Naturala, gertukoa. Hitz horiekin deskriba daiteke Iker Galartza aktorea (Amezketa, Gipuzkoa, 1977). Eta hitz berberekin azal daiteke elkarrizketarako aukeratu duen lekua: etxeko ortua. Euskal Herriko txokorik kutunenari buruz galdetuta, hainbat aukera buruan izan eta gero, egunkarirako hitzordua «oso gustura egoten den lekuan» egitea erabaki du. «Lana dela eta, ordu asko ematen ditut kanpoan. Ni, berez, oso etxezalea naiz, eta, azkenean, baratzea etxean egoteko aitzakia da, denbora-pasa bat».
Etxe ondoan dauka baratzea Galartzak; 40 bat metrora, aldapa gora. Handik, Tolosa ikus daiteke, eliza eta herrigunea. Ondo-ondoan bizi da, pare bat minutura oinez, Oria ibaiaren bestaldera. Goitik N-1 errepidea zeharkatzen duten autoen hotsa iristen da, zuhaitz artean motelduta. Lasai dago ingurua. Burdinazko atea ireki, eta landatutako guztia erakutsi du aktoreak. Lurretik gora altxatzen diren barazki eta lekale denak zerrendatu ditu banan-banan; denetarik landatu du: tomateak, babarrunak, lekak, kuiak, kuiatxoak, Ibarrako piperrak, espinakak, azaloreak, porruak... guztiak garaikoak.
Bost bat egun kanpoan oporretan eman ditu alaba zaharrenarekin, eta oraindik ez du astirik izan ortutik pasatu, eta behar bezala txukuntzeko. Erdi brometan, erdi serio, irribarre egiteko beti prest, esan du bere baratzeak ez daukala egunkarian agertzeko itxurarik egokiena: «Aitak esango dit, bai, ea ez daukadan hau erakusteko lotsarik, hobe nuela gezurra esan eta argazkiak beste baratzeren batean erakustea».
Betidanik ezagutu du aktoreak baratzeko lana, eta beti gustatu izan zaio. Txikitan, amonari porruak jartzen laguntzen zion Amezketan: «Hortxe ibiltzen ginen beti, batzuetan ilarak elkarren hurbilegi jarrita, eta besteetan, bananduegi». Orain, alaba Elene ibiltzen da aitari noiz edo noiz laguntzen.
Gogoko du Galartzak barazki askorekin probak egitea, eta azoketan askotan eskatzen die aholkua hemengo nekazariei, ea zer landatu beharko lukeen, eta antzekoak. «Badaude baratzean betiko jakiek egon behar dutela esaten dutenak, baina, niri, produktu berriak landatzea gustatzen zait: brokolia, romanesco-a... Pentsa, iaz hiru meloi jan genituen!».
Euskal Herritik kanpo egon den bitartean, eguraldi goibela izan dute Tolosan, eta pare bat egunetan euri apur bat egin du. Mesede egin dio horrek baratzeari, egarriz hartu dute barazkiek indarra. Sasoiko azken tomateak izan daitezkeenak biltzeko moduan ditu jada, baita kuiak eta lekak ere. Babarrunak, esaterako, makiletan gora ditu jada, sasoitsu, berde-berde.
Hilabete barru-edo hasiko da Tolosako lekalerik preziatuenak biltzen: «Hogei bat egun barru bilduko ditugu lehenengoak; nik beti diot, txantxetan, Tolosako benetako babarruna nirea dela, udaletxetik bost minutura ereindakoa». Iaz, hamasei bat kilo jaso zituen, eta, aurten ere, neguan eltze dezente betetzeko adina izango du.
Baratzeko lana bere ogibidearekin alderatu du aktoreak. Onartu du lana eskatzen duela ortu bat izateak, eta dena ez dela jasotzea, gogotik izerditu behar dela ereindako fruitua bildu aurretik. «Antzerki bat egiteko, hilabeteak ematen dituzu proba saioak egiten, inongo erantzunik gabe, eta, ondo aritu bazara, uzta jasotzen hasten zara emanaldiak hastearekin batera. Bada, baratzean, berdin-berdin; konstantea izan behar duzu».
Izan ere, eguneroko lana eskatzen du baratzeak, eta hori ondo baino hobeto daki amezketarrak. «Maiatz-apiriletik aurrera egunero buelta bat egin behar duzu. Ordu erdi dela? Ordu erdi, baina zerbait egin. Ikusi besterik ez dago, bost egun kanpoan eman eta...». Trena bezala baita ortua, ez du itxaroten. Eta berandu dabilena, beti atzetik. Hala ei dabil batzuetan Galartza, denbora faltagatik, baina lasai hartzen du, filosofiaz. Etxean jateko adina ateratzen badu, gaitz erdi.
Lagun artean nahiago
Bakarrik ez, lagun artean lan egitea gustatzen zaio, eta beti izaten du norbait laguntzeko prest: «Afizioa duena etortzen da, plan ona da. Niri, gainera, gustatzen zait jende artean egotea; pare bat ordu bakarrik ematen baditut, pentsatzen dut 'ez al da inor etorriko gaur?'. Halakoetan, aitzurra utzi, eta ni jaisten naiz parkera edo tabernara lagunen bila».
Izan ere, jaiegun batean gozatzeko ez da urrutira joan behar, Galartzaren aburuz. «Gure lanarengatik, halabeharrez, ordu asko egiten ditugu etxetik kanpo, eta gustatzen zait libre daukadanean hemen egotea». Plana? «Umeekin goizean bizikleta buelta bat eman, baratzean pare bat ordu egin, dutxatu, arropa aldatu, Tolosara jaitsi, ogitarteko bat jan, eta sagardo botila bat edan. Zer gehiago behar dugu?».
Baratzea (Tolosa, Gipuzkoa)Iker Galartza
«Oso etxezalea naiz; eta baratzea bada etxean egoteko aitzakia»
Mahonezko galtza urdinak eta elastiko marroia jantzita, lanerako prest da aktorea, belaunikatu eta etxe ondoan daukan baratzeari etekinak ateratzeko moduan. Izerdiak baditu bere fruituak, ereindako guztia biltzeko garaia iristen zaionean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu