Osasuna. Elikadura

Ortorexia: osasuntsu jatearen obsesioa

Elikadura osasuntsua egin nahi izatea gauza ona da, baina, portaera hori muturrera eramanez gero, arriskutsua izan daiteke, gaixotasun bihurtzeraino. Janaria gehiegi kontrolatzean eta otorduak perfektuegi kontrolatu nahi izatean sor daiteke ortorexia.

Osasuntsu jatea garrantzitsua da, baina obsesio ez bilakatzen saiatu behar da. BERRIA.
Arantza Lorenzo.
2013ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Jakina da elikadura asko aldatu dela azken urteetan. Esate baterako, hor ditugu genetikoki eraldatutako janariak, transgenikoak, biologikoki puruak edo ekologikoak. Argi dago eskaintza oso zabala dela. Bestalde, maiz oso egiazkoa edo kontrastatua ez den informazio gehiegiak kaltegarriak izan daitezkeen erabakiak hartzera bultza dezake kontsumitzailea. Ingurumen horretan sortzen da ortorexia. Gaixotasun hau da modu osasuntsu eta oso garbian elikatzean zentratzen den elikadura osasuntsuarekiko kezka edo obsesio gehiegizkoa.

Elikadura osasuntsua egin nahi izatea gauza ona eta normala da. Baina portaera hori osasun fisiko eta, batik bat, psikikoarentzat arriskutsua izan daitekeen obsesio bilakatuz gero agertzen da ortorexia gaixotasuna. Hori pairatzen duten pertsonengan, janaria bilakatzen da pentsamendu, kezka eta interes guztien gune. Oro har, alde batera uzten dituzte haragia, koipea duten janariak, pestizida edo herbizidekin ekoitzitako janariak edo substantzia artifizialen bat daukatenak. Haien kezka harago ere badoa, hau da, janariak prestatzeko modua ere asko zaintzen dute, bai eta zein materialetako ontzitan prestatzen diren ere. Oso pertsona zorrotzak izan ohi dira, eta erruduntasun eta frustrazio sentimendu sakonak izan ohi dituzte, haien usteetan egokia dena betetzen ez dutenean. Gainera, «naturala» ez den guztia baztertzen dutenez, izugarri mugatzen da euren bizitza soziala. Pertsona horientzat, ia ezinezkoa da etxetik kanpo taberna edo jatetxe batetan bazkaltzea edo afaltzea.

Osasuntsu jatearen obsesioa muturrera eramaten denean, bizitza janariaren inguruan jartzen da: jaten dutena kontrolatu, zenbait janariren kontsumoa debekatu eta otordu bakoitza perfektuki programatzea lehentasuna izaten da, ziur eta lasai sentitzeko.

Diagonostikorako irizpideak:

Honako test honek lagun dezake diagnostikoan:

Egunean hiru ordu baino gehiago ematen duzu jarraitu beharreko dietan pentsatzen?

Diru asko gastatzen al duzu janari osasuntsuak erosten?

Kulpa sentimendua al duzu zuk aurreikusita zenuena jan beharrean beste zerbait jan behar izaten duzun bakoitzean?

Zure jateko modua oztopo al da tarteka etxetik kanpo otorduak egiteko? Horrek familia eta lagunengandik urruntzen al zaitu?

Galdera horietako 2-3ri baiezkoa emateak elikatze kezkari dagokionez, erlaxatzeko premia adierazten du. Guztiei baiezkoa erantzuteak, berriz, elikadura osasuntsuarekiko obsesioa eta tratamendu baten premia erakutsiko luke.

Obsesioa aurrera doan heinean, maiz, osasunerako ezinbestekoak diren elikagaiak alde batera uzten hasten dira. Horrek desnutrizio, anemia, eta hainbat bitamina eta gatz mineralen gabezia pairatzeko arriskua eragiten du; besteak beste, infekzioekiko arriskua handitzen da.

Tratamendua:

Gaixotasun guztien antzera, oso garrantzitsua da ahal den azkarren ohartzea eta tratamenduarekin hastea, sendatzeko aukera eta erraztasunak areagotzen direlako. Gaixotasunaren oinarria psikologikoa denez, tratamenduak ere ildo horretatik joan behar du, hau da, zer da portaera horren bitartez lortu nahi dena? Zergatik? Zer emozio daude horren azpian? Eta abar. Bestalde, eta nutriente gabeziarik izanez gero, utzitako janariak pixkanaka sartzen hasi beharko da, obsesiorik gabeko elikadura osasuntsuaren ezagutza praktikan jartzen.

Aholkuak:

Gogoan izan behar dugu ezinezkoa dela jaten dugun guztia kontrolatzea: nola, non, zein baldintzatan ekoitzi den, eta abar. Kontrolatu ahal ditzakegunak kontrolatzea ongi dago, hau da, norbere baratzea izan eta neurri batean han ereiten duguna kontrolatzeko aukera baldin badugu, primeran. Bestalde, etiketak irakurri eta komeni edo gustuko ez duguna baztertzea ere osasuntsua da, bere neurrian.Baina kontrolatu ezin duguna lasai hartzea ere oso garrantzitsua da.

Dietak eta menuak planifikatzea ere beti gomendatzen dut, erosketak errazteaz gainera, elikadura osasuntsua egiten izugarri laguntzen duelako. Baina, betiere, malgutasun apur batez. Hau da, aurreko egunetako janaria sobera badugu eta horiek aprobetxatu ahal izateko beste modu batera antolatu eta gure planifikazioa egokitu behar bada (irudimena eta sormena oso garrantzizkoak dira), edo norbaitekin elkartzeko aukera sortu zaigula-eta… egokitu behar badugu,horretarako malgutasuna ere osasuntsua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.