ATZEKOZ AURRERA. Chester Yang. Zinemagilea eta ekoizlea

«Osagai ustelak daude eraikuntza publikoan»

'Kettling of the Voices' lanean, 2010eko Londresko ikasleen protestak filmatu zituen Yangek. Euskal Herrian lurrekin egiten diren iruzurrak ikertu nahi ditu, bere gertuko kasu batetik abiatuta.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Hernani
2017ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Aita Taiwangoa zuen, baina ez zuen ezagutu. Ama, Sierra Leonakoa. 3.000 biztanleko herri txiki batean jaio zen Chester Wang (Mange Bureh, Sierra Leona, 1970). Freetown hiriburura joan zen bizitzera, 9 urterekin. Arkitektoa izatea zen bere ametsa, baina han ez zen fakultaterik. 1992an, gerra zibila piztu zen Sierra Leonan, eta ihesi joan behar izan zuen. 1996an iritsi zen Londresera. Han bizi da orduz geroztik. Euskal Herrian izan da, dokumental baterako lan batzuk egiten.

Sierra Leonako gerratik ihesi, zer aurkitu zenuen Londresen?

Sekulako esperientzia izan zen niretzat Londres ezagutzea. Sierra Leonan indarkeriazko istorio beldurgarriz inguratuta nengoen. Herrialde txiro batetik munduko hiri aurreratuenetako batera iritsi nintzen. Liluratu ninduen. Marketina ikasi nuen, lan ezberdinak egin nituen... Hotel baten jatetxean lanean ari nintzela, emakume euskaldun bat ezagutu nuen; maitemindu ginen, eta hiru seme-alaba dauzkagu.

Zer iritzi duzu Euskal Herriaz?

Euskal Herrian jende zoragarria ezagutu dut. Familian sentiarazi naute. Pertsona gisa onartu naute, ez Sierra Leonako gizon baten gisan edo kanpotik datorren bat bezala. Euskal Herria nire bigarren etxea da. Sierra Leona gogorarazten dit, mendiengatik eta euriagatik.

Euskal Herrian dokumental bat egiteko asmotan zabiltza, Miguel Angel Cano zinemagilearekin batera. Baserritarren lurrekin du lotura, ezta?

Nire emaztearen familiak baserria eta lurrak galdu zituen, iruzurgile baten erruz. Iruzurgile horrek iragarki bat jarri zuen, esanez lurrei etekina ateratzen ziela. Familia egoera zailean zegoen, zorrak zituen, eta hark promesa batzuk egin zizkien. Iruzurgileak paper batzuk sinarazi zizkion familiari, eta, handik gutxira, familia baserritik bota zuten. Iruzurgilea lur horietan bizi da orain. Familiak, aldiz, ez zuen zentimorik ikusi.

Ez da, agian, kasu bakarra izango.

Istorio gogorra da, eta Afrika gogorarazten dit. Afrikan antzeko istorioak gertatzen dira. Politikariek iruzurrak egiten dituzte, sos gutxigatik baserritarrei lurrak kenduz. Natur baliabideak ateratzeko ere halakoak gertatzen dira. Orain ikertu nahi dugu ea Euskal Herrian eta Espainian badauden baserritar familia gehiago antzeko egoerak bizi izan dituztenak. Jakin nahi dugu, era berean, ea eraikuntza enpresek eta tokiko gobernuek antzeko iruzurrak egiten ote dituzten, eta herritarrak manipulatzen ote dituzten lurrak lortzeko. Gobernuen, eraikuntzako enpresen eta herritar xeheen arteko harremana desorekatuta dago, eta hori aztertu nahi dugu.

Bere istorioa kontatu nahi duenak zuengana jo dezake?

Hori da nahiko genukeena, bai. Antzeko istorio bat ezagutu edo bizi duenak idatz dezala [email protected] helbide elektronikora. Arazoaren sakonera jo nahi dugu. Erresuma Batuan, lurren paperak abokatu baten aurrean sinatu behar dira. Espainian eta Hego Euskal Herrian ez da horretarako abokaturik derrigor behar, tasetan aurrezten dute horrela. Eraikuntza enpresetakoek errazago manipula dezakete jendea.

Uste duzu Euskal Herrian ustelkeria dagoela lurrekin lotuta?

Bai, hala uste dut. Eraikuntza publikoaren alorrean, osagai ustelak dauden susmoa dut. Justizia sisteman ere bai. Batzuk aberastu egiten dira, eta interes ilunak daudela esango nuke. Hori ikertu nahiko genuke dokumentalean.

Film laburrak eta luzeak ere zuzendu dituzu. Zer ezberdintasun daude fikzioa eta dokumentalak ekoizterako garaian?

Dokumental bat egiten duzunean, benetako bizitza da. Dokumental politikoak egitea gogorra da, sakrifizio handiak egin behar dituzu. Ekoizpen etxe txiki bat dugu [CY Film Productions], eta dirua lortzeko zein produktua saltzeko zailtasunak izaten ditugu. Fikzioa ezberdina da. Jendeak maite ditu fikziozko lanak. Fikzioarekin zure irudimen artistikoa landu dezakezu, esperimenta dezakezu eta saltzeko dokumental politikoekin baino erraztasun gehiago daude. Bietatik egiten jarraituko dut, hala ere.

Hogei urte baino gehiago dira Londresen bizi zarela. Arrazismoa handitu egin al da azken aldian?

Brexit-aren galdeketa ostean, arrazismoa handiagotzeko tartea zabaldu da. Atzerritarren eta errefuxiatuen aurkako erasoak gertatu dira. Nik eraso bat jasan nuen, trenean.

Gerta liteke zuek bizileku baimenekin arazorik izatea?

Erresuma Batuan Europako bi milioi pertsona baino gehiago bizi dira. Bost urte baino gehiago herrian daramatzatenek bizileku baimena luza dezakete, diru bat ordainduta. Emazteak eta biok bakoitzak mila libera ordaindu behar izan ditugu (1.100 euro). Bertan jaiotako seme-alabengatik ere ordaindu dugu Londresen bizitzen jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.