Asier Suberbiola (Donostia, 1978) Aupa Quartet soka laukoteko kidea da.
Donostiako Jazzaldian hiru kontzertu emango dituzte, 20an, 21ean eta 22an. Horrez gain, beste lau kontzertu lotu dituzte: Idiazabalen joko dute, gaur, plazako kioskoan, 20:00etan; Hondarribiko Banako aretoan, bihar; Arrasaten, etzi; eta Oñatin, 23an.
Nola sortu zenuten taldea?
Ni laukote bat egiteko ideiarekin hasi nintzen. Gehien entzuten nuen musika jo eta sortu nahi nuen. Bartzelonako Lizeoan nengoen lanean, eta inguruko jendearekin jarri nintzen harremanetan. Ordutik pare bat aldaketa eduki ditugu, eta duela bi urtetik egungo laukotea gara. Ideia soka laukote bat sortzea zen, musika modernoa egiteko, eta hori da garena.
Zer musika estilo jorratzen duzue?
Latin jazza asko jorratzen dugu, kubatar musikatik nahiko gertu dagoen estiloa. Fankya ere sarritan jotzen dugu, erritmoa sartzeko, eta folk kutsua ere ematen diogu.
Ezberdina al da Idiazabalen jo edo Donostiako Jazzaldian jo?
Batez ere, proiekzioa da aldatzen dena. Guk, jotzen dugun lekuan jotzen dugula, dena ematen dugu, ilusio askorekin, beti. Zenbat jendek entzun gaitzakeen ezberdina da, zer aukera dagoen jazzaren munduan sartuta dagoenpertsona bat egoteko, guretzat interesgarria izan daitekeena...
Ze eragin dauka Antony and the Johnson taldearekin jotzeak?
Lan egin nuen orkrestan sartuko gara laukotea. Funtzioa ez dago horrenbeste gure esku, pasiboagoa da parte hartzea, ez da hain sortzailea. Argi dago zein den protagonista.
Nola ikusten duzue jazzaren mundua?
Donostian asko aldatu da panorama Musikene dagoenetik. Ekarpen handia egin du. Belaunaldi berriak hasi dira sortzen, jazza ikasi nahi eta ikasten dutenak. Jotzeko gogoa dute, jazza programatzen duten tabernetara joaten dira, eta kontzertu irekiak antolatzen dituzte. Horrek, azkenean, kultura bat sortzen du, eskola bat. Jendea afizioa hartuz joaten da, kontzertu horiek gustatzen zaizkien jendea inguratzen da, eta zabalduz joaten da. Gorakada nabarmena egon da. Gero eta jende gehiago ari da ikasten. Lehen, interesa bazegoen, baina orain, aukera hori ematen dute. Jendea elkarrekin jotzeko batzen da, eta lehia dago. Hori oso ona da. Bartzelona ezberdina da, ezin da alderatu. Historia handia dago, tradizio eta ohitura handia. Aukera askotarikoa dago. Egunero dago jotzeko edo entzutera joateko aukera. Talde asko daude, proportzioan dena da gehiago: musikari gehiago, afizio gehiago, eskaera gehiago, ideiak hartzeko jende gehiago... Orokorrean, baikorra naiz jazzaren egoerarekin. Ekarpen handia ematen du gaur egun. Gainera, oso irekia da. Musika landua duten estiloetatik gehien lantzen dena da, musika klasikoaz gain. Hala ere, oraindik asko dago ikasteko.
Zer eskainiko diezue Euskal Herriko bira honetara bertaratuko diren ikusleei?
Bermea. Gure kontzertuetara etorri den jendeak oso ongi pasatu du, pila bat gustatu zaio, hori esaten didate helduek, gazteek, haurrek, musikariek, musikari ez direnek... jende guztiak. Martxa daukagu, indarra. Oso musika freskoa egiten dugu, berritzailea. Horrez gain, ez da zaila entzuteko, eta martxa dauka, batez ere. Hori eskuratzea oso zaila da soka laukote bat izateko.
Asier Suberbiola. Aupa Quarteteko musikaria
«Oso musika freskoa egiten dugu, berritzaileak gara, martxa daukagu, indarra»
Donostian jaio, Lasarten hezi eta Bartzelonan bizi den musikaria baikorra da egun jazzak bizi duen egoerarekin: «Donostian Musikeneren lanak eskola bat sortu du, kultura bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu