Ezarian. Zientzia. Egoitz Etxebeste. Zientzia dibulgatzailea

«Oso pertsonaia puskatzaileak izan ziren askotan»

Amaia Portugal.
2013ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Elhuyar Fundazioak Lunatikoak liburua argitaratu du. Egoitz Etxebestek (Oiartzun, 1978) aldizkarirako idatzitako 40 artikulu ilustraturen bilduma da. Historiako zenbait zientzialariren pasarteak kontatu ditu, testu liburuetan agertzen ez diren horietakoak.

Elhuyar Aldizkariko Istorioak ataleko testuak biltzen ditu liburu honek. Nola hasi zineten artikulu horiekin?

Lankide batek gai bat ekarri zuen, aldizkarirako idazten ditugun artikuluetarako. Ikusi zuen XVIII. mendean izan zela Lunatikoen Kluba deitu zioten elkarte bat, eta garai hartako punta-puntako hainbat zientzialari zebiltzan hor. Berez aldizkariko artikulu normal bat bezala jaio zen, baina istorioak ematen zuen aukera nolabait modu literarioagoan idazteko. Manu Ortegari eskatu genion ilustrazioa egiteko, eta asko gustatu zitzaigun nola geratu zen. Gainera, aldizkaria berritzeko garaian genbiltzan, eta pentsatu genuen atal oso polita izan zitekeela, ilustrazioekin jokatu eta zientziaren istorio ez horren ezagunak kontatzeko.

Erraza izango zen liburuaren izenburua erabakitzea, ezta?

Bai, batetik lehen istorio horretatik jaio zelako dena, eta bestetik iruditzen zitzaidalako istorio hauen espiritua biltzen zuela hitz horrek. Ez, noski, burutik jota zeudelako, baizik eta oso pertsonaia puskatzaileak izan zirelako kasu askotan, garaiko sinismenen kontra zihoazen gauzak egiten zituztelako, eta askotan ez zirelako oso ondo ulertuak. Iruditu zitzaidan kasu askotan lunatiko moduan ikusiak izango zirela bere garaian.

Zientzialari batzuek bere ibilbidean aurrera egiteko izan zituzten oztopoak ere kontatu dituzu. Ba al da hunkitu zaituen istorioren bat?

Emakumeek zailtasun asko izan zituzten. Adibidez, Sophie Germain matematikariak. XVIII. mendearen bukaeran bizi izan zen, Frantziako Iraultzaren bueltan, eta txikitatik oso garbi izan zuen matematika ikasi nahi zuela. Lehenengo trabak etxean izan zituen, gurasoekin. Garai hartan emakume batek matematika ikastea pentsaezina zen. Polita izan zen kontatzea nola gauetan ikastera jaikitzen zen, nola kandelak kendu zizkioten hori ere egin ez zezan, nola gizon baten izena hartu zuen unibertsitatean matrikulatu ahal izateko...

Elhuyar anaiez gain, ba al da beste euskal zientzialaririk liburuan?

Bai. Hala ere, gehiago egin nahi nituzke, kontua da ez dagoela dokumentazio askorik. Adibidez, Armand Davidena daukat egiteke, baina liburu honetan badago Ortiz de Barron izeneko baten istorioa. Arabarra zen, baina Bilbora joan zen gaztetan, eta han bizi izan zen. Honen istorioa polita da, gainera, bere biloba batengandik etorri zitzaigulako. Asmatzaile oso buruargi bat izan zen, eta besteak beste, gaur egun lorategiak ureztatzeko erabiltzen den ihinztagailu zirkular horien moduko bat egin zuen. Asmatu zuen, patentatu zuen, eta gero gerra garaian galdu egin zuen patentea. Orduan ez dakigu gaur egungoa horren jarraipenetik sortu ote zen edo beste norbaitek asmatu ote zuen.

Gerrak askotan aipatzen al dira istorio hauetan?

Bai. Bigarren Mundu Gerrak, naziek, juduek... zer kontatu asko ematen dute, adibidez. Rudolf Weiglen istorioa oso polita da,esaterako. Tifusaren kontrako txertoa sortu zuen. Jakina zen zorrien hesteetan zegoen bakterio batek sortzen zuela tifusa, eta orduan, Weiglek zorriak elikatu behar zituen txerto hori garatzeko, eta pertsonen izterretan jarrita egiten zuen hori. Polonian gertatu zen hori guztia. Naziak sartu zirenerako, Weigl oso famatua zen, eta bere institutua salbatzeko halako akordio bat lortu zuen. Jende asko salbatu zuen, hain zuzen, zorri elikatzaile bezala kontratatzen zituelako, akordio horri esker. Gainera, txerto asko pasatzen zituen Varsoviako ghettora, klandestinitatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.