Ostatua eta babesa tximeletentzat

Zerynthia elkartearen proiektuetako bat da Tximeleten Oasia. Elkarteak, ikastetxeak eta norbanakoak bultzatzen dituzte oasiak sortu, zaindu eta ezagutzera. Euskal Herrian 50 inguru daude. «Ezagutzen ez dena ez baita zaintzen», diote elkartekoek.

Oasi bat sortzen, apirilean, Uliako interpretazio zentroan. CRISTINA ENEA FUNDAZIOA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Badakigu tximeletak existitzen direla, baina ez diegu behar beste atentzio eskaini». Yeray Monasteriorena da hausnarketa, Zerynthia elkarteko presidentearena. Eta atentzio falta horretaz ohartuta sortu zuten elkartea duela hamabost urte: eguneko eta gaueko tximeleten ikerketa, zaintza eta dibulgazioa bermatzeko. «Ezagutzen ez dena ez baita zaintzen», diote elkartekoek, eta helburu horrekin abiatu zuten 2016an Tximeleten Oasia proiektua. Geroztik, 300 bat oasi daude Espainiako Estatuan, eta 50 inguru Euskal Herrian. Natur inguruneetan —Gorbeia, Izki, Valderejo, Salburua, Urdaibai— eta ingurune urbanoetan —Bilbo, Donostia, Iruñea, Gasteiz—, elkarteek, ikastetxeek eta norbanakoek sortzen dituzte oasiak: «Hezkuntzarako eta sentsibilizaziorako erremintak dira».

Prozedura erraza da: oasia eraiki nahi duenak Zerynthia elkartearekin jarri behar du harremanetan (oasisdemariposas@gmail. com), eta bere oasia non eraiki behar duen jakinarazi. Elkartekoek kartel bat diseinatuko diote oasiaren izenarekin eta argibideekin; hura jasotzen dutenean, argazki bat atera, elkartera bidali eta haiek euren mapan jarriko dute. Bitartekaritza eta aholkularitza lana egiten dute elkartekoek: zer landare landatu esan, zein tximeleta dituzten jakinarazi...

Elkartekoek diote ez dela leku handirik behar, oasiak eta ezagutza «saretzea» dela garrantzitsuena. «Beldarrak lurrean ikusi eta zapaldu, edo beldarrak landarean ikusi eta pestizidak erabili beharrean, kontrakoa egitea. Landare jakin batzuk landatzea, horien loreen nektarra janez elikatu daitezen, edo landare horietan arrautzak jar ditzaten. Haurrentzat eta ikastetxeentzat oso baliagarria da hori guztia, ikus baitezakete ziklo biologiko osoa nolakoa den», azaldu du Monasteriok.

Kontua ez baita lorategi eder bat sortzea. Oasia egiten duenak kontuan hartu behar du beldarrek hostoak jan egingo dituztela, eta horretarako landatzen direla landare horiek. «Landare arruntak dira: izpilikua, ezkaia, erromeroa... lorategi urbanoetan ez dira hain ohikoak, horietan sasoiko landareak landatzen dituzte, eta balioa estetikoa hartzen dute aintzat. Ihartzen direnean, kendu egiten dituzte, eta beste batzuk landatu. Lorezaintza mota horrek ez du ia ekarpenik egiten biodibertsitateari dagokionez. Horregatik bihurtzen dira hiriak basamortu biodibertsitate aldetik, eta horregatik izena du proiektuak Tximeleten Oasia», nabarmendu du Zerynthiako presidenteak.

Datu «kezkagarriak»

Biodibertsitatearen galera orokorra dela dio Monasteriok, eta ornogabeena ere bai. Larreetako tximeletei buruzko ikerketa bat osatu dute berriki, Europako Batasuneko beste hainbat herrialderekin batera: «Espezie taldetxo bat baino ez da izan, baina emaitza izan da %40 gutxitu direla azken hamarkadetan. Galera %5 balitz, jada kezkagarria litzateke; beraz, pentsa zer den %40». Arrazoiak? Pestizida gehiegi erabiltzea —«modu neurrigabean erabili ditugu»—, baina baita landa eremua albo batera utzi izana ere: «Abeltzaintza estentsiboa desagertzeak eragiten du larre eta belaze horiek jada ez direla larreak eta belazeak: sasiak eta sastrakak sartzen dira, eta desagertu egiten da milaka urtean izan dugun habitat zabal hori. Abeltzaintza geldiaraztearekin batera geldiarazi da beste guztia, bat-batean, eta ingurunean sekulako aldaketak eragiten ari da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.