Zientzia. Estibaliz Diaz. AZTIko ikertzailea, aingiretan aditua

«Oso egoera larrian dago aingira europarra»

Angulak eta aingirak badaude Euskal Herrian, baina ez dira ezagutzen haien historia, bizimodua eta egoera. Estibaliz Diaz aingira hobeto ezagutzeko eta babesteko lanetan ari da.

OSKAR MATXI EDESA / FOKU.
jakes goikoetxea
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Estibaliz Diazek (Barakaldo, Bizkaia, 1974) esanak entzunda, eta, haren gomendioz, Patrik Svenssonen The Gospel of the Eels (Aingiren ebanjelioa) irakurrita, zaila da aingirez ez maitemintzea: duela milioika urteko animalia bat da, Pangearen garaian espezietan bereizia; Aristoteles filosofo eta zientzialari greziarra erakarri eta kateatu zuen —lurretik, berez, jaiotzen zirela uste zuen—; Sigmund Freud hilabeteetan aritu zen haiei tripak ateratzen, barrabilak bilatu nahian, obsesio bihurtzeraino; larbak direla, milaka kilometroko bidaia egiten dute Sargazoen itsasotik Europako ibai eta itsasadarretara; helduak direnean, berriz, itzuli egiten dira, ernaltzeko... eta hiltzeko; eta argitzeko hainbat misterio dituzte oraindik. Munduko animaliarik misteriotsuena direla esan ohi da. Angulak eta haien prezio garestia baino askoz ere gehiago, beraz.

Biologian doktorea eta AZTIko ikertzailea da Diaz. Aingiren populazioen dinamikak ikertzen ditu. Horrez gain, Europako Sudoang proiektua koordinatu du: tresna eta metodo bateratuak sortu dituzte aingira europarra kudeatzeko.

Aingira europarra (Anguilla anguilla) Euskal Herrian bizi den espezie bat izanda ere, ez al da arrotza eta ezezaguna jende gehienarentzat?

Bai. Oraindik ere, bilera askotan galdetzen didate ea angula eta aingira espezie bera diren. Guretzat ere, ikerlariontzat ere, aingirak misterio asko ditu. Gero, ez dakit zergatik, jende askori nazka ematen dio: suge itxura daukalako... Ezagutuko balute, maiteminduko lirateke.

Paradoxa da: ezagunagoa da uretatik kanpokoa —angula, batez ere—, ur barrukoa baino?

Bai, guztiz.

Animalia bakarra izanda, izaten duen eboluzioa ikusita, badirudi lau direla: Sargazoen itsasotik Europara eta Afrika iparraldera joaten den larba leptozefaloa; arrainkumea, angula; ibaietan bizi den aingira horia; eta ernaltzera Sargazoen itsasora bueltatzen den aingira zilarkara. Badago horrelako besterik?

Ez dakit, badaude fase oso ezberdinak dituzten intsektuak. Aingirak metamorfosi oso indartsuak izaten ditu. Larbak ez du zerikusirik angularekin, morfologikoki oso ezberdinak dira. Aingira horia eta zilarkara, ordea, ez dira hain ezberdinak, pixkanaka pasatzen da batetik bestera.

Itsasoan jaio, ibaietan bizi, berriro itsasora bueltatu... Ikertzaileontzat, erronka bat izango da, bai ezagutzeko, bai kudeatzeko, ezta?

Hainbeste habitatetatik pasatzen denez, hainbeste mehatxuri aurre egin behar dienez, neurtzeko oso zaila da. Eta, kudeaketaren aldetik, stock bakarra da Norvegiatik Afrika iparraldera. Oso zaila da hori koordinatzea.

Nola da posible milimetro gutxi batzuetako larbek Sargazoen itsasoaren eta Europaren arteko 7.000 kilometroak egitea?

Korronteez baliatuz iristen dira. Uste da azkeneko fasean, gure kostaldetik gertuago daudenean, badutela igeri egiteko gaitasuna. Jaiotzen direnean, ez. Bidean haziz joaten dira; hona iristen direnerako, jada ez dira hain txikiak.

Animalia misteriotsua dela esan ohi da. Hari buruzko misterio asko argitu gabe daude oraindik. Sargazoen itsasoan jaiotzen dela uste da, han aurkitu direlako larbarik txikienak. Baina han ez dute topatu arrautzarik edo aingira heldurik.

Alemaniako espedizio bat hiru urtean behin joaten da aingira europarraren arrautzak bilatzera, baina oraindik ez ditu aurkitu. Ez du aurkitu aingira ugaltzailerik ere. Hori bai, ikusi dute larba gutxiago daudela. Horrek esan nahi du ugaltzaile gutxiago daudela.

Argitu gabeko misterio bat: aingira europarrek, heldutasun sexuala lortutakoan, zer bide egiten duten Europako ibaietatik Sargazoen itsasora, han ugaltzeko. Zer dakizue bideaz?

Sekulako bidaia da. Lortu da aingirei Azoreetaraino jarraitzea, baina hortik aurrera ez. Pop-up marka elektronikoak jarri zizkieten, igorgailuak. Denbora jakin bat pasatu eta gero, marka horiek askatu eta ur azalera joaten dira, eta bildutako datuak bidaltzen dituzte, satelite bidez: ibilbidea, sakontasuna, tenperatura... Duela bi urte, Ingalaterrako ikerketa talde batek zuzenean aingirak Azoreetan askatu zituen, handik nora joaten ziren jakiteko. Badituzte emaitzak, baina oraindik ez dituzte argitaratu.

Eta zer diote orain arte bidaia horri buruz bildutako datuek?

Gauza interesgarriak ikusi dira: egunez itsas hondoan egoten direla [mila metrora arteko sakoneran], eta gauez igotzen direla. Baita bidaia ez dutela zuzenean egiten ere. Azoreetan bueltaka aritu ziren hainbat egunean. Heldutasun sexuala lortzea prozesu jarraitua izaten da, ez bat-batekoa. Teoria bat da ez zirela nahiko helduak, eta bueltaka aritu zirela.

Beste misterio bat: zenbat denbora irauten du Sargazoen itsasora bueltatzeko bidaiak?

Uste da sei hilabete irauten duela, baina hori ere argitu gabe dago.

Itzulerako bidaia horri lotutako beste ezaugarri bat, misterioa baino gehiago, harrigarria da: aingirek ez dute ezer jaten, pilatutako gantza baliatzen dute.

Migrazio prozesu luze hori egiteko, gorputza aldatu egiten dute: hegala garatzen dute, gehiago igeri egiteko; begia atrofiatzen zaie, sakontasun handietan ibiltzera ohitzeko; eta gantzak metatzen dituzte, ez jan behar izateko.

Arrain koipetsua da.

Bai, eta, neurri batean, haien kontrakoa da: gantzetan PCB asko metatzen zaizkie [poliklorobifeniloak, kutsatzaile iraunkorrak]. Agian ez die heriotza eragiten, baina kalte egiten die: migrazioa zailtzen die, sortzen dituzten arrautzek edo larbek malformazioak izan ditzakete... Kontua ez da bakarrik Sargazoen itsasora iristea, baizik eta ugaltzeko gai izatea.

Nola jakiten dute Sargazoen itsasora bueltatu behar dutela? Adin askotako aingirak aurkitu dituzte Sargazoen itsasora bueltan.

Horretan zerikusia du bizi diren lekuak. Uraren tenperatura zenbat eta beroagoa, orduan eta azkarrago hazten eta heltzen dira. Gainera, normalean, ur beroetan janari gehiago izaten dute. Hegoaldekoak azkarrago heltzen dira.

Duela gutxi argitu da aingirei buruzko misterio bat: nola dakiten zer bideri jarraitu behar dioten Sargazoen itsasora itzultzeko. Memoria magnetikoa dute?

Orientazio magnetikoa izatea ohikoa da: migratzen duten txoriek ere badute. Norvegian esperimentu bat egin zuten hainbat ibaitan bildutako angulekin: ur tankeetan sartu eta aldatu egiten zieten orientazio magnetikoa. Ikusi zuten, tankeetako orientazio magnetikoa aldatuta ere, angulek eutsi egiten ziotela haien jatorrizko orientazioari. Erakutsi zuten orientazio magnetikoa grabatzen dutela, memoria magnetiko bat dutela, nolabait.

Aingira europarraren egoera oso larria da Bizkaiko golkoan. IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunaren arabera, «arrisku kritikoan» dago.

ICESek [Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseiluak] 1960 eta 1979 artean iristen ziren angulen batezbestekoa erabiltzen du erreferentzia gisa. Gaur egun, kopuru horren %5,4 iristen dira. ICESek esaten du muga biologiko seguruetatik kanpo dagoela; IUCNk, berriz, arrisku kritikoan dagoela, eta hurrengo kategoria jada desagertzea da. Oso egoera larrian dago aingira europarra.

ICESeko aingiraren batzorde zientifikoan parte hartzen duzu. ICESen iritziz, zuhurtziaz jokatuz gero, ez litzateke aingira europarrik arrantzatu behar 2022an, ez saltzeko, ez aisialdiko arrantzan. Horrek egungo arrantza debekatzea esan nahi du.

Bai, baina gauza ezberdinak dira aholku zientifikoa eta erabaki politikoa. ICESeko ikertzaileok aholku bat ematen dugu; ICESek berak aztertzen du, eta Europako Batzordeari ematen dio; Europako Batzordeak proposamen bat egiten die arrantza ministroei; eta batzuetan kasu egiten diete, eta beste batzuetan ez. Negoziazio politikoak daude: irizpide zientifikoa ez da gailentzen.

Euskal Herriko kostaldean, mugatuta bada ere, baimenduta dago angulak arrantzatzea. Norena da ardura?

Barruko urak dira, itsasadarrak, eta Eusko Jaurlaritzarena da ardura. Baina Europako Batzordeak erabakiko balu arrantza debekatu beharko litzatekeela, Eusko Jaurlaritzak debekatu beharko luke.

Beste leku batzuetan debekatu dute.

Bai, Andaluzian [Espainia], esaterako.

Hego Euskal Herrikoa aisialdiko arrantza da. Europan beste inon badago angularen aisialdiko arrantza?

Ez, Europako angularen aisialdiko arrantza bakarra da.

Eusko Jaurlaritzak 2008an onartu zuen aingira berreskuratzeko plana. AZTI du aholkulari. Datuak ikusita, kudeaketa planak porrot egin du?

Aintzat hartu behar da aingira europarrarena stock bakarra dela, eta, azkenean, iristen den angula kopurua ez dela zuk egiten duzunaren emaitza soilik, hura bizi den eremu guztian egin denaren emaitza baizik. Porrota orokorra izan da. Kudeaketa plana aurrerapauso handia izan da; planik gabe, askoz okerrago egongo litzateke. Baina argi dago ez dela nahikoa izan, eta berrikusi behar da.

Noizbait lortuko da aingira europarraren kudeaketa bateratua?

Portugalgo, Frantziako eta hemengo ikertzaileok batu gara, eta egin dugu ahalegina ebaluazioak bateratzeko, arazoa baitzen bakoitzak bere metodoak erabiltzen zituela. Bestea kontu politikoa da. Ahalik eta kudeaketa bateratuenera jo beharko genuke; bakoitza bere aldetik badoa, ez dugu lortuko. Oso zaila da.

Hainbat faktorek eragin dute gainbehera: gehiegizko ustiapenak, kutsadurak, parasitoek... eta ibaietako hormek eta zentral hidroelektrikoetako turbinek. Lanean ari dira ibaietako oztopoak kentzeko?

Gipuzkoako Foru Aldundia oso aktiboa da horrelako oztopoak kentzeko; teknikariak oso motibatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.