Ostadarra eraman diote Gasteizko zaindariari haren egun handian. Bitxiloreak, arrosak, liliak... Hamaika koloretako loreak jarri dizkiote Andre Maria Zuriaren irudiari oinetan. Ohiturak agindu bezala, gasteiztarrak San Migelgo balkoitik igaro dira lore eskaintza egiteko. Banaka batzuk. Kuadrillaka, blusak eta neskak. Hiriko jaiei izena jartzen dienari esker ona eman, eta festan murgiltzeko gogoarekin guztiak.
Loreek ez ezik, blusen eta nesken jantziek ere kolorea eman diote Andre Maria Zuriari. Blusek eta soineko beltzek, urdin ilunek, urdin koadrodunek... Gerrikoak ere ez dira falta: beltzak, gorriak, berdeak... 09:30 aldera hasi dira kuadrillak plazan biltzen. Kide batzuk goizean goiz jaiki dira Egunsentiko Arrosarioan egoteko. Beste hainbatek esnatu berri diren aurpegia dute. Askok lotara joan ez direnen begi gorrituak. Dotore jantzita guztiak.
Andre Maria Zuriaren plazan minutu batzuk lehenago izandako elizkizunen zantzuak sumatzen dira. Urtero legez, goizeko zazpietan, Egunsentiko Arrosarioak milaka pertsona bildu ditu.Gasteizko zaindariaren atzean, alde zaharreko txokoetatik arrosarioa esan dute, bertaratutakoen gozamenerako, eta oraindik parrandan daudenen harridurarako. Arrosarioa San Migelgo elizan bukatu da, eta handik Egunsentiko Meza esan dute, guztiz beteta dagoen Andre Maria Zuriaren plazaren aurrean.
«Goazen, lore eskaintzara berandu helduko gara bestela», oihukatu du Bereziak kuadrillako kide batek, Baztertxo tabernan. Garagardo gutxi ikusten dira barra gainean; kafesneak, cola caoak, zukuak, eta dozenaka pintxo eta opil. «Jaiak luzeak dira eta... Lehen eguna indartsu hasteko modu hoberik ez dago», esan du Bereziak kuadrillako blusa batek.
Tabernatik atera, eta San Migelgo balkoira igotzeko bidean beste hainbat kuadrillarekin egin dute topo. Guztiek erritu bera egitea dute helburu. Andre Maria Zuriaren irudiaren aurrean jarri, aurreskua dantzatu, lore eskaintza egin eta talde argazkia atera Aihotz plazara doazen eskaileretan. Banan-banan igaro dira kuadrillak: Bereziak, Txolintxo, Karraxi, Luken, Hegotarrak...
Egun luzea dute blusek eta neskek aurretik. Gasteizko hirigunera bertaratzeko modua ez dutenengana eraman ohi dute festa. Txolintxo kuadrillakoak zahar egoitza bateko adinekoekin elkartu dira, Zaramaga auzoko taberna batean. Txinpartak kuadrillakoak Otxandiora bertaratu dira, lagunei, senideei, joandakoei eta orain dela hainbat urte itzulitakoei omenaldia egiteko. Ospitaleetara joango dira beste batzuk, jaia zabaltzeko.
Plaza, borborrean
Kuadrilla gehienak sakabanatuta dauden bitartean, Gasteizko hiriguneko kaleak jendez betetzen hasi dira. Tabernetako terrazak lepo beteta daude, eta han-hemenka entzun eta ikusten dira txarangak, puxika saltzaile postuak, xaboi burbuilak, erraldoi eta buruhandien kalejira...
Loma Jeneralaren plazan bi erromes agertu dira, motxila bizkarrean eta erromes maskorrazintzilik. Begi aurrean dutena ulertarazteko ahaleginean ari da blusa bat. «Hauek dira benetako Gasteizko jaiak! Kaleko jaiak!». Maria Jal Pueyok harriduraz begiratzen dio. Huescan jaioa da Jal: «Inork ez zigun esan bidean halakorik topatuko genuenik; espero aterpetxean lekuren bat izatea!».
Blusak, gida turistiko senari jarraiki, arratsaldeko egitarauaren berri eman die. Blusa eta neska kuadrillak zezenetara joaten direnekoa ikustea aholkatu die. Ordea, ez die kontatu zein zaila den hori ikusteko leku bat aurkitzea. Ezta ikusiko dutena ere.
Arratsaldeko bostetan blusak eta neskak Dato eta Posta kaleen bidegurutzean pilatzen hasi dira. Kuadrilla bakoitzaren irteera ordua aurrez zehaztuta dago, baina horrek ez du galarazi kaos unea. 3.300 blusa eta neska baino gehiago antolatzea zaila da, eta are gehiago jaietako lehen bazkaritik badatoz.
Zezenetatik itzultzea are kaotikoagoa izango dela iragarri dute blusa batzuek. Baina, berdin dio. Abuztuaren 5eko erritua bete ondoren, kaosa eta jaia eskutik joaten dira.
Gasteizko jaiak
Ostadarra, zaindariaren oinetan
Blusen eta nesken dantzek girotuta, kaleak lepo bete dira Andre Maria Zuriaren egunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu