Eneko Goiburu. Gaztagilea

«Oso gazta goxoa da, denen gustukoa»

ane insausti barandiaran
Ordizia
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Hunkituta, malkoak begietan jaso du Goiburuk garaikur bikoitza: aurtengo lehiaketako txapela eta Urrezko Garaikurra. Gurasoengana joan da emaitza entzun orduko, eta besoak buru gainera eraman ditu, ezin sinetsita. Kosta zaio kazetarien galderak erantzuteko hitzak biltzea.

Garaipenaren berri izan orduko, gurasoengana joan zara. Zer moduz zaude?

Gurasoak hor zeuden, eta oso hunkigarria izan da. Egin dudan lehenbiziko gauza haiengana joatea izan da, haiek besarkatzeko. Hunkituta nago, emozioz izerditan.

Nolakoa da gazta irabazlea?

Martxoaren 13ko gazta bat da, beraz, denboratxo bat dauka, bere zaporeak hartuta dago. Gazta ketua da, koipetsu puntu bat dauka, baina pikante zaporea ere badauka. Oso zaporetsua da, eta oraindik testura ona mantentzen du, ketu puntu batekin. Oso gazta goxoa da, denen gustukoa.

Txapelaz gain, Urrezko Garaikurra ere lortu duzu.

Ez genuen espero, egia esan. Oso hunkigarria da. Ilusioa baneukan, baina hamalauren artean irabaztea zaila da, eta ez nuen espero. Esan duten arte, ez nuen espero.

Irabazlearen talaiatik, zer mezu zabaldu nahi duzu?

Gaur egun, artzainon eta gaztagile guztion mezua bera da: kostu guztiak izugarri ari dira igotzen, eta eros dezatela Idiazabal gazta, artzain gazta. Eros ditzatela tokiko produktuak, larreak, belardiak, kultura eta tradizioa mantentzen laguntzen ariko direlako. Ez du axola nirea erosten duzun edo ondokoarena, baina bertan erostea da mezua. Nekazariak eta abeltzainak lagundu behar dira. Eta nola laguntzen den? Bada, erosten.

Nola ospatuko duzu?

Etxera joango naiz, familiarekin bazkaltzera, eta ez dut askoz ere gehiago ospatuko [barrez]. Arratsaldean lan egin behar da; beraz, ez dago ihesbiderik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.