ATZEKOZ AURRERA. Aritz Ibarra Agirrezabal. Ilustratzailea

«Oroimen kolektiboa sendotzea da gure asmoa»

Duela bost urte inguru hasi zen Ibarra euskaldunen historia ikertzen. Ilustrazioa eta historia uztartu, eta Gasteizko 1200. urteko konkista sorberritu du komiki batean.

BERRIA.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Aritz Ibarra Agirrezabal ilustratzaileak (Gasteiz, 1992) Gasteiz 1200, defentsa amaigabea komikia aurkeztu berri du Gasteizko Montehermoso kulturunean. Antzina hiriak jasandako setioa, erresistentzia eta konkista ilustratu ditu komikian.

Zergatik Gasteiz 1200, defentsa amaigabea?

Bi adiera ditu izenburuak. Batetik, 1200. urtean zortzi edo bederatzi hilabete luzez, janaririk gabe, beren nafartasunaren alde Gasteizen gotortu zirenei egiten die erreferentzia. Bestetik, gaur egun arte iraun duen euskal herritarron nafartasun eta askatasun egarriari egiten dio erreferentzia. 1200. urtean gertatutakoa okupazio prozesu luze baten barruan sartzen dugu. Orduko gasteiztarren erresistentzia nazio honen iraupenerako borroka historikoan kokatzen dugun bezala.

Jendeak ba al daki zer gertatu zen?

Konkista hau ezezaguna da gasteiztarron artean, oro har. Denok dakigu historia garaileek idazten dutela, eta beren kontakizuna ezartzen dietela garaituei. Guri dagokigu, beraz, ahanztura inposatuari aurre egitea eta gasteiztar haien balentria eta duintasuna ezagutaraztea. Euskaldunon oroimen kolektiboa sendotzea da gure asmoa, ez diezaguten kanpotik ezarri zein gertakizun oroitu behar dugun, eta zein ahaztu.

Hasieratik argi izan duzu zer eta nola marraztu nahi zenuen?

Nire lehen komikia da hau. Hasieran, ez nuen batere argi zer estilo erabiliko nuen. Detaile asko sartzen banituen inoiz amaituko ez nuen beldur nintzen; marrazki sinpleegiak egiten banituen, berriz, haur kutsu handiegia har zezakeen. Horregatik, bineta gehienak bi aldiz marraztu ditut. Horrenbeste buelta eman ondoren, lan honek nire estiloa zehaztu duela uste dut.

Laguntza ere izan duzu testuak idazteko.

Zorionez, Fernando Sanchez Aranaz historialari eta gidoilariak eta Martin Ttipia kultur elkarteko Iñigo Larramendik bildu dute informazioa. Ni marrazkiak egin ditut, eta ekarpen batzuk narrazioan, besterik ez; oso lasai aritu naiz alde horretatik.

Beti gustatu izan zaizu gertakari historikoak marraztea?

Beti gustatu izan zait. Nerabezaroan, marrazteari utzi nion, umeen kontuak zirelakoan edo, batek daki zergatik. Zorionez, duela urte batzuk, berreskuratu egin nuen ohitura hori. Historiari buruzko interesa, ordea, berriagoa da niretzat, duela bost urte inguru hasi bainintzen euskaldunon historia arakatzen. Bi pasio horiek uztartu ditut geroztik. Estali dizkiguten gertakari eta pertsonaia ikaragarriak daude gure historian, eta uste dut marrazketa ezin aproposagoa dela horiek lurpetik ateratzeko.

Soinu banda eta guzti jarri diozue istorioari.

Kontakizuna osotzeko eta gaia gizarteratzeko, garrantzitsua iruditzen zitzaidan komikiaren abesti bat egitea. Ideia ona iruditu zitzaidan Kaleko Urdangak taldearen indarra baliatzea. Lagun onak dira, eta euskaldunon historiaren pasarte asko landu dituzte haien ibilbidean; oso txukun, gainera. Proposamena egin nien, eta segituan adierazi zuten prest zeudela. Hekthor folk musikari gasteiztarrak ere parte hartu du.

Zer-nolako harrera egin dio jendeak komikiari?

Nire lehen lana da. Beraz, ez daukat aukerarik beste proiektu batekin alderatzeko. Halere, oso pozik nago orain arte izandako harrerarekin. Beldur apur bat nuen hasieran, gertakizuna bera nahiko ezezaguna baita. «Ez bada ezaguna, jendearentzat garrantzirik ez duelako izango da, agian», pentsatzen dut batzuetan. Ikusi dugu, ordea, jende askok jakin-mina duela, baita Nafarroako historiari buruzko interesik ez duten horiek ere.

Ba al daukazu beste proiekturik esku artean?

Komiki bat marrazteko kapaz naizela ikusteak izugarri motibatu nau, eta nire irudimena piztu du. Baditut ideiak, baina ez ditut hala-hola kontatu nahi; gidoi bat ongi gorpuzten ikasi nahi dut. Espero dut laster tarte bat atera ahal izatea horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.