Osasunerako ikasgaiak

Nekazaritza ekologikoa, osasuna eta energia berriztagarriak dituzte ardatz Goierri Ekologikoa egitasmoko hitzaldi eta ikastaroekBi astean izango dira ekitaldiak, eta Zeraingo Azoka Ekologikoarekin abiatuko dira, gaur

2012ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Udazkena ate-joka dela dator aurten ere Goierri Ekologikoa egitasmoa. Goierriko Baratzak, Biolurrek eta Zerain Dezagun Fundazioak antolatu dute, elkarlanean, eta datozen hamabostaldirako ekitaldi sorta zabala prestatu dute, nekazaritza ekologikoaren, energia berriztagarrien, ingurumenaren eta ohitura osasungarrien harira.

Abiatu Zeraingo Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekologikoarekin abiatuko da hamabostaldia, gaur. Produktu ekologikoen sorta zabal bat jarriko dute herrian bisitarien eskura, 42 erakusketa mahai guztira: barazkiak, fruta, ogia, gaztak, sagardoa, ardoa, olioa, txerrikiak, gozoak, kosmetika naturala, tindu naturalak… Horiez gain, eskulangileek, ikastaroek eta erromeriak ere izango dute lekua, eta ekitaldiak arratsaldera arte izango dira.

Goierriko bizitza eta nekazaritza ekologikoaren hamabostaldia hasteko baliatuko dute Zeraingo azoka. Hitzaldiak eta ikastaroak izango dira datozen egunetan jardunaldietako ardatza. Hiru saio iragarri dituzte. Xabi Akizuk Etxeko fruta-arbolak nola zaindu hitzaldia emango du asteartean, Zeraingo Kultur Etxean. Besteak beste, zuhaitz motak, kimatzea eta landareen zaintza izango ditu hizpide. Hitzaldia entzungo dutenek Akizuri galderak egiteko eta aholkuak eskatzeko modua izango dute saioaren azken zatian.

Gastronomia dute oinarrian hitzaldietako bik. Haurren nutrizioaz jardungo da Idoia Larrañaga, Ataungo udaletxean, hilaren 25ean. Sulfitorik gabeko Lezaun upategiaren ardoaren aurkezpena eta dastatzea, berriz, hilaren 20an egingo dute. Ordizian izango da aurkezpena, D'Elikatuz dendan.

Etxe eraginkorra

Hitzaldietan azkena Jose Manuel Jimenez Bolañosek emango du: Energia aurreztea gure etxeetan. Nola lortu etxe efizientea. Berotasunaren erabilera egokia, ur beroa, hozkailua, argia nola erabili eta zer motatako bonbillak jarri, garbigailua, etxetresna txikien erabilera... egunerokoan ohikoak diren kontzeptuen inguruan solastatuko da, eta horiek modu egokian nola erabili azaltzeko aholkuak eta jakingarriak emango ditu. Jimenez Bolaños duela zortzi urte eraiki zuen etxe ekologikoan bizi da, eta 30 urte daramatza energia berriztagarrien alorra ikertzen.

Solasaldietatik harago, bi ikastaro prestatu dituzte datozen asteetarako. Larunbatetan izango dira guztiak. Garbiñe Etxaniz nutrizionistak jateko ohiturak berrikasteko oinarrizko ikastaroa emango du, Ataunen, urriko larunbatetan. «Modu egokian elikatzen ikasteko dira saioak, elikadurak eragina baitu gure gorputz guztian». Hala azaldu du ikastaroaren zergatia Etxanizek. Horretan sakontzeko, hiru gai jorratuko ditu: jateko modua, jaten ditugun elikagai motak eta horien prestakuntza, eta menu orekatuak antolatzeko yin-yang filosofia.

Ikastaroetan bestea Xabi Akizuk eta Marilu Gardokik emango dute, Ezkio-Itsason, Haristizabal baserrian: ogia egiten ikasteko ikastaroa. Tradiziozko gari motak berreskuratzen ari dira azken urteetan Haristizabalen, eta baserriko labe ekologikoan irina ogi nola bihurtzen den ikusi eta ikasiko dute ikastaroan parte hartuko dutenek. Iraila eta urria bitarteko hiru larunbatetan emango dituzte saioak.

Ikastaroek eta hitzaldiek sarrera mugatua dutenez, aldez aurretik eman behar da izena. Bi bide jarri dituzte horretarako: zuzenean Goierriko Baratza dendan eman daiteke, edo 943-08 74 98 telefono zenbakira deituta. Hitzaldietarako sarrerarik ez da ordaindu beharko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.