ohitura edo zaletasun bat ere agertu da Oztibarren: antzerkia. Maite Barnetxek utzi altxorra gehitu diotenez erakusketari, Oztibarreko antzerki taldea ikusten da, Ibarlan.

Gai nagusietarik «bizkarrezur» gisako bat osatzen dutela esplikatu du Lekunberrik. Hori eginik, aztertzen dute elkarrizketatuak zer «ñabarduratan» sartzen diren, «zer informazio eta xehetasun ematen duten gai bakoitzari buruz». Horrez gain, bada mintzo denaren gauzen kontatzeko trebezia ere, zabaltzeko merezi baitu. «Badira kontalari bereziak; xarma berezi bat dutenak. Panpale Erdozaintzi Arroze Etxeberrikoa, Maddi Arrabit Donaixtikoa eta beste batzuk... badira bizitasun handia dutenak». Nornahi ez da kamera baten aitzinean, jitez, oroitzapenak zehatz-mehatz burrustan isuriko dituenekoa. Antropologoaren begi-belarriak berehala ohartuko zaizkio gauzak xehetasunetik ekarriko dizkionari. «Badira memoria biziki orokorra dutenak, eta beste batzuek badituzte anekdotak; kutsu antropologikoa dudanez, maite ditut horrelako xehetasunak».

Zifrak

28

Lekukotasunak. Bideoz grabatu 28 oztibartar mintzo dira.

68

Bideo pasarteak. EKEk gaikako zatiak hautatu ditu erakusketarako.

11

Lekukotasunen orenak. Erakusketa behin baino gehiagotan ikusiz egin daiteke.

 

«Emozioa» eta «jakin-mina»

2020an egin zuten lehenbiziko Eleketa erakusketa, Hazparneko lurraldeko lekukotasunekin. Gero, Donibane Lohizunen erakutsi zituzten Hego Lapurdikoak. Garazi-Baigorrikoak 2021ean Donibane Garazin, eta 2022an Baigorrin. 2023ko irailean, Maulen egon ziren Zuberoko bilketak. Larzabaletik landa, funtsean, Irisarrirat joan beharko litzateke, Euskal Elkargoko poloen arabera sailkatu baitituzte lurraldeak. Oztibarreko lekukotasunak Iholdi-Oztibarreko lurraldean sartu dituzte.

Aldiro, arrakasta badu Eleketak tokiko jendearekin. Jende ezaguna zaie mintzo, eta bizi diren ibarra kontatzen dute. Arrakasta horren lehen arrazoia «emozioa» dela dio Lekunberrik. «Jendea loriatzen da ezagutu duten horren entzuten». Frankotan, belaunaldi berekoak direnekin da gertatzen. Ondoko belaunaldi gazteagoetan beste zerbait da jokoan: «Ondoko belaunaldi hauek ez dugu ezagutu mundu hori; beraz, bada jakin-mina, jakitate gosea».

Lekunberrik galdetu du noiz arte iraunen duen tirri horrek. «Hori agortuko da noizbait. Jende horien haurren haurrak hilen direlarik, beharko da beste erregai bat atzeman holako euskarri batek ukan dezan interesa».

Espelletenia ostatuari datxekiola Baipelletenia elkartea muntatua dute, bertan kultur ekitaldien antolatzeko. Jatetxearekin, adin orotako lekuko eta urrunagoko jendea iragaten den lekua da, eta guziz interesgarria zaio Lekunberriri erakusketa halako bilgunean izatea. «Jende franko ibiltzen da hemen. Jaterat edo trago batentzat jitean, berdin batzuk bilduko dira ikusteko. Ondarea ahal badugu lotu hola bizi den toki bati, hainbat hobe».

Horrez gain, ibarreko kolegioko ikasleak etorriko dira erakusketara. Mathias Olasok esplikatu du araberako bideo atalak sartu dituztela gaiak molde pedagogikoan lantzeko. «Hautatu ditugu zati txiki batzuk. Orrialde bat izanen dute galderekin, bideoak begiratuz erantzuteko, eta joko batzuk irudiekin».

EKEren Eleketa erakusketa Larzabale-Arroze-Zibitze Espelletenian
EKEren Eleketa erakusketa Larzabale-Arroze-Zibitze Espelletenian. I. E.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.