Ostatuetako bozgorailuak, isilik

Aurtengo Baionako bestetako ortzegunean debekatu egin dute ostatuetako bozgorailuetatik musika jartzea 19:00ak bitarte. Txaranga eta karrikako doinuak lehenetsi nahi izan dituzte. Oro har, ostalariak eta bestazaleak kontent dira neurri berria dela eta.

Gaiteroen desfilea Baionako bestetan. PATXI BELTZAIZ
Gaiteroen desfilea Baionako bestetan. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
2024ko uztailaren 12a
05:00
Entzun

Musika talde baten biolina, danbor hotsa eta gaita aditzen ahal ziren Cordeliers karrikako Züzülü elkartearen parean, 12:00 aldera. Izan ere, aurtengo bestetako neurri berrien karietara, Baionako Herriko Etxeak debekatu egin du musika bozgorailuetatik botatzea 19:00ak bitarte. Neurri horrekin «kontent» da Nicolas Armendariz Züzülü elkarteko arduraduna. Haren erranetan, neurri horrek «dena» aldatu du. Bestetan egiten duten programazioa ikusirik, adierazi du Züzülü barnean egiten dituztela kontzertuak, eta karrikak «libre» utzi behar direla, harrabots trabagarriak eta gehiegizkoak «bazter» utzirik. Haren ustez, neurria ez da nahikoa, eta bestetako egun «guzietara» zabalduko luke. Gainera, haren aburuz, ostatuetako kanpoko barrak ere kendu beharko lirateke, karrikek «hats» gehiago har dezaten. 

Ez da arras iritzi berekoa izena eman nahi izan ez duen Patxokiko kidea. Neurri berriari buruz galdeturik, aitortu du usaian Patxa plaza inguruan ez dela ostatuetako gehiegizko soinurik nabaritzen, gauean salbu. Patxokin, Züzülün bezalaxe, kontzertuak barnean egiten dituzten heinean, urte guziz ondoko ostatuarekin bozgorailua itzaltzeko akordioa «lortu» dute, Patxokiko kidearen arabera. Neurri «hutsal» baten aitzinean, besta eredu alternatiboaren garrantzia aipatu du hark: «Ez dakit ea soinua apaltzeko edo ezeztatzeko neurriek eraginik ba ote duten; uste dut besta eredu alternatibo batekin segitu behar dugula gauzak zinez aldatzeko». 

Baionako Herriko Etxeak adierazi duenez, agente talde bat sortu dute kanpoko soinua kontrolatzeko. Herriko etxearen azken erabakiak 90 dezibeletan finkatzen du gehienezko soinu muga egunez, eta 97 dezibeletan gauez. Bozgorailuetako harrabotsa murrizteko neurriak ez du eraginik izanen ortzegunaz gainerateko besta egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.