Oskorri, etxeko egongelan

The Pub Ibiltariak grabatutako 25 kanta jotzen ikasteko aukera eskainiko du Practice Your Music aplikazioak

PYM programaren sortzaileetariko bat, Oskorri taldeko musikariekin, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Muturrera eraman du adibidea Aitor Alzibarrek. «Gure aplikazioaren azken helburua da musika ikasleari egongelan Rolling Stonsesekin eta Mick Jagerrekin gitarra jotzeko aukera eskaintzea». Musika jotzen ikasi ahal izateko programa informatiko bat da PYM Practice Your Music, eta hura sortu duen enpresako kudeatzailea da Alzibar. Ametsa baino ez da Rolling Stonesena oraingoz, baina balio du adibideak programa azaltzeko. Musika talde bat agertzen da ikaslearen ordenagailuko pantailan, eta haiekin batera entseatu ahalko du ikasleak. Badu aukera abestiaren abiadura moteltzeko, partiturak begiratzeko, eta baita irudia musikariaren eskuetara gerturatzeko ere. Kanta biltegia osatzen dabiltza orain, eta horregatik jo dute Oskorrirengana. The Pub Ibiltaria proiektuarekin grabatutako 25 kanta gehitu dituzte kantutegira. Euskaraz guztiak. Ezagunak denak. Gure aitak amari; Anton, Anton; eta Ixil-ixilik, adibidez.

Musika eskola batean aritzen ziren PYM enpresako hiru kideak, eta hor sortu zitzaien ideia orain hiru urte. «Ikusten genuen ikasleek eskoletan jartzen zutela arreta, baina gero etxera heltzean ez zuten gehiegi entseatzen». Eta horregatik sortu zuten aplikazioa. Hasierako ideia hura garatuz joan dira geroztik, eta nabigatzaile nagusietara eta hainbat sare sozialetara egokitu dute dagoeneko programa. European AppCup saria ere irabazi zuten otsailean, eta European Medea Awards heziketako berrikuntza teknologikoetarako sarietako bederatzi finalistetariko bat da egun.

«Hasieratik jo nahi genuen musikari ezagunengana», azaldu du Alzibarrek, eta horregatik jo dute orain Oskorrirengana. Ezaguna delako taldea, eta ezaguna delako haien errepertorioa ere. Natxo de Felipe Oskorriko abeslaria pozik dago: «Guretzat, Oskorrik sortutako kantena da errepertoriorik garrantzitsuena, baina kasu honetan egokiagoa iruditu zitzaigun guri ere The Pub Ibiltariko abestiak aukeratzea». Bada non aukeratua, gainera. 1997an hasi zen Oskorri proiektu harekin. Orduan hasi ziren San Tomas eguneko zuzeneko emanaldiak grabatzen, eta urteko disko bikoitz bat kaleratu zuten 2009ra arte. Eta urte horietan kaleraturiko hamahiru disko bikoitzetan bildutako 225 kantetariko 25 dira orain PYMekoek hautatu dituztenak. The Pub Ibiltariaren lehen bost urteetakoak guztiak.

Egokitzat jo du irizpide hori ere De Felipek, eta azaldu du zergatik: «The Pub Ibiltariak lehen bost urteetan grabatutako kanten moldaketak eginda daude instrumentu guztietarako, eta Euskal Herriko musika eskola askotan dauzkate CDak». Eta hori da, hain zuzen, PYMekoen helburua. Eskolan ikasitakoari etxean jarraipena ematea. Oskorri ikaslearen egongelaraino eramatea.

Euskal Herrikoa da PYM enpresa, eta Euskal Herriko musikariengana jo dute horregatik. «Gure inguruko jendearekin aritu gara», azaldu du Alzibarrek. Eta bertakoak dira, horregatik, aplikazioak eskaintzen duen kanta biltegiko errepertorioa jotzen ageri diren musikariak.

San Tomaseko kontzertua

Orain arte kanta instrumentalak jotzen jarri dituzte nagusiki, edo ingelesez abestutakoak grabatzen bestela. Eta kanta biltegi zabala osatu dute hala: klasikoa, jazza, bluesa, rocka, popa... Oskorrikoek grabatutakoak izango dira euskaraz kantatutako lehenak. Ez dira bakarrak izango, ordea. PYMekoek azaldu dutenez, beste kanta herrikoi sorta bat ere badute bidean. Euskaraz abestutakoak horiek ere. Hala, euskarazko kanta ezagun gehiago ikasteko aukera izango dute musika ikasleek.

San Tomas egunera ere helduko da Oskorri eta PYMen arteko harremana. Tradiziozkoa bilakatu da aspaldi taldearentzat abenduaren 21ko kontzertua. Klasiko bat. Bertan sortua da The Pub Ibiltaria egitasmoa, eta halako egunez grabatu dira haren disko guztiak. Eta hor egiten dute bat PYMen eta Oskorriren asmoek. Euskal kantutegiko kanta zaharrak berreskuratu eta zabaltzea izan baita Oskorrikoen asmoa. Eta horregatik kaleratu dituzte disko bakoitzean kanta bakoitzaren bi bertsio: zuzenean grabatutako bata, eta ahotsik gabe grabatutakoa bestea. Ikasketa erraztu eta hedapena ahalbidetzeko. Eta horregatik gehitu dituzte beti kanten hitzak eta partiturak diskoetako liburuxketan.

Aurten ere eskainiko dute kontzertua santomasetan, baina presentzia berezia izango du PYM programak. Egun betez, The Pub Ibiltariaren errepertorioko 25 kantak ikasteko aukera eskainiko diote BBK aretora joaten den orori. PYMekoek azaldu dute nola: «Pantaila, bozgorailua eta tresnak jarriko ditugu, eta BBK aretora etortzen denak izango du aukera gure aplikazioan dauden The Pub Ibiltariaren kantak jotzen ikasteko». Azaldu dutenez, gainera, etorkizunean halako gehiago egiteko asmoa dute.

Haziz doa proiektua oraindik, Alzibarrek dioenez, eta etorkizunean talde gehiagorekin egin nahi dute orain Oskorrirekin egindakoa. «Zure talderik gogokoenak aurkitu, eta haiekin batera jotzeko aukera eskaini nahi dugu». Mick Jagerrekin, adibidez, etxeko egongelan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.