1998. urtean astoari omenaldia egiten hasi ziren egun horretan bertan, astoaren iraupenaren egoera kaskarra iraultzeko asmoz. Antsoategi kultur elkartearen ekimenez, Astotxo Egunean plazako zuhaitz bakoitzari asto bat lotzen diote. Hamalau urte dira astoen lehiaketa antolatzen hasi zirenetik —Gisasel Gipuzkoako astozaleen elkartea sortu zenean hasi ziren antolatzen—. Lehiaketan izaten dira sariak: ar eta eme ederrenei sari ekonomikoa eta zintzarria ematen diete.
Gauzak horrela, Gipuzkoako XVII. enkarterri asto lehiaketa eta erakusketa egingo dute gaur, 12:00etan, Lazkaon. Aurretik, 10:00etan, asto diana egingo dute herriko kaleetan. Eta goiz osoan, asto-gurdi ibiltariak ibiliko dira, salda beroa banatuko dute, eta musika doinu alaiekin girotuko dute herria trikitilariek eta txistulariek. Izango da, beraz, zer gozatua Lazkaoko erdialdeko kaleetan.
Neska-mutikoek ondo pasatzeko aukera izaten dute bide batez, gurdi ibiltarien gainean paseoatsegin bat emanez.
Kale antzezpena
Mendez mende mantendu den ohitura da Egiptorako ihesaren kale antzezpena. 1642. urtean sortutako ekitaldiari emango diote bizia herriko gazteek Infantadoko jauregi, moja zistertar eta Lazkao Txiki zelai inguruan, 13:00etatik aurrera. Herrigunea Judea bihurtu ohi dute antzezpen horretan.
Gogoratuko dute nola Herodes erregeak 2 urtetik beherako haur guztiak hiltzeko agindua eman zuen, Jesus jaio zela jakin zuenean, bere erregetza arriskuan ikusi zuelakoan. Erabaki haren eraginez, Jose, Maria eta Jesus ihesean joan ziren, astotxo baten laguntzarekin, Belendik Egiptora.
Bihar Egiptorako ihesaldi hori gogoratuko dute Lazkaoko aktore gaztetxoek. Urtero, herriko 200 gazte inguruk parte hartzen dute antzezpenean.
Santa Ana komentutik abiatuta, herria zeharkatuko du Mariak astoaren gainean, Jesus haurra besoetan eta Jose aldamenean dituela. Bien bitartean, Herodesen aginduetara dauden soldaduek herria hartuko dute. Duela bi mila urteko giroa islatzen saiatuko dira antzezpenean, orduko jantziekin eta garai hartako postuekin herri guztia atonduz. Hartara, itxura benetan berezia hartzen du Lazkaok Astotxo Egunean.
Maria Lazkanoren eraginez hasi ziren XVII. mendean kale antzezpena egiten. Urtez urte, Santa Anako Bernardatarren monasterioaren elizako prebisterioan egiten dute ikuskizunaren parte garrantzitsuena. Leku berde eta hostotsu batean dago prebisterioa, eta han irudikatzen dute aipatutako ihesaldia. Amabirjina astoaren gainean eserita agertzen da, jaio berria magalean duela, eta Josek astoa hartzen du, ihesaren gidari bihurtuz.