Organoaren ahotsa aditzen

'Urdaibaiko Organoak' organo jaialdiko kontzertua izanen da gaur, Ibarrangelun.

Gernikan Lumo auzoko San Pedro elizan egindako kontzertua, uztailaren 20an. URDAIBAIKO ORGANOAK JOXE MARI EGILEOR
Gernikan Lumo auzoko San Pedro elizan egindako kontzertua, uztailaren 20an. URDAIBAIKO ORGANOAK JOXE MARI EGILEOR
2024ko uztailaren 27a
05:00
Entzun

Urdaibaiko Organoak jaialdiak organoaren eta ahotsaren arteko harremanari egin nahi izan dio omenaldia aurten, Urdaibaiko organoa eta ahotsak izeneko aldian. Ibarrangelun (Bizkaia) ariko dira gaur. Nazioarteko artistak etortzen dira jaialdira; gaur, erraterako, Matias Sagreras artista ariko da organoan, 20:00etan, San Andres elizan. Uztailaren 13an hasi zen jaialdia, Mundakan, eta abuztuaren 15ean bukatuko da, hasitako leku berean. Hamabi kontzertu osatuko dituzte guztira: hamar organoarekin, eta bi harmoniumarekin. Bitarte horretan, dena dela, Busturialdea-Urdaibai eskualdeko hainbat herritako elizetan arituko dira kontzertuak ematen. 2004an hasi ziren jaialdia antolatzen, eta, aurten, 20. aldia dutenez, kontzertu sorta berezia eskaini nahi dute. Urramendi landa garapeneko elkarteak antolatzen du jaialdia; helburu argi batekin: Busturialdeko garapena bultzatzea. 

Gaur egun, Europako organo eta harmonium ikuskizun aipatuenetakoa da; 2023an, adibidez, 3.500 lagundik gora elkartu ziren jaialdian. 

Zaharberritze lan handia egin behar izan dute jaialdia egiten jarraitu ahal izateko; bertzela, zaila izanen litzateke halako tresneria eskuratzea. Gautegiz-Arteagako organoak 140 urte bete ditu aurtean, eta Bermeoko San Frantziskoko organoak, 110 urte.

Ibarrangelu

Matias Sagreras Buenos Airesen jaio zen, eta bertan hasi zituen musika ikasketak. Horiek bukatuta, piano ikasketetan hasi zen. Arte musikaletan lizentziatu ondotik, organoan espezializatu zen, eta Donostiako Musikenen sartu zen gero; bertze hainbat formakuntza saio egiten jarraitzen du orain arte. 2009. urtetik, sorterriko Sakramentu Txit Santuaren basilikako organo jotzaile titularra eta zuzendaria da, baita unibertsitateko katedradun eta kontserbatorioko irakasle ere. Artista anitzen lanak jo izan ditu, eta oraindik ere mundu osoko elizetatik deitzen dute bertara joan dadin. 

Argentinatik kanpo kontzertuak ematen aritzen da; oraingoz, Uruguai, Brasil, Suitza, Espainia, Mexiko eta Estatu Batuak bisitatu ditu. 2020. urtean, gainera, irratirako programa bat sortu zuen: Organística. Horretan ari da gaur egun ere. 

Aurten, Ibarrangelun eta gainerako herrietan, ahotsarekin eta organoarekin arituko dira lanean: soprano, altu, tenor, kontratenor, hirukoteen eta laukoteen ahotsekin. Gaurkoa egin ondotik, sei kontzertu geratuko dira: uztailaren 31n Gernikan, Jesus Martin Moro; abuztuaren 3an Arratzun, Benantzi Bilbao eta Carmen Paula Romero; abuztuaren 4an Axpen, Telemanes hirukotea; 5ean Bermeon, Alessandro Bianchi; 10ean Gautegiz Arteagan Javier Artigas eta Olatz Saitua; eta, azkena, 15ean Mundakan, Bemiopa laukotea. Busturialdeko jaialdia harmoniumarekin egiten den ikuskizun bakarra da Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.