Orrazkerak ere, bilbotar

Bilboko elementu esanguratsuak irudikatzen dituzten orrazkerak diseinatu dituzte Fernando ile-apaintze zentroko ikasle eta irakasleek: harlauza eta Guggenheim museoa.

Bilbo
2011ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Hiriko bi elementu esanguratsu hartu, eta orrazkera bihurtu dituzte Fernando ile-apaintze zentroko ikasle eta irakasleek. Bilbotar orok ezagutzen dituen harlauza eta Guggenheim museoa aukeratu dituzte, hain zuzen, Bilboko orrazkerak diseinatzeko. Harlauza, «hiri tradizionalaren eta Bilboko historiaren» isla gisa; Guggenheim museoa, berriz, «hiriaren modernizazioaren adierazle».

Ile-eranskingintza bidez sortu dituzte orrazkera biak, teknika hori baita zentroko irakaskuntzan gehienbat lantzen dena. Koloreei dagokienez, Bilboko harlauza irudikatzen duen orrazkeran eskala urdin eta grisak dira nagusi; Guggenheimaren antza duenean, berriz, museoak berezko dituen kolore metalikoak aukeratu dituzte. Horrela, oso orrazkera ikusgarriak sortzea lortu dute.

Orrazkeren egituraren oinarria egiteko plastikozko piezak erabili dituzte, bolumen eta erresistentzia nahikoa lortzeko material egokiena dela uste baitute. Plastikoa ile sintetikoz eta material birziklatuz inguratu dute, azken forma eman ahal izateko. Ile-eranskingintzazgain, krepe eta txirikorda teknikak ere erabili dituzte; lakak eta bernizak izan dira ile bakoitza leku egokian mantentzea ahalbidetu dutenak. Azken ukitua, berriz, kiribil eta eraztunek eman diete Bilboko orrazkerei.

Inma Macarro zentroko irakasle eta proiektuaren arduradunak azaldu duenez, ez da lan erraza izan orrazkerak diseinatu eta egitea. Aurrelana luzea izan da: duela hilabete hasi ziren orrazkeren nondik norakoak prestatzen eta erabili duten materiala aukeratzen. Gainera, hiru orduko lana da ile apaintzaile profesionalentzat, modelo bakoitza orraztea eta makillatzea. «Lan handia izan da, baina argi dago emaitzak merezi duela», dio Macarrok.

BECeko azokarako prestatuak

Bilboko orrazkerak diseinatzearen ideia duela asko hasi zen gorpuzten, hain zuzen, Fernando ile-apaintze zentroko kideek asteburuan BECen egingo duten Creaimagen azokan parte hartuko zutela erabaki zutenean. Azokan, diseinatzaile gazteentzat ile apaintze eta estetikako hirugarren lehiaketa egin zuten. Bertan parte hartzeko, desfile bat prestatu behar izan zuen zentroak, ikasleen gaitasun teknikoak eta sortzaileak erakutsaraziko zituen desfile bat.

Fernando ile-apaintze zentroko 40 ikasle ingururen parte hartzeari eta irakasleen laguntzari esker, Bilboko orrazkerez gain, egunerokotasunean erabil daitezkeen beste hainbat egin zituzten. Horrela, ikasleek sortzaile eta modelo lanak egin zituzten aldi berean, eta desfile koloretsu eta berritzailea egitea lortu zuten igandean BECen.

Pozik daude zentroko ikasle zein irakasleak egindako lanarekin. Ana Isabel Caballero zentroko irakaslearen hitzetan, denetarik zeukan Bilbok: ura, tarta... «Gure ekarpena egin diogu hiriari Bilboko orrazkera sortuz». Horrez gain, halako ekimenen bidez, ile apaintzaileen lana baloratzen eta aitortzen dela uste du Caballerok, «batez ere, lanbidearen etorkizuna lantzen dugunon lana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.