OSASUNA. Txinatik etorritako bolatxoak

2010eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Bi motatako txinatar bolak daude gaur egun. Batzuk Txinatik datoz; Baoding herrian sortutakoak, hain zuzen ere; Boading Bolak izenarekin ezagunak. Golf pilotak baino apur bat handiagoak dira, metalezkoak, eta binaka-edo eskuan jartzeko dira, eskuaren eta besoaren muskuluak indartzeko asmoarekin, eta, bide batez, antsietatea jaisteko eta erlaxatzeko, akupunturako hainbat puntu lantzen dituzte eta. Besteak, berriz, askoz ere ezagunagoak badira ere, ez datoz Txinatik, antza. Baina baginan barruan sartzeko diren bolatxo horiei ere txinatar bolak esaten diegu.

Bolatxo horiek bolo-bolo dabiltza, kaleko esamesetan, ginekologo, sexologo eta fisioterapeuta batzuen kontsultetan, farmazietan eta, zelan ez, erotismo dendetan edota sex shop-etan. Bola hauen lehenengo aztarnak Neolito garaitik ei datoz, baina mende batzuk igaro arte ez zen ezagutu bolatxoen erabilera zehatza zein zen. Japoniako feudalismoaren garaian kondaira bat zabaldu zen. Orduko enperadore baten erotikarako grina hain eutsiezina zen, ezen haren amoranteek prest egon behar zuten koitoa praktikatzeko edozein momentuan. Bere helburua lortzeko, baginaren barruan marfilezko bolak sartzeko agintzen zien andreei. Orduan uste zuten bolatxoak sartu ostean neskak prest egongo zirela enperadoreak behar izaten zituenerako... Baina ez dut uste asmatu zutenik, horrelako bolek ez dutelako andreon harreman erotikoak izateko grina pizten.

Baina zer dira ditxosozko bo-latxoak? Kordel batekin lotuta eta silikonaz estalita dauden bi bolatxo dira (batzuetan baka- rra ere izan daiteke). Bola bakoitzak pisutsuagoa eta txikiagoa den beste bat dauka barruan. Beraz, lekua daukate libre mugitzeko.

Zelan ipini? Bola horiek bagina barruan sartu behar dira. Horretarako, arnasa hartu, eroso jarri eta, tanpoi bat ipiniko bazenu modura, atzamarrekin sakatu barrurantz. Batzuek lubrikagarri apur bat behar izango duzue. Tanpoiarekin gertatzen den moduan, baginako giarrek oratuko diete bolei. Behin jarrita eta ibiliz gero, nabarituko duzue zelan barruko bolak mugitzen hasten diren. Emakume batzuentzat, mugimendu horiek plazerezko bibrazioak sortzen dituzte.

Zertarako? Alde terapeutikoa: Emakumeoi menopausia eta erditu osteko aroan pelbiseko zoruko muskuluak leundu eta bigundu egiten zaizkigu. Horregatik, batzuetan gernu jarioak ohikoak bihurtzen dira, eta koitoa izateko orduan deseroso izan daiteke, bientzat ere. Gure pelbiseko zorua indartzeko, gehienetan fisioterapeuta espezializatuaren laguntza behar izaten dugu. Edozelako tratamenduaren parte izaten dira honetariko bolatxoak, edota antzekoak -farmazietan bola intrabaginalak salgai daude, halaber-. Bolak pisu eta neurri askotakoak izaten dira. Gure tratamenduari kasu eginez, batzuek edo besteak erabili beharko lirateke tratamendua aurrera joan ahala. Azkenean bolatxoekin ibiltzea lortu arte, bat bera ere baginatik kanpo jausi barik.

Alde erotikoa: Bolatxoei eusteko egiten dugun indarrak eta bolatxoen mugimenduen bibrazioak, sarri, plazera ematen dute. Emakume batzuen bagina ere lubrikatzen da. Askorentzat, oso intimoa eta kitzikagarria da aldean daramatzatela sentitzea inork jakin gabe.

Beraz, gure gorputza ezagutzeko modu interesgarri bat izan daiteke, gure intimitatea garatzeko ere bai, lagunarekin partekatzeko, gure barrenak indartzeko... Dena dela, dibertigarria eta aldi berean osasungarria izan daiteke jokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.