Historialaria

Xixili Bengoetxea Llona: «Otxandion izandako arrain-kontserba fabrika ia ezezaguna da herrian»

Itsasotik 50 kilometrora bada ere, arrain-kontserba fabrika egon zen Otxandion 1950eko hamarkadan. Hari buruzko ikerketa bat egin du Xixili Bengoetxeak, eta han lan egindako andreei aitortza egin die.

XIXILI BENGOETXEA
Xixili Bengoetxea, Otxandioko bolalekuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun

Duela hirurogei urte baino gehiago, arrain-kontserba fabrika bat egon zen Otxandion (Bizkaia). Herriko neska askok egin zuten lan han; gaur egun, 80 urte pasatxoko andreak dira. Haiekin elkartu eta dokumentuak ikertu ostean, fabrika hari buruzko ikerketa lana egin du Xixili Bengoetxea Llona historialariak (Otxandio, 2000). Gerediaga elkarteak lana saritu du.

Nola da posible arrain-kontserba fabrika bat Otxandion egon izana, itsasotik 50 kilometrora?

Galdera hori izan da lanaren abiapuntua. Izan ere, nahiko datu harrigarria da. Otxandiok ez dauka zerikusirik kostaldeagaz, eta ez da geografikoki oso leku irisgarria: mendatez inguratutako herri txiki bat da.

Dena den, fabrika horrek baditu bere aurrekariak Otxandion.

Ardoaren eta arrainaren ibilbidea aipatu dut lanean, Otxandiok kostaldearekin izan duen harreman komertzial baten aurrekaria delako. XVIII. mendetik XX. mendera arte egon zen martxan ibilbide hori, eta ardoaren eta arrainaren banaketarako balio zuen, merkataritza bide batek eragiten duen guztiarekin: gizarte harremanetarako kanal bat bihurtu zen, eta beste produktu batzuen banaketarakoa. Aurrekaritzat hartu dut hori, baina hipotesi bat da.

Noiz sortu zuten Garavilla SA enpresa?

Oso denbora laburrez egon zen martxan: 1957tik 1958ra. Kontuan hartuta antxoa sasoia martxotik ekainera izaten dela, martxan egon zen antxoa sasoi bitan: bi kanpainatan.

Zerk bultzatu zaitu fabrika hori ikertzera?

Jakin-minez hasi nintzen, eta, hariari tiraka, konturatu nintzen istorio interesgarri bat dela. Gainera, Otxandion izandako arrain-kontserba fabrika ia ezezaguna da herrian, eta horrek harritu nau. Interesgarria iruditu zait herriko pasarte txiki hori berreskuratzen saiatzea.

Garavilla SA fabrikan lan egindako emakumeen testigantzek osatzen dute ikerketa lana. Nola iritsi zinen haiengana?

Gertutasunagatik. Ezagutzen ditudan emakumeak dira, eta zortea izan dut. Neskatoak zirela lan egin zuten hor, eta gaur egun 80 urteren bueltan daude denak. Xehetasun pila batekin gogoratzen zuten guztia, eta oso garrantzitsua eta nahitaezkoa izan da informazio hori lana osatzeko.

Emakume horiei aitortza egitetik ere badu lanak?

Bai, noski. Emakume hauek oso gazterik hasi ziren lanean, frankismoaren diktadurapean, gerraosteko garaiaren azken urteetan. Landa eremuko beste neskato askok legez, beharrezkoa zuten etxeko biziraupenerako beren lan indarra saltzea. Azkenean, halako aldizkako lanak bihurtu ziren baserri lanen osagarri. Oso sektore feminizatua izan zen.

Nolakoak ziren haien lan baldintzak?

Haiek kontatu didate lan baldintza kaskarrak zituztela. Zortzi orduko lanaldiak izaten ziren, eta 14 eta 16 urte bitarteko neskatoak ziren. Ordu asko igarotzen zituzten zutik. Oso lan fisikoa eta latza izaten zen. Ez zieten inongo arropa berezirik ematen, eta beti amaitzen zuten zikinduta eta bustita.

Antxoarekin soilik egiten zuten lan?

Antxoarekin, bai. Prozesu guztia egiten zuten: gatzetan jartzetik latetan sartzeraino.

Antxoekin lan egiteak Italiarekin lotura duela azaldu duzu ikerketa lanean.

Euskal Herriko arrain-kontserba industriak garai on bat izan zuen orduan, kanpo eskari handi bati erantzuten ziolako. Horren zati handi bat Italiatik zetorren. 

Kaparrak ere sartu ziren ekuazioan?

Bai. Kuriosoa da. Uste dut garai hartan oso gutxi erabiltzen zirela hemen kaparrak; are, ez zirela ezagutzen ere. Antxoa soberakinekin aperitibo bat egiten zuten kaparra sartuta. Horrek erakuts dezake zuzenean Italiara zihoan produktu bat zela.

lotsabako

Behar beste zaintzen da ondare ez-materiala?
Oso balio txikia ematen zaio.

Latako antxoak jateko ohitura duzu?
Bai! Gildak gustatzen zaizkit.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.