ATZEKOZ AURRERA. Maite Berriozabal. Gai jartzailea

«Oso boteretsuak gara askotan»

Gai jartzaileen jarduna aldatzen ari dela antzeman du Berriozabalek, beren lanak duen eraginaz jabetuta. Askotan oharkabean igaro ohi den lan horretaz mintzatu da: «Ez nuke esango tragiko izateko joera dugunik».

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iker Tubia.
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Gazte hasi zen gai jartzaile: 16 urterekin. Eta, orduz geroztik, hamaika txapelketa eta saio zuzendu ditu Maite Berriozabalek (Berriz, Bizkaia, 1987). Feminismoa eta bertsogintza hizpide izan ditu Bertsolamintza jardueretan, Gasteizko Amaia zentroan.

Gai jartzaileak ere urduri igotzen zarete oholtzara?

Urduri igotzen naiz, urduri nago saioa prestatu bitartean eta saioa amaitu arte.

Ausartuko zinateke alderantziz egitera? Bertsoa aditu eta horri gai edo izenburu bat jartzera?

Ahozkoan eta aurrez aurreko elkarrizketetan inprobisatzen abila izaten naiz, baina, horrelako egoera batean, eta bertsolariek duten gaitasun mentalarekin, uste dut galtzen aterako nintzakeela. Beraz,nahiago kontserbadore jokatu.

Zer garrantzi du gai jartzailearen jardunak?

Elkartean eta gai jartzaileok ikuspegi feministatik eta beste ikuspegi batzuetatik konturatu gara zer-nolako eragina eta erantzukizuna dugun saioaren arrakastan, bertsolarien ongizatean, gai batzuk eman edo ez ematean, nola instalatu ditugun... Hausnarketa horretan sakondu beharrean gaude gu ere.

Boladek arrastaka eramaten zaituztete, edo saiatzen zarete mainstream dena alboratzen?

Saiatu bai. Gaur, masa komunikabideen eta sare sozialen hegemoniak eramaten gaituzte puri-purian zer gai dauden erabaki dugula pentsatzera. Ni ahalegintzen naiz hain bistan ez dauden albiste eta errealitateak ekartzen, baina beti ez da posible izaten.

Inprobisatu duzu noizbait? Gairen bat momentuan aldatu duzu?

Bai, asko inprobisatzen da. Plazara gidoi bat eramaten duzu, baina saioa nola doan, aldaketa asko egiten dira. Batzuetan, nahi baino gehiago. Plazan oso garrantzitsua da inprobisatzeko gaitasuna.

Zenbateraino baldintzatzen duzue bertsolaria?

Gure lanak garrantzirik badu, gero bertsolariaren jardunean eragina duelako du. Kosta egiten da erantzukizunak hartzea, hor ahalduntze prozesu bat badago, baina uste dugun baino gehiago eragiten dugu: hitzen aukeraketa, rolen aukeraketa, nork norekin kantatuko duen, nori zer-nola azalduko diogun... Uste dut oso boteretsuak garela askotan, eta zaila egiten zaigu horren kontzientzia hartzea.

Diskurtso feminista barneratzen ari da zuen jardunean?

Feminismoak gauzak ulertzeko modu bat ekarri du, eta, horretatik, ezinbestean eraman nau neure burua eta nire jokaerak zalantzan jartzera, eta, ondorioz, egiten dudan horretan nik neuk eta inguruak nigan nola eragiten duen aztertzera. Feminismoak oinarrietan arrakalak sortzeko aukera ekarri du. Aukera diot, gauzak hausnartu gabe hobetzea zaila zaigulako. Eta esango nuke gai jartzaileetan oso presente daudela feminismoak ekarri dituen egitura guztiak eta gauzak hausnartzeko eta planteatzeko bide hori.

Egunerokoan adi zaude?

Bai, noski, baina badira gaurkotasuna izan ez arren hor dauden gaiak. Horretarako, sentsibilitatea eta radarra izatea garrantzitsua da.

Gai bat plazaratzeko beldurra izan duzu noizbait?

Askotan. Sarri, gaiak berak baino gehiago, gai hori non edo nori jartzeak. Izan daiteke gai gatazkatsua delako, edo gatazkatsua izan ez arren gai oso sinple bat nahi ez dudan bide batetik eraman dezaketelako. Orokorrean ez dut apustu handiegirik egiten, asko galtzeko beldur handia izaten dudalako.

Gaia planteatzen duzunean, adi jarraitzen duzu ea bertsolariek zuk uste bezala garatzen duten?

Mila buelta ematen dizkiegu gaiei, imajinatzen ditugu labirintoan hamar mila irteera, eta bertsolariak bat gehiago aurkitzeko gaitasuna izaten du. Askotan, bertsolariak gaia hobetu egiten du; guk ikusi gabeko zirrikitu asko eskaintzen dizkio bat-batean. Hala ere, gertutik jarraitzen dut. Gustatzen zait jakitea noiz, zer, norekin funtzionatu didan gauza batek eta beste batek ez.

Esan ohi da, batez ere txapelketetan, gaiak sobera tragikoak direla. Ados zaude?

Askotan esaten da, ezta? Ulertzen dut jendeak ondo pasatu nahi duela, jairako gogoa izan dezakeela, baina, bizitza bezala, bertso saioek denetarik izan behar dute. Askotan, imajinarioaren barruan dago gaibatzuei beti ikuspegi jakinetatik ekiteko joera. Umorea genero zaila da, eta txapelketetan tentsio handia izaten da; horrek eragin dezake. Baina ez nuke esango gai jartzaileok tragiko izateko joera dugunik.

Inoiz pentsatu duzu gairen bat ez ote zen zailegi izanen?

Aurrekoan, saioa izan genuen museo batean. Une batean, esperimentazioaren alde bertsolariak saltzeko beldurra izan nuen. Bertsolaria zaindu nahi izaten dut, betiere jakinda oso erronkazaleak direla. Batzuetan zaila da, ikusleak nahi izaten duelako bertsolaria estutzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.