Nondik dator arnasten dugun oxigenoa? Eskolan adi egon zirenek erantzungo dute: landareek sortzen dute, Eguzkiaren argiarekin fotosintesia egiten dutenean. Bikain atera zutenek gaineratuko dute: atmosferan dagoen oxigenoaren erdia inguru itsasoetan sortzen da. Uretan bizi diren landareek egiten dute.
Badiru aurrerantzean hori erantzuten dutenei nota jaitsi egin beharko dietela. Izan ere, zientzialariek aurkitu dute itsasoaren hondoan, argirik ez dagoen sakonetan ere oxigenoa sortzen ari dela. Oxigeno iluna deitu diote.
Ozeano Barean egin dute ikerketa. Zientzialariek neurtu nahi zuten zenbat oxigeno kontsumitzen zuten itsasoaren hondoko organismoek. Horretarako, Hawaii (AEB) eta Mexiko arteko itsasoan, ganbera berezi bat jaitsi zuten hondora, 2021eko maiatzean eta abenduan, eta hurrengo urteko abuztuan eta irailean.
Haatik, ikusi zuten oxigeno maila jaitsi beharrean, handitu egin zela ganberan. «Bi egunez, hirukoiztu egin zen oxigeno kopurua», idatzi dute Nature Geoscience aldizkarian argitaraturiko artikuluan.
Susmoa bazuten, antzeko fenomenoa ikusita zutelako halako neurketetan, 2013an ere. Baina uste zuten ganberak berak eramango zuela oxigeno hori, edo neurketaren akatsen bat izango zela. Zalantza uxatzeko egin dute orain esperimentu zehatza, oxigeno horren bila.
Irudikatu behar da egoera: itsasoaren hondo abisaletan, bost kilometroko sakoneran, argirik bate ere ez dagoen lekuan. Han, landarerik edo oxigenoa ekoizten duen mikroorganismorik ez, eta, halere, oxigenoa. Nork sortuta, ordea?
Metalezko bolak
Hipotesia jarri dute mahai gainean: inguru horretan, metalez osaturiko bola moduko asko daude hondoan. Nodulu horiek elektrolisia eragiten dute, eta uraren osagaiak —hidrogenoa eta oxigenoa— banantzen dituzte. Hortik letorke argirik gabe sorturiko oxigeno iluna.
Hainbat metalez osatuta daude nodulu horiek: litioa, kobaltoa eta kobrea, esaterako. Bateria asko eraikitzen dira halako metalak konbinatuta. Eta baterietan bezala, noduluetan ere tentsio diferentzia sortzen du metal nahasketa horrek. Neurtu dutenez, 0,95 voltera hel daitezke. Tresna elektriko arruntetan erabilitako AA pila batek, esaterako, 1.2 eta 1.5 volt artean eduki dezake. Noduluen korronte horrek eragiten du inguruko uraren elektrolisi prozesua.
Ondorioa, beraz, argia da. Atmosferan dagoen oxigenotik zati bat —ez dakite zenbat— metalezko bola horiek sortzen dute. Kezka sortu du horrek, edonola ere, meatzaritzan dabiltzan hainbat konpainia handik itsasoaren hondoan dagoen metala jasotzeko planak egin dituztelako azken urteotan. Konpainietako bat datorren urtean da lan horretan hastekoa.
Mundu osoan hasi dira mobilizatzen zientzialariak. Itsas adituen deia hondoko meatzaritza behin-behinean gelditzeko agiria sinatu dute dagoeneko 827 zientzialarik, 44 estatu baino gehiagokoak.