Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera

Itziar Ituño eta Nagore Ugarte: «Oso hunkigarria da ikustea jai hauek zelan sortzen diren herritik eta herriarentzat»

Ugarterentzat, Bilboko Konpartsen lana helaraztea da txupineraren egitekoetako bat. Eta egiteko hori gertutik ezagutzeko aukera eman dio Ituñori pregoilari izateak.

Itziar Ituño pregoilaria eta Nagore Ugarte txupinera, Bilboko Areatzako Gastrogunean, herenegun. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Itziar Ituño pregoilaria eta Nagore Ugarte txupinera, Bilboko Areatzako Gastrogunean, herenegun. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2024ko abuztuaren 23a
05:00
Entzun

Arriaga antzokiko balkoian erakutsitako emozioa eta elkarrizketa osoan edukitako irribarrea nahikoa ez, eta berbekin berretsi dute zirrara eta Bilboko Konpartsekiko esker ona Itziar Ituño aktore, abeslari eta Bilboko Aste Nagusiko pregoilariak (Basauri, Bizkaia, 1974) eta Nagore Ugarte Zorrotza auzoko Txinbotarrak konpartsako kide eta txupinerak (Bilbo, 1983). Egunero, gutxienez hamar orduz ibiltzen dira jarduera batetik bestera, baina esperientzia laburra egiten ari zaie, nonbait. «Sekulako pena emango dit bukatzen denean», esan du Ituñok. «Berriro maitemindu naiz Bilbogaz eta Bilboko jendeakaz. Eskuzabaltasun hau ez dut leku askotan ikusi, eta pribilegiatua naiz lekuko izateagatik».

Nola doaz jaiak?

ITUÑO: Oso ondo. Segituan pasatu da. Oso polita izaten ari da, ederra. Esperientzia itzela.

UGARTE: Esaten digute: «Atseden hartu, ze oraindik ez dakit zenbatgarren eguna da». Eta guk: «Jada hainbeste egun pasatu dira?».

Gomendio horri kasu egiten diozue?

UGARTE: Bai, bai. Hasieratik, lehenengo egunetik, formal-formal gabiltza, astea luzea eta gogorra delako.

ITUÑO: Beti egiten dugu lo, gehiago edo gutxiago, ahal dena. Bestela, gorputzak ez du aguantatzen. Karga fisikoa baino gehiago, emozionala da. Estimulu onak dira, baina hainbeste dira...

«Txupinazoa pastelaren ginga da: Pa! Eta denak orroka hasten dira. Hor ja negar egiten duzu... Oso momentu ederra eta bitxia da»

ITZIAR ITUÑOBilboko Aste Nagusiko pregoilaria
Pregoiaren egunean bertan agerikoa zen oso hunkituta zeundetela. Nola gogoratzen duzue?

UGARTE: Emozioak bata bestearen atzetik egon ziren: San Anton zubira heldu ginenean, Aiora [Renteria, iazko pregoilaria] eta Izaskun [Pinedo, iazko txupinera] zeuden, eta nire konpartsa haien atzean...

ITUÑO: In crescendo batean joan zen: lehenengo, San Anton zubian; gero, kalejiran joan ginen Bilbo ikusten, eta ikuspegi oso pribilegiatua da, erdi-erdian baitzaude. Aurpegi guztiak ikusten dituzu, zelan pozten diren gure figurak ikustean —ikurrak baikara—, Marijaia atzean dugula. Udaletxera ailegatu, eta protokolo instituzionala dago, aginte aldaketa... Eta denak amaitzen du balkoian, eta jendea oihukatzen ari da: tokatzen zaizu zure pregoia botatzea, eta gero txupinazoa. Txupinazoa pastelaren ginga da: Pa! Eta denak orroka hasten dira. Hor ja negar egiten duzu... Oso momentu ederra eta bitxia da.

Elkarrizketaren batean aipatu izan duzu azken urte hau oso gogorra izan dela zuretzat. Unerik onenean etorri al da pregoilaria izateko proposamena?

ITUÑO: Etorri zenean, laneko gauzekaz nenbilen, eta azkenean egin ez dudan proiektu bategaz. Urte gogorra izan da, bai lan arloan, bai publikoki: jazarpena eduki dut; eduki ditut erasoak, irainak, mehatxuak... Urtarrilean, manifa horretara joateagatik [euskal presoen eskubideen aldekoa], pankarta bat eusteagatik... Manifa erabat legala zen, portzierto. Ordutik hona, kolpetxoak jaso izan ditut. Eta hau opari baten legez bizi dut. Bilboko Konpartsek eman didaten besarkada bat da. Eta, orduan, ni izango naiz euren bozgorailua. Pentsatu nuen: zer aldarrikapenetan egiten dugu bat herriak eta biok? Hortik sortu zen pregoia. Eta bertsoa Jon Maiak idatzi zidan, laguntza eskatu nion. Urtea ez da amaitu, baina asko hobetu da: ilun hasi bazen, argitasunera pasatu da, eta maitasunera.

«Bilbotarrontzat, txupineraren figura itzela da; azken finean, txupinera Bilboko Konpartsen ordezkaria da, eta, beraz, herriaren ordezkaria»

NAGORE UGARTEBilboko Aste Nagusiko txupinera
Txupinera bihurtuta, txikitatik zenuen amets bat bete duzu, ezta?

UGARTE: Bai, hori da. Bilbotarrontzat, txupineraren figura itzela da; azken finean, txupinera Bilboko Konpartsen ordezkaria da, eta, beraz, herriaren ordezkaria. Eta neskatilek ere ikusten dute igual, egunen batean, haiek ere txupineraren rola edukiko dutela.

ITUÑO: Baina esan behar da lan handia egiten duela urte osoan, guk ondo pasatzeko. Berak, baita bere konpartsak eta konpartsa guztiek ere. Jende horren eskura dago txupinera izatea. Txupinera izateko merituak eduki behar dira, eta lana egin behar da.

Ardura bat izan da zuentzat halako protagonismoa izatea?

UGARTE: Ni Bilboko Konpartsen ordezkaria naizenez, haien lana plazaratzen saiatzen naiz. Sekulako lana egiten dugu urte osoan, ez bakarrik Aste Nagusian; beste mila kontu daude. Eta aste hau prestatzeko hilabeteetako lana behar da.

ITUÑO: Eta kanpotik gatozenak, pregoilari izaten garenok, konturatzen gara zelako lana dagoen honen atzean, eta harrigarria da. Oso hunkigarria da ikustea jai hauek zelan sortzen diren herritik, herriarentzat, autogestionatuta; jaiak egiteko eta erabakiak hartzeko dagoen inplikazioa oso interesgarria da. Halango oso eredu gutxi daude. Ez dakit bakarra ez ote den...

Zure pregoiak mezu oso positiboak eragin ditu sare sozialetan. Harrera beroa igarri duzu?

ITUÑO: Egun hauetan ez nago sareetan; bizitzan nago. Kalean ikusten dut jendearen aurpegia, eta zelan etortzen diren besarkatzen eta eskerrak ematen. Uste dut euren ordezkaria ere izan naizela, eta horrek zoriontsu egiten nau. Hunkitu egin direla ere esan didate. Bada, hunkitu bazara, listo: hori da kontua.

UGARTE: Egia esan, egun hauetan oso kritika gutxi egon dira, aurrez aurre behintzat.

ITUÑO: Hiru. Eta izan dira pregoia euskara hutsean egin izanagatik.

 

«Ni euskaldun berria naiz; badakit parrandan zabiltzanean mingaina askatu egiten dela, eta lotsa galdu. Orduan, jaiak ezin egokiagoak dira euskaraz trebatzeko»

ITZIAR ITUÑOBilboko Aste Nagusiko pregoilaria
Inoiz esan duzu badirela jaiak euskara erabiltzeko eremua, bakoitzaren trebetasuna gorabehera. Jaiak eremu erosoa dira euskararentzat, zuen ustez?

ITUÑO: Unerik aproposena dira. Ni euskaldun berria naiz; badakit parrandan zabiltzanean mingaina askatu egiten dela, eta lotsa galdu. Orduan, jaiak ezin egokiagoak dira euskaraz trebatzeko. Eta jende gehiena euskaraz etortzen zaigu.

UGARTE: Bai, hala da. Txosnetan ere saiatzen gara lehenengo berba euskaraz egiten: zerbitzatzen dugunean, programetan... Zailtasunak dituztenei aukera ematen diegu praktikatzen eta saiatzen hasteko.

Agenda bete-beteta daukazue. Zelan moldatzen zarete?

UGARTE: Talde itzela dugu ondoan, haiek kontrolatzen dute agenda. 09:45ean, Arriagan elkartzen gara, egunean zer dugun azaltzen digute, suziria botatzen dugu, haiei eskutik heltzen diegu, eta aurrera goaz.

ITUÑO: Bazkariak oso politak izaten dira. Bazkari bakoitza txosna batean izaten da. Eta mikromundu hori ezagutzen duzu.

UGARTE: Aurten, beste txosnen tripak ezagutzen hasi naiz.

ITUÑO: Pinpin [Pinpilinpauxan] igerilekutxo bat daukate! Nik bainujantzia ekarri dut...

«Ticket Bain sartzeko, logistika jakin bat behar da, eta, oraingoz, ez gaude horretarako prest. Ea adostasun bat lortzen dugun, eta arazoa konpontzen edo bideratzen dugun»

NAGORE UGARTEBilboko Aste Nagusiko txupinera
Aurtengo gaietako bat Ticket Bairen ezarpena izan da. Bilboko Konpartsen txosnetan 2026an aplikatuko da; baina, hala ere, jada nabaritzen da kezka konpartsakideen artean?

UGARTE: Bai, noski, kezkatuta gaude. Askotan komentatu dugu txosnetan eta lanean ari garenak ez garela profesionalak. Eta guretzat oso zaila izango da dena kudeatzea. Hori, batetik. Eta, bestetik, logistika ere badago. Ticket Bain sartzeko, logistika jakin bat behar da, eta, oraingoz, ez gaude horretarako prest. Ea adostasun bat lortzen dugun, eta arazoa konpontzen edo bideratzen dugun.

Askotan aldarrikatu duzue ez duzuela irabazi-asmorik...

UGARTE: Nire konpartsan, adibidez, diru sarrerak auzoan inbertitzen ditugu: urte batzuetan, euskaltegiko matrikulak ordaintzen laguntzeko erabili ditugu; Bilboko Udalak ez du musika eskolarik Zorrotza auzoan, eta Txinbotarrak konpartsak eman du aukera panderoa, gitarra, bateria alboka, trikitia eta abar jotzen ikasteko. Diru hori lortzeko, hemen egon behar dugu lanean gau eta egun. Baita auzoko jaiak antolatzeko ere.

Ticket Baik arriskuan jarriko luke hori dena?

UGARTE: Bai, noski. Nik, oraintxe bertan, ez dut bateragarria ikusten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.