Ezarian

Osasuna helmugan

Behobia-Donostian zendutako emakumearen harira, lasterketetan korrikalariei txosten medikoak eskatzearen alde agertu dira batzuk. Ipar Euskal Herrian derrigorrezkoa da, baina Hego Euskal Herrian ez.

Korrikalariak helmugara iristen, aurtengo Behobia-Donostia lasterketan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
2013ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Ezbeharrek hausnarketa egitera bultzatzen dute askotan. Ezkutuan zeuden zalantzak argitara ateratzen dira. Behobia-Donostia lasterketan zendu zen Arantza Ezkerro korrikalari nafarra duela gutxi, eta itzalean zegoen eztabaida piztu da, berriz. Lasterkariei lasterketa egiteko gai direla erakusten duten txosten medikoak eskatu behar al zaizkie? Txosten medikoekin arrisku guztiak saihesten al dira?

Ipar Euskal Herrian derrigorrez aurkeztu behar dute korrikalariek agiria. Hego Euskal Herrian ez. Ehunmiliak lasterketa da salbuespen bakarra. Behobia-Donostiaren antolatzaileek istripuaren biharamunean adierazi zuten ez dutela asmorik datorren urtean txostenik eskatzeko. Gaineratu zuten bidea parte hartzaileen «heziketa» dela, jendea kontzientziatzea eta osasun probak egiteko «erraztasunak» ematea. Eztabaidak, ordea, jarraitu egiten du korrikalarien artean.

Ehunmilietan Mont Blanceko ultratrailaren araudi berbera dutelako eskatzen dute agiria. «Hemen indarrean dagoen kirolaren legeak zehazten duen gauza bakarra da mendiko federatuaren txartela lortzeko orduan derrigorrez aurkeztu behar dela txosten medikoa. Praktikan ez da egiten. Hori ere egia da», dio Antxon Burcio Euskal Mendizale Federazioko mendi lasterketen zuzendariak.

Ipar Euskal Herrian bestelakoa da egoera. Julen Olhagarai Hiru Kasko mendi lasterketaren antolatzailea da, eta esan du agiriak eskatzeak ez dituela istripuak saihesten. Duela bi urte 28 urteko gazte bat hil zen Bidarrai eta Itsasu lotzen dituen lasterketan. Hilabete lehenago azterketa medikoa eginda zeukan. Olhagarairen arabera, ez dira erabat fidagarriak txostenak: «Ez dira kalitatezkoak izaten. Sendagile askok bost minututan begiratuta ematen dute. Esfortzu proba sakonagoak egin beharko lirateke».

Orokorrean guztiak daude ados txosten medikoak eskatzearen abantailez. Istripu ahalik eta gutxiena gertatzeko bidea izango litzatekeela uste du Iñaki Arratibel kirol sendagileak. Tolosa Kirol Medikuntza zentroan egiten du lan. Lasterketaren egunean Donostian egon zen, helmugan, Gurutze Gorriarekin lanean. Haren lankide batek artatu zuen Ezkerro. «Oraindik ez daukat inongo daturik arrazoia zein izan zen jakiteko. Bat-bateko heriotzak beti gerta litezke kirola egitean. Zenbat entrenatzen zen, zenbat lasterketa egin zituen jakin beharko litzateke zehazki, eta gainerako osasun parametroak nola zituen».

Ezkerroren heriotzaren zergatian sakondu gabe, korrikalari batzuen jarrerarekin kezkatuta dago Arratibel, ordea. Lasterketetan parte hartzeko «moda» sortu dela uste du sendagileak: «Gero eta ibilaldi gogorragoak egitera jotzen du jendeak; mendi lasterketak, ultratraileak eta gisa horretako lasterketak masifikatzea arriskutsua dela iruditzen zait. Behobia bera ere bai». Aurten 23.637 lagun atera dira. Zalantza handiak ditu Arratibelek irteten diren korrikalari guztiak ongi prestatuta ote dauden. Haren aburuz, jendea 10 kilometroko lasterketak egiten hasten da, eta gero errazegi ausartzen da Behobia-Donostian parte hartzera; askok batere kirolik egin ez, eta bi hilabetean 20 kilometro egin nahi izaten dituzte. Ez da batere osasuntsua hori; areago, arriskutsua ere bada. Pixkanaka hasi behar da korrika. «Nik bezeroei maratoi erdi bat korrika egitera doazela esaten diedanean, beldurtu egiten dira, gogorregia iruditzen zaie. Behobia beste zerbait dela pentsatzen dute askok, festarekin lotzen dute, eta zenbaitetan arriskutsua izan daiteke, gorputzak mugak dituelako».

Helmugan ikusi ahal izan zuen batzuk «oso behartuta» iritsi zirela. «Antolatzaileek esan dute 47 lagun erretiratu zirela, baina askoz ere gehiago izan behar zuten». Egia da lasterketan sortzen den giroak ere ez duela batere laguntzen erretiratzera. «Jendeak bere buruari esaten dio: nola geldituko naiz orain ingurukoak animatzen ari zaizkidanean?». Txosten medikoekin korrikalariak proba jakin bat egiteko gai direla ziurtatuko lukete. Txostenari jaramonik egin nahi ez dieten korrikalarien kasuan, euren erantzukizuna litzateke zerbait pasatuko balitzaie. «Agian norbait 10 kilometro egiteko ongi dago, baina ez Behobian parte hartzeko. Mundu guztiak ezin du Behobian atera». Batzuk probak egitea garestiegi direlako kexu direla eta, erantzun argia du sendagileak: «Osasunaren alde gastatzen da dirua. 150 euroko zapatilak berehala erosten dira gero».

Hiru pertsona hilda 2002tik

Behobia-Donostia lasterketako orain arteko ezbehar larri guztiak azken bi kilometroetan gertatu dira: Kursaaleko zubitik Bulebarrerako tartean. Arantza Ezkerro 2002tik izandako hirugarren hildakoa da. 2002an, 23 urteko gazte bat hil zen bero kolpe baten ondorioz, eta 2010ean, 40 urteko gizonezko bat bihotzekoak jota. Guztiak kirolariak ziren.

Prestaketan jarri behar dela arreta uste du Mikel Odriozola ibilketari eta Gipuzkoako Federazio Atletismo Federazioko lehendakariak ere, eta txosten medikoa eskatzea lagungarria izango litzatekeela. Europako beste herrialdeetan egiten dela dio. «20 kilometroko proba bat prestatu egin behar da. Gainera, nik beti esaten dut Behobia-Donostiak 20 kilometro baino gehiago dituela». Ibilbidean dauden gorabeherek, maldek, asko zailtzen dute lasterketa, eta, azkenean, gorputzarentzat 30 kilometroko lasterka bat egitea bezalakoa omen da. Ezagutzen du lasterketa Odriozolak. Ibilketa denboraldiaren hasieran korrika ere egiten dute, eta parte hartu du Behobia-Donostian aurten. «Indar aldetik azkenetan egoten zara amaieran; horri gaizki egindako prestaketa gehitzen bazaio, istripuak gerta litezke».

Hala ere, salbuespenak salbuespen, orokorrean korrikalarien maila gero eta hobea dela azaldu du; urtetik urtera ordubete eta hogei minututik behera gero eta jende gehiagok amaitzen baitu. «Egia da probetan fisikoki dena ongi dagoela aterata ere hil izan direla kirolariak. Kasuak badaude, baina azterketa batek zerbait gertatzeko arriskuak murrizten ditu. Osasunaren mesederako izango da beti». Gipuzkoako Atletismo Federazioko lehendakaria den aldetik, federatzeak dituen abantailak gogorarazi ditu: «Aseguru medikoa dugu, eta horren barruan sartzen da osasun probak egiteko aukera. Jendea kontzientziatu egin behar dugu».

Estatistika kontua

Masifikazioa aipatu du Martin Fiz maratoilariak ere. Zenbat eta parte hartzaile gehiago egon orduan eta istripuak izateko aukerak ugaldu egiten direla. Estatistika kontua dela. «Hogei kilometrotik gorako lasterketetan txosten medikoa eskatu beharko litzateke».

Hala ere, gaineratu du medikuntzak ez dituela erantzun guztiak. Halabeharra ere badagoela. Lasterketa ugaritan parte hartutakoa zela Arantza Ezkerro. «Agian berdina gerta ziezaiokeen lo zegoela edo kalean zebilela. Hori ez da inoiz jakiten». Halako kasuen berri izaten duenean, ezinbestean, Diego Garcia lagun eta maratoilariarekin gogoratzen da Fiz. Hain zuzen, Behobia-Donostia lasterketan eman zion amaiera bere kirol ibilbide profesionalari Garciak, 2000. urtean, hainbat urtez puntan ibili ondotik —1994ko Europako Maratoiko Europako Txapelketan zilarraeskuratu zuen, esaterako—. Hurrengo urtean zendu zen, ezustean, entrenatzen ari zela. Familiatik zetorkion gaixotasun genetiko baten ondorioz hil zela jakin zen gerora. «Bere kirolari ibilbide luzean pasatutako hainbat azterketa medikotan ez zioten ezer atzeman. Nik badakit, behintzat, korrika, berari gehien gustatzen zitzaion hartan, bizitza betetzen ziona egiten, hil zela. Nik neuk ere aukera emanez gero, hala hil nahiko nuke, zapatilak jantzita. Hori bai, hemendik urte askotara». Jarraitzen du oraindik ere korrika egiten, jarraitzen du maratoiak egiten; Chicagoko maratoia egin du berriki Fizek.

Txosten medikoak egitera derrigortuta, agian, masifikazioaren arazoa amaitu egingo litzatekeela uste du Itziar Mendez korrikalariak. Emakumezkoetan hirugarren amaitu du aurten Behobia-Donostian. Zaila iruditzen zaio jendea bere kabuz joatea sendagilearengana. Korrikalari asko gehiegi pentsatu gabe animatzen baita. «Izena ematerakoan ordaindu behar den kantitateari esfortzu probarena gehitu behar bazaio, nik uste dut jende gutxiago animatuko litzatekeela gisa honetako lasterketetan parte hartzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.