Asteburuko proposamenak

Orriz orriko festa bat

Bilbon, Donostian eta Iruñean liburu azokak egingo dituzte Liburuaren Nazioarteko Egunaren aitzakian. %10eko beherapenak izango dira

Murrizketekin egin zuten iaz Bilboko liburu azoka, eta ohiko itxura berreskuratuko du aurten. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Orriak ere tolestuta joan dira azken bi urteotan, koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz. Baina, etenen, moldaketen eta egokitzapenen ostean, berriz ere bete-betean ospatuko dute gaur Liburuaren Nazioarteko Eguna Bilbon, Donostian eta Iruñean, eta liburu dendek kalera eramango dituzte beren liburuak. %10eko beherapenak izango dituzte erosleek, lore bat jasoko dute opari hiruretan, eta bestelako aurkezpen eta emanaldiak ikusteko aukera ere izango dute, origami baten gisan, orri bat hemendik tolestuz eta beste orri muturrari handik tiratuz, azkenik, oso-osoa izango da aurtengo ospakizuna.

Bilboko azoka izango da hiruretan handiena, guztira 30 erakusmahai izango baititu, eta ohiko itxura berreskuratuko baitu Areatzan, salbuespenezko bi urteren ondoren. 2021ean uztailera atzeratu zuten antolatzaileek, eta ohiko egutegiarekin baina murrizketak eginda bakarrik egin ahal izan zuten iazkoa. 10:00etatik 21:00etara egongo dira zabalik postuak, eta, salmentak ez ezik, liburu aurkezpenak ere egingo dituzte. Jon Arretxe eta Toti Martinez de Lezea idazleek hartuko dute parte, besteak beste.

Bertsoak eta ibilaldiak

Bi urteko etenaren ostean dator Donostiako azoka. Koronabirusaren krisiaz geroztik, orain arte, salmahairik ez jartzea erabaki dute antolatzaileek, eta, azkenik, gaur itzuliko dira postuak Gipuzkoa plazara. Guztira, 11 mahai izango dira, eta 09:30etik 21:00etara egongo dira zabalik. Hainbat sari ere banatuko dituzte, eta zozketak eta beherapen bereziak ere izango dira. Horrez gainera, bi orri markagailu ere banatuko dizkiete erosleei: iaz ilustrazioari dagokion Euskadi Saria irabazi zuen Javier de Isusik egindakoa da bata, eta Iñaki Martiarena Mattin marrazkigile eta BERRIA egunkariko kolaboratzaileak egindakoa bestea.

Bestelako ekitaldiak ere izango dira Donostian. Esate baterako, Pio Baroja idazlearen jaiotzaren 150. urteurrenaren aitzakian, hura ardatz duen ibilaldia egingo dute 10:30etik hasita Amaia Garciak eta Isidoro Fernandezek. Ipuin irakurketa egingo dute 13:00etan, eta bertso saio literarioa eskainiko dute 19:00etan Uxue Alberdik eta Miren Amurizak, Danele Sarriugartek jarritako gaiekin.

Iruñean ere, hiriko liburu dendek salmahaiak jarriko dituzte Karlos III. aren etorbidean. 10:00etan hasiko da azoka, eta 21:00etan itxiko ditu ateak.

Bestelako hamaika ekitaldi ere izango dira han eta hemen, liburutegiek, kultur etxeek eta liburu dendek antolatuta. Baionan eta Miarritzen (Lapurdi), adibidez, hainbat liburu dendak 50 idazlek egindako irakurketa gomendioak biltzen dituen liburu bat eta lore bana emango diete opari gaur liburuak erosten dituztenei.

Liburu azokak



Gaur, egun osoz, Bilbon, Donostian eta Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.