Asteburuko proposamenak

Ospatzeko eta aldarrikatzeko

Afrikaren Nazioarteko Eguna da larunbatean, eta jarduerak antolatu dituzte hainbat herritan. Bilbon, musika, hitzaldiak eta moda desfileak egongo dira.

Afrika Bibang musikaria Bilbon, 2021ean. Larunbatean kontzertu bat emango du Bizkaiko hiriburuan, Afrikaren Nazioarteko Egunean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Afrika Bibang musikaria Bilbon, 2021ean. Larunbatean kontzertu bat emango du Bizkaiko hiriburuan, Afrikaren Nazioarteko Egunean. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
2024ko maiatzaren 23a
05:00
Entzun

Nazioarteko efemeridea da, eta, maiatzaren 25 bakoitzeko, Euskal Herriko afrikarren elkarteek eta GKEk askotariko jarduerak antolatzen dituzte Afrikaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Aurten ere, kontinente hartako musikaz, kolorez, tradizioz eta aldarrikapenez jantziko dituzte hainbat hiri eta herri. 1958an ezarri zuten Afrikaren Eguna, Afrikako Estatu Independenteen Konferentzian, kolonialismoari gaitzespen orokorra agertzeko eta Afrikako herrien arteko elkartasuna adierazteko. Apirilaren 15ean ospatzen hasi ziren, baina, 1963tik aurrera, maiatzaren 25era aldatu zuten eguna: izan ere, egun horretan eta urte hartan sortu zuten Afrikar Batasunerako Erakundea —2002ra arte egon zen indarrean, eta Afrikako Batasunaren aitzindaria izan zen—.

Hori horrela, elkartasuna dago egunaren muinean. Ospakizun bat da, baina, aldi berean, baita aldarrikatzeko abagune bat ere, Afrikaren Alde erakundeko kide Toussaint Deguenonek esplikatu duenez. Deguenonen esanetan, eguna «garrantzitsua» da, kontinentea ezagutarazteko aukera ematen duelako, eta afrikarrei bozgorailu bat ipintzen dielako «haien errealitateak» helaraz ditzaten. «Afrikaren Alde eragin politikorako talde bat da, lan egiten dugu instituzio publikoek baliabide gehiago bideratu ditzaten Afrikan dauden proiektuetara. Afrikaren Egunean, afrikarrek protagonismo handiagoa hartzen dute: lehenik eta behin, haien aniztasuna eta kultura ospatzen dute, baina, bestalde, eragin politikoa ere lantzen dute».

Musika eta beste

Zapaturako prestatu dituzten egitarauetan ere ageri dira bi alde horiek: batetik, ospatzea; bestetik, erreibindikatzea. Bilbon, esate baterako, El Orgullo Bilbao elkarteak jarduera mordo bat antolatu du. Joan den igandean izan zen aurrenekoa, egun osoko futbol torneoa Santutxu auzoko Berrio-Otxoa ikastetxean. Eta bihar eta etzi jarraituko dute egitarauarekin. Bidebarrieta liburutegiak hartuko ditu goizeko ekintzak. 11:00etan, aurtengo komunikatua irakurriko dute prentsaurreko batean, eta 12:00etan panafrikanismo berriez mintzatuko dira Guillem Balboa, Ngoy Ramadhani Ngoma eta Viviane Ogou —Hilaria Vianekek moderatuko du solasaldia—. Arratsaldean, Etxebarria parkean, Afrikako moda desfilea egingo dute, 17:30ean, Agharas elkarteko kideen amazig dantzekin girotuta. Eta, 20:00etan, musikarekin bukatuko dute eguna.

Zapatuan, danbor afrikarrekin abiatuko dira, 11:00etan; ondoren, ereserki panafrikanista jo, manifestua irakurri, eta, 12:00etan, kalejira bat egingo dute parkean. 12:30ean, Afrikako eta diasporako emakumeen eskubideak eta askatasuna bultzatzeaz arituko dira Maya Amrane, Jatou Fall eta Luis Royero —Blice Jessicak moderatuta—. 14:00etarako herri bazkaria antolatu dute, eta 17:00etan hasiko da eguneko bigarren hitzaldia: Rita Bosaho eta Abdoulaye Gueye afrikar diasporak Europako botere politikoko eremuetan duen parte hartzeaz solastatuko dira, Guillem Balboak gidatuta. Ostean, ipuin kontalari bat egongo da, afrikar mahai jokoen txapelketa bat ere bai, eta, 20:30ean musikaz jantziko dute eguna: The Factory and Slipery, Afrika Bibang eta Bigg Carlos musikariek joko dute, besteak beste, eta DJ Anderson eta DJ Karmelek amaituko dute jaialdia, 21:00etatik 23:00etara.

Nafarroan, kasu baterako, Afrikandok eta Flor de Afrika emakumeen elkarteak egitarau mardula moldatu dute larunbaterako, Antsoaingo Ezkaba eskola publikoan. Goizerako jolas afrikarrak, ipuin kontalariak eta askotariko ikastaroak antolatu dituzte: adibidez, ilea apaintzen irakatsiko dute, maskarak atontzen eta dantzatzen. Arratsaldean, kulturartekotasunaz egingo dute berba. 17:00etan, moda desfilea egingo dute. Eta musikak zarratuko du egitaraua: 18:30ean, Zarys Falconek, Rawan Diallok eta Brick Pako & Arimak joko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.