Ostiral alaian, artea Hendaian

Itxaro Bordaren 'Ogella Line' olerki bilduma, Bruno Agerreren performancea eta Xabi Strubellen musika

Bruno Agerrek koadro handi bat sortuko du zuzenean, musika eta poema artean. BERRIA.
Erredakzioa
2013ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Kasual Friday egitasmoaren saio berezia egingo dute gaur Hendaiako (Lapurdi) Argonauta elkartean: Itxaro Bordak eta Mylene Charrierek poemak irakurriko dituzte, Bordaren Ogella Line olerki bildumatik. Bitartean, Bruno Agerre margolariak performance bat egingo du, eta Xabi Strubell musikaria zuzenean ariko da.

Itxaro Bordak Bizkaiko hondartzetan eta labarretan ibili zen bere barneko paisaiaren bila. Ogella Line liburuan bildu zuen Ogella, Ispaster, Laga, Natxitua eta beste hainbat lekutan jasotako sentipenak. Natxituan, esaterako: Gauez itsaso guztiak, gatuen pare denak, beltzak dira. Zeru mugetan, itsasargiak kliskari iragartzean zure begiak dakuskit. Irriz. Gauez. Irriz. Lur mugetan. Gauez. Gaur ez. Disko bat ere grabatu zuen olerkiekin batera. Charrierek poemen frantsesezko bertsioak irakurriko ditu. Hilaren hirugarren ostiralean egiten dituzte Kasual Friday saioak. Bitamine Faktoria taldeak antolatzen du. Hainbat eremutako artistak elkartzen dituzte, ekitaldi bat elkerrekin sor dezaten ideia baten inguruan.

Ildo berean egiten du lan Agerre margolariak Argonauta elkartean: musikari eta bestelako sortzaileekin elkarlanean, margolan handiak zuzenean sortzen ditu.

'KASUAL FRIDAY'

Non. Gaur, 20:00etan.

Non. Argonauta elkartean (Leclerc, 15), Hendaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.