Orrien artean

Iritzi ezberdinak entzun eta ikuspuntuak kontrajartzeko leku aproposak dira irakurle klubak. Talde bakoitzak bere berezitasunak ditu, askotarikoak dira, baina guztiek dute helburu bera: irakurketaz gozatzea.

Hiru pertsona irakurtzen, artxiboko irudi batean. CC0
Hiru pertsona irakurtzen, artxiboko irudi batean. CC0
Maixa Utrera Puelles.
2024ko apirilaren 9a
05:00
Entzun

Gero eta digitalizatuago dagoen mundu batean, erraz gal daitezke pantailaz beste aldeko ohiturak. Hainbat ikerketak frogatu dute aisialdian liburuak irakurtzeko ohitura beherantz doala, eta ez bakarrik gazteen kasuan. Egoera ez da irakurzaleek nahiko luketen bezain ona, baina badute esperantza izateko arrazoirik. Amildegi ertzean, helduleku indartsua aurkitu dute irakurleek: irakurketa klubak. Aurreiritzi ugari dago haien inguruan, sarri gutxietsita daude, baina irakurtzea maite dutenentzat gotorleku bat dira, eta, komunitatea sortzeaz gain, hausnarketa sustatzeko balio dute. Bertan biltzen dira literaturaren maitaleak, orrialdeetan murgildu eta istorioen berri emateko eta jasotzeko, beste irakurle sutsuen konpainiaz gozatuz.

Irakurketa klubak, gaur egun ezagutzen ditugun moduan, XIX. mendean sortu ziren, tertulia literarioei lekukoa hartuta. Lagunak eta ezagunak leku jakin batzuetan biltzen ziren, liburuei buruz eztabaidatzeko eta ideiak elkarrekin komentatzeko. Ordutik, hainbat forma eta testuingurutan eboluzionatu dute, irakurleen beharretara eta lehentasunetara egokituz. Duela hamar urte inguru, esaterako, irakurketa errazeko irakurle klubak sortu ziren, irakurtzeko zailtasunak dituztenek ere parte har zezaten. Nola edo hala, helburu bera dute denek: irakurketaz gozatzea. Iban Zaldua idazleak (Donostia, 1966) garbi azaldu du: «Irakurtzea bezalako ekintza pribatu bat kolektibo egiten laguntzen dute».

Gasteizko Irakurle Klubaren koordinatzailea da Zaldua. 2002an sortu zen kluba, GEU elkartearen eskutik, batik bat euskal literatura sustatzeko. Hasiera batean jendeak «mintzapraktika talde» moduan erabiltzen bazuen ere, Zalduak adierazi du «inoiz baino jende gehiago» biltzen dela egun klubean: «Azken urteotan ez gara hogeitik jaitsi, eta, gainera, talde anitza gara, emakume bezainbeste gizon gaude. Hori ez da ohikoa beste klubetan. Normalean emakumeak dira gehiengo absolutua».

Gazteak eta klubak

Irakurle kluben kalitatea neurtzeko beste faktore erabakigarri bat adina da, Zalduaren ustez. «Zenbat eta talde anitzagoa, orduan eta irakurketa aberasgarriagoa». Gasteizko Irakurle Klubaren egoera «berezia» dela azaldu du. Izan ere, Letren Fakultateari esker jende gaztea bertaratzen baita Gasteizko klubera: «Bi edo hiru urtez datoz, unibertsitateko ikasketek irauten duten bitartean; eta gero, desagertu egiten dira, baina dauden bitartean ahots eta ikuspegi ezberdinak ekartzen dituzte».

Irakurketa klubek jende gazteagoa erakartzea nahiko luke Eneko Amezagak (Zalla, Bizkaia, 1993), baina argi du baldintzak ez direla aproposenak: «Programazioa mugatua da, eta baliteke haientzat oso erakargarria ez izatea». Zallako Irakurle Klubeko dinamizatzailea da, eta uste du gazteei irakurketa hurbiltzeko beste modu batzuk bilatu behar direla: «Gazteentzako klubak sortu beharko lirateke, edo bilerak bideokonferentzia bidez egin. Gazteek interesa izan dezakete liburu jakin batean, baina, hori soilik herri bateko klubean lantzen bada eta ez badute horraino nola joan, ezingo dute parte hartu».

Zalduak uste du «katastrofismorik gabe» heldu behar zaiola adinaren kontuari: «Ukaezina da kultur ekintzetan zahartze bat gertatzen ari dela, baina irakurtzeko modu berriak sortuko dira; ez nau kezkatzen». Eta adibide batekin osatu du bere hipotesia: «[Gasteizko] Gaztetxean klub bat sortu berri dute». 

Irakurketa kluben etorkizunaz gogoeta eginez, Zalduak azaldu du gauza guztiek bezala klubek ere bere «ziklo biologikoa» izango dutela: «Pena gehiago edo gutxiago emango dit, baina, irakurle klubak desagertuko balira ere, badakit irakurketa ez dela desagertuko. Klubak ez dira helburu bat, tresna bat baizik».

«Irakurle klubak desagertuko balira ere, badakit irakurketa ez dela desagertuko. Klubak ez dira helburu bat, tresna bat baizik».

IBAN ZALDUAGasteizko Irakurle Klubeko koordinatzailea

Ikaskizunak partekatzeko

Anton Goiria (Zornotza, Bizkaia, 1955) Durangoko Irakurle Txokoko kidea da, duela hiru urtetik. Hilean behin euskarazko liburu bat irakurtzeko asmoz hasi zen klubean, baina orain, bi irakurtzen ditu hilero: «Bat taldearekin komentatzeko eta beste bat niretzako». 

Elkarrekin komentatzea. Hori da gakoa. Goiriak azaldu du zergatik: «Besteen iruzkinek begiak irekitzen dizkizute; oharkabean pasatu dituzun gauzak ulertzen dituzu, eta askoz aberasgarriagoa da horrela irakurtzea».

«Besteen iruzkinek begiak irekitzen dizkizute; oharkabean pasatu dituzun gauzak ulertzen dituzu, eta askoz aberasgarriagoa da».

ANTON GOIRIA Durangoko Irakurle Txokoko kidea

Hilean behin biltzen dira Zallako Irakurleen Klubeko kideak ere. Amezaga zain dute orduan, aztertuko duten liburua eskuan, eta iritziak eman eta entzuteko prest. «Guk zorte handia dugu: oso gutxi gara, eta guztiek ezagutzen dute elkar». Konfiantza horri esker elkarrizketa «naturalak» eta «dinamikoak» sortzen direla argitu du Amezagak, nahiz eta batzuetan konfiantza horrek elkarrizketari ere kalte egin: «Batzuetan beren gauzei buruz hitz egiten hasten dira, eta liburura birbideratu behar ditut». 

Horrez gainera, Zalduak azaldu du irakurketa aberasteko beste gakoetako bat norberaren esperientziei buruz hitz egitea dela: «Istorioek zuzenean apelatzen diote gure bizitzei, eta pertsonaiek edo egoerek gure bizitzako edo gure ingurukoen bizitzako gauzetara eraman gaitzakete. Are gehiago, batzuetan ikaskizunak edo iluminazioak izan daitezke istorioak». 

Ikaskizun horiei buruz besteekin hitz egiteko leku aproposa dira irakurle klubak, Amezagaren iritziz. Gainera, jende nagusiarekin lan egiteak asko lagundu diola aitortu du. «Nik baino askoz urte gehiago irakurtzen daramatenen gomendioek mundu oso bat zabaldu didate». 

«Nik baino askoz urte gehiago irakurtzen daramatenen gomendioek mundu oso bat zabaldu didate».

ENEKO AMEZAGAZallako Irakurle klubeko dinamizatzailea

Zalduak azpimarratu du «filosofatzeaz» gain liburua eta haren testuingurua analizatu behar direla. Haren ustez, klubek funtzio «hezitzailea» ere badute. «Jendea eleberriarekin hasten da, eta pixkanaka beste generoei ateak irekitzen dizkio. Baina, horretarako, orduak pasatu behar dira orrien artean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.