Asko estimatzen du literatura Joseba Apaolaza aktoreak (Urretxu, Gipuzkoa, 1960). «Denbora asko galtzen dut entretenigarriak diren liburuak irakurtzen», aktorearen arabera. Hala ere, Bernard Bertrandek idatzitako La madera, el útil, el gesto. Guía practica para la fabricación de objetos cotidianos de madera liburua denbora «aprobetxatzeko» erabiltzen du.
Zer aurkituko du irakurleak La madera, el útil, el gesto liburua esku artean duenean?
Gidaliburu praktiko bat da, nik bezala eskulanetarako dohain berezirik ez daukan jendearentzat. Behin sorgin batek esan zidan: «Zuk asko disfrutatzen duzu eskuekin gauzak egiten». Eta egia da. Nahiz eta inongo abileziarik ez izan, gustuko dut brikolajea. Ni mendian bizi naiz, basoz eta egurrez inguratuta, eta halako batean liburu hau topatu nuen: gida praktiko bat, egurra erabiliz gauzatxo praktikoak egiteko. Oso pedagogikoa da liburua.
Betidanik gustatu izan zaizu brikolajea, eta egurrarekin objektuak egitea?
Beti gustatu izan zait, baina Irungo [Gipuzkoa] inguru honetara [San Martzial ermitaren ingurura] bizitzera etorriz geroztik aurkitu nuen liburua. Garai hartan lan gutxiko boladatxo bat izan nuen, eta orduan hasi nintzen liburuaren laguntzaz egurrezko objektuak egiten.
Zer objektu sortu dituzu?
Orraziak egin ditut, adibidez: akatzaren egurrarekin. Intxaurrak kraskatzeko hiruzpalau erreminta ere egin ditut: oso sinplea da. Pintzak, apainorraziak, aiztoak eta koilarak ere egin ditut. Nik ez daukat trebezia berezirik: gustatzen zait egitea, eta ondo pasatzen dut. Egur puska batetik gauza praktikoak ateratzeak plazera ematen dit.
Sortzen dituzun objektu guztiek helburu praktiko bat daukate?
Bai. Ez dut helburu praktikorik gabeko objekturik edo eskulturarik egin. Baina eraztun batzuk egin ditut, sagarrondoaren egurrarekin. Orduak pasatu ditut aiztoarekin egurra zuritzen, eraztunak egiteko.
Denbora librean zure zaletasun nagusia zurgintza da?
Orain ez; boladaka izaten da. Orain pixka bat utzita daukat. Mendian txabola moduko batean bizi gara, eta beti dago zereginen bat: belarra moztea, baratzeari kasu pixka bat egitea, zuhaitzak kimatzea... Bestela ere, gehien maite dudan afizioa mendian bizikletan ibiltzea da.
Naturarekin konexio handia sentituko duzu, beraz.
Bai, handia. Niri lasaitasuna ematen dit, eta animalien gertutasuna beste modu batean bizi duzu. Esaterako, azkenaldian txorientzako etxetxo batzuk egin ditugu, eta etxe ondoko haritz puska batean zintzilikatu ditugu.
Zuren moduko naturazale batek nola bukatu zuen aktore lanetan?
Lehenengo, maisu izan nintzen, Martutenen [Donostia], baina, ordurako ,harra sartuta neukan. 7 urterekin agertoki batera aterarazi ninduten, Xalbador bertsolariari Urretxun egin zitzaion omenaldi batean. Bertso bat bota nion, eta han jaso nituen txalo horiek zerbait eragin zidaten. Agertokiko adrenalina berezi hori gustatu egin zitzaidan.
Eta noiz igo zinen hurrena oholtzara?
Irakasletza ikasi nuen, eta ondo ibili nintzen umeekin: haiek dira antzerkigintzan maisuak. Baina iritsi zitzaidan eskaintza Orain antzerki taldean hasteko, eta harrezkeroztik horretan nabil.
Nola orekatzen dituzu lanorduak eta aisiarako denbora?
Oreka handirik ez dago. Maisu lanean errutinak agintzen du, eta nik hortik ihes egin nahi nuen. Aktore lana guztiz desberdina da alde horretatik. Errutinarik ez dago, harremanak asko berritzen dira... Dena sarri berritzen da. Baina lanbide horren barruan oreka aurkitzea ez da batere erraza. Gure lanbidea oso gorabeheratsua da, baina nik zorte handia izan dut, ez dudalako lan faltarik izan. Hala ere, izan ditut bolada hobeak eta bolada estuagoak. Beti izaten ditugun hutsune horietan, La madera, el gesto, el útil liburuak asko lagundu dit: nire hutsuneak betetzeko modua izan da.
MAITE DUT MAITE... ZURGINTZA. Joseba Apaolaza. Aktorea
«Orraziak, aiztoak eta koilarak egiten ditut»
Mendian bizi da Joseba Apaolaza, eta inguruko egurra erabiltzen du denetariko objektuak egiteko. 'La madera, el útil, el gesto' liburua «oso pedagogikoa» izan zaio zeregin horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu