Makina bat gai jorratu ditu Cesar San Juanek (Bilbo, 1963): hondamenak eta larrialdietako laguntza; ingurumen kriminologia; emakumeen aurkako indarkeria... 2006tik, nazioarteko delinkuentzia, baztertze eta gizarte harremanetako ikerketa zentroaren zuzendari da. Opor osteko sindromea ikertu du: jende guztiak bizi du, eta lanean hastearen amorrazioari erantzuten dio.
Opor osteko sindromea ez dela existitzen esan duzu. Zergatik diozu ez dela existitzen? Zer da, ba?
Sasi-koadro kliniko bat da: profesional batek inoiz ez du diagnostikatuko sindromea. Gizartearen diskurtsoaren parte da; halako behar bat daukagu, guztia patologiko bihurtu eta kategorizatu beharra, eta hortik sortu da kontzeptua. Berez, oporrak bukatu eta lanera itzultzeak sortzen dizkigun amorrazio eta oztopoak definitzen ditu bakarrik.
Inoiz izan al duzu?
Bai, nork ez? Jaurti dezala lehen harria izan ez duenak.
Ez duenak izan arazoren bat omen dauka. Zergatik?
Sindromea erantzun osasuntsu bat da. Hau da, oporretan egon eta lanera itzuli denak eman dezakeen erantzunik osasuntsuena, kontuan hartuta sortuko zaizkion amorruak. Norbaitek lanera itzuli nahi badu, arazo bat daukan seinale da niretzat. Urte guztian hausten diren ezkontzen herenak oporren ondoren hausten dira. Elkarbizitza jarraitu bat izaten dugu oporretan, eta horrek arazoak sortu ditzake. Batzuetan babesgune bat sortzen dugu lanean, etxeko arazoetatik ihesi.
Sindromea baduena, berriz, pertsona «normala» ei da. Zergatik?
Bai, normala eta zoriontsua, gutxi gorabehera. Oporrak gozatu ditu, eta deskonektatzen jakin du. Zoriontsua dela suposa genezake, eta zer gertatzen zaie pertsona zoriontsuei? Lanera itzultzeak min ematen diela.
Zer egin daiteke opor amaierako arazoak arintzeko?
Hasteko, ez da azken egunean itzuli eta hurrengo egunean zuzenean lanera sartu behar. Komeni da aurrez itzultzea hirira eta opor egun batzuk erabiltzea egokitzeko; adibidez, iratzargailua zure esnatze naturala baino lehen jarriz.
Errutinara ohitzea nahikoa da?
Jarrera ere garrantzitsua da. Zoriontasuna jarrera bat da, egoerei aurreko egiteko modu bat. Lanerako itzulera positiboki har dezakezu, edo zeure buruari harriak botatzen hasi, oporretan zer ondo zeunden behin eta berriz oroituz, adibidez. Egiten ari zarenarekin ilusioa izaten asmatu behar da.
Nola antolatu duzu zure errutinara ohitzeko prozesua aurten?
Esandakoa betez. Ni naiz nire aholkuak betetzen dituen lehena. Egun batzuk lehenago itzuli nintzen, eta arrazoizko ordutegi bat betetzen nabil lanean. Gainera, pilatesen hasi naiz, lanera bizikletan etortzen naiz, eta gitarra eskoletan eman dut izena. Garrantzitsua da ilusioa piztuko dizun zerbaitekin hastea urtea.
Zer moduz zauden galdetuz gero «bikain» erantzun behar dela diozu, norberak sinetsi dezan horrela dagoela. Hori egin al duzu? Balio izan dizu?
Noski. Harrigarria izaten da nire erantzuna, ezezko forman erantzuten ditugulako horrelako galderak, baina ez dut inor konbentzitu nahi. Guztia positiboki ikuste horrek eragina dauka: zoriontasun hori itsatsi egiten da.
Urte guztian norberarentzako tarteak izatea komeni omen da.
Opor ostean, lana eta ardurak ezin dira gure bizitzaren oinarri bilakatu; garrantzitsua da gure gozamenerako gune eta tarteak aurkitzea. Ez dut sinesten jendeak ez daukala denborarik pilateserako, eta, benetan ez badauka, aurkitu egin beharko luke. Segur aski, aurkituz gero, opor osteko sindromea oroitzapen txar bat bilakatuko da egun gutxira.
ATZEKOZ AURRERA. Cesar San Juan. Irakaslea
«Osasuntsua da opor osteko sindromea»
Opor osteko sindromea aztertu du Cesar San Juan EHUko Psikologia irakasleak. Ez omen da existitzen klinikoki, eta lanera itzultzeak dakartzan arazoak gainditzen laguntzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu