Miarritze erdigunetik (Lapurdi) pare bat kilometrora bertze hiri batekin egiten dugu topo: Ozeanoaren Hiria. Badu bere maiordomoa, eta hartzen du bere gain ongi errezibitzea: sartu bezain laster robot batek galdegiten baitu zein den bisitariaren nahia. Nerabeak eta gazteak «sentsazio azkarrak» nahi dituztela erantzun diote. «Zoazte surf sentsaziora. Busti nahi duzuela? Presta itzazue zuen bainujantziak eta oxigeno botila atxiki, ez baitugu halakorik ematen».
Ondoan, marrazoen animaziorako jendea beha da: jarleku, kasko eta betaurrekoen ikuzten ari baitira. Hamabi minutuz Polinesia frantsesera eramaten du ikuslea, Fakaravara hain zuzen ere, 360 graduko errealitate birtualean murgiltzera: marrazo grisen unibertsora, zeintzuek mero zuriarekin baitute hitzordua, ahamen bat baino gehiago jateko menturan. Buruak ez du errotaziorik aski, irudien ederra arrantzatzeko. «Urteak eman ditugu ohartzeko marrazoendako ez garela harrapakin, poxelu baizik!», erran du dokumental laburreko ikerleak.
Eskailerak jautsirik, meteorito baten irudiak irensten du hortik iragaten den oro: pantaila batek salatzen baitu Lurraren adina: 4.570 milioi urte, zeinak baitarama bere baitan ozeanoen genesia ere.
Hortik arras urrundu gabe, Artic 4D animazioak kilikatzen du bisitaria. Betaurreko gardenak jantzirik, ontzi batek eramaten du ikuslea Artikora. Gainbehera frankok garraiatzen dute bertigoa, pinguino, hartz zuri eta zetazeoen erresumarat, elur gainean, urpean nola hegaldaka. «Ozeanoaren historia entzun berri dugu, baina ez zait egokia egiten haurrendako, informazio gehiago baita», uste du Azkainera (Lapurdi) oporretara etorri den okzitaniar familiako aitak. «Marrazoena ezin hobea da! Irudi luke zinez haiekin zarela!», erantsi du.
«Kasu: egon zutik erori gabe! Eh, zu, kontzentra zaitez. Eta, Baptiste, ez ikara, normala da!», animatzaileak ez die begirik kentzen surf taulen gainera igan direnei. Teknologiak du deliberatzen parte hartzaile bakoitzaren balentriak zenbat puntu dituen merezi. Betaurrekoak jantzirik, Tahitiko Ozeano Bareak irentsi ditu, mugimendu kasik estatikoak egiten dituztenak. Jendea lasai aiduru da bere aldiaren, desinfektatzeak noiz bururatuko. Ari direnei so: «Beharrik ez dugula gure burua ikusten, irri emangarri baitira!», arrailerian ari da bi alabekin batean beha den aita.
Teknologiak erabateko protagonismoa du Ozeanoaren Hirian, has eta buka. Plastikozko zazpi mahai oboideek eboluzioaren urrats erranguratsuak azaltzen dituzte kronologikoki: L.U.C.A: duela 2,5 mila milioi urte izaki bizidun guzien arbasoarekin has, gizakia organismo Eukariotoa dela dio bigarrenak, espezieek ez dutela norabide bakarra dio hirugarrenak, uretik jalgi eta idorrean bizitzeko egokitu badira ere, itzul daitezkeela, hots. Arraoltze gorringoaren desagerpenak karenari tokia utzi diola dio bertze mahaitxo batek, duela 100 milioi urte.
Zetazeo baten alegiazko hezurdurak besarka ditzake hamar bat lagun jarririk, pantaila batetik kontatzeko ze bilakaera ukan duen halakoa bilakatu arte: duela 49 milioi urtekoa baita lehen balea: urekoa eta lurrekoa aldi berean. Ozeano zurian sentitzeko parada ematen du base polarra eta bere dekoratuak. Ozeanoak nola izozten diren azaltzen du, eta horrek zer eragin garrantzitsua duen kliman.
Ondoan du Seaborg animazioa: 1,42 metroko altueratik goiti parte har daiteke. Jarririk, loturik eta betaurrekoak jantzirik... sentsazio handiena eragiten duena da. «Ez dakit nola iritsi naizen hona, baina ez zait gustatu. Ez diot neholako zentzurik ikusten, ez baitu ozeanoarekin loturarik. Erran nezake Ozeanoaren Hiria defizitarioa izan dela hasieratik, eta hau ezarri dutela jendearen erakartzeko. Galgarria egin zait gunea, hobetu beharko lukete seinalatzeko moldea», ohartarazi du emazteak.
Murruak mintzo dira
Ozeanoaren sekretuak igeltsuz zizelkaturiko lau pertsonaiek salatzen dituzte: Atlantida, Bermudesen hirukia eta, bertzeak bertze, Sargazoen itsasoa. Argi batek artikulatu egiten ditu mintzo diren aurpegi horiek: begiak, eta hitzen doinuei dagozkien mugimenduak ahoan. Kristobal Kolon da haietako bat, lehen pertsonan kontatzen du nola gatibatu zituen Sargazoen itsasoak: Infernuen atean. Baina, justu gainean den pantailak esplikazio zientifikoa eskaintzen du: haizeek, alga metatze handiak eta hiru korrontek sortzen duten fenomenoak ekarri diola fama txarra historian zehar.
«Biziki intuitiboa egin zait Ozeanoaren Hiria, oso interesgarria eta pedagogikoa: hurbilpen izugarri modernoa haurrak ozeanoaren biziari interesa daitezen», satisfos da 12 urteko alabarekin batera bisitan dagoen gurasoa.
Apo armatuen odisea 3D filmak bertze animazioek baino denbora haboro hartzen du: 40 minutu. Arroltzea kraskatzen den unetik bizi osoko ibilbidea erakusten du. 25 urte behar ditu adibidez, erruten hasteko. Desagertzeko arriskuan da, sustut, gizakiaren ekarpenari esker: plastikoz josia baitu ozeanoa ere, eta apo armatuak nahasi egiten du jangarria denarekin, bere buruari kalte eginez. Ozeanoaren ekosistemaren orekatzailea den espezie honen garrantziaz ohartarazten du dokumentalak.
Peko estaian, itsas galernak itsasontzia hondarretan gatibatu du, bisitaria kapitainaren kabinan da, eta tximista eta euriek giroa lazten dute, trumoien hotsek ongi lagundurik. Ilunpetan, ontzia nabigatzeko botoiak dira argitzen duten bakarrak.
Ozeanoaren hiritik jalgitzeko, oroigarria erosteko parada ematen du dendak, kolorez eta argiz beterik. Kanpoan, bisean bis, bere burua erakustera uzten du Atlantikoak, eta oroitarazten du Miarritze Euskal Herrian dela, Ozeanoaren Hiriari ahantzi baitzaio euskara.
Ozeanoaren Hiria, irri iturri
Ozeanoaren Hiriak egun erdi mugitua eskaintzen du. Teknologia dela medio, manera ludikoz ozeanoan murgiltzeko parada ematen du. Zientzia eta aisialdia uztartzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu