Ana Belen Garcia. Organo jotzailea

«Organoa oso interesgarria da, eta guk mende guztietako piezak jo ditzakegu»

Donostiako 72. Musika Hamabostaldian izango dira Ana Belen Garcia, Loreto Aramendi eta Alize Mendizabal organo jotzaileak; Cavaille-Coll organogilea omenduko dute, XIX. eta XX. mendeko piezak joz.

Ana Belen Garcia, Loreto Aramendi eta Alize Mendizabal. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2011ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Organoa, hau da, eliza askotan dagoen instrumentu handi eta ozena jotzen du Ana Belen Garciak (Andoain, Gipuzkoa, 1977). Gaurko kontzertuan Loreto Aramendi eta Alize Mendizabalekin batera izango da Koruko Andre Mariaren Basilikan, 20:00etan.

Aristide Cavaille-Coll organogile famatu eta esanguratsua omentzeko, XIX. eta XX. mendeko lanak joko dituzte.

Zein izan da zure eta zure bi lagunen ibilbidea?

Ez dugu ibilbide bera, baina prozesu berdintsua jarraitu dugu. Hirurok Donostiako kontserbatorioan ikasi genuen pianoa jotzen. Ondoren, Frantziara joan ginen ikastera hirurok, baina ez elkarrekin. Donostian irakasle Esteban Landart izan dugu; kanpoan, Loreto Aramendik Boyerrekin ikasi zuen —organo jotzaile oso garrantzitsua da—, Lyonen. Alize Mendizabalek, besteak beste Michel Bouvardekin, Okzitaniako Tolosan. Nik Jesus Martin Mororekin ikasi nuen, Pauen.

Organoa ez da ohiko musika tresna. Zer dela-eta hasi zinen jotzen?

Gustatu egiten zitzaidan. Organoaren soinua, lekua eta eskaintzen duen aukera zabala, batez ere. Organoa oso interesgarria da, eta guk mende guztietako piezak jo ditzakegu. Pianoko karreran geunden hirurok, eta amaitzerakoan klabezinarekin hasi ginen pixka bat. Azkenik, organoa jotzen hasi ginen. Hiru musika tresna horiek jo ditugu.

Non eta noiztik zabiltzate hirurok elkarrekin?

Orain dela bi urte hasi ginen batez ere: Santa Mariako Basilikako organista izendatu gintuzten, eta hortik aurrera hirurok ari ginen jotzen. Iaz Deban jo genuen elkarrekin, eta urtero bi kontzertu jotzen ditugu Santa Marian.

Jendearen partetik jarrera ona ikusten duzu Donostiako Musika Hamabostaldian?

Bai, organoa entzutera, behintzat, jende pila bat etortzen da urtero. Pozik gaude, eliza bete egiten da. Egia esan, duela hogei urte ez nintzen etortzen, eta ez dakit zenbat jende etortzen zen, baina kopurua handitu egin dela uste dut. Mantendu behintzat bai.

Zein lan jo behar dituzue, eta nola aukeratu dituzue?

Programak polita eta koherentea izan behar du. Beraz, ez dira izaten guri gustatzen zaizkigun obrak edo konpositoreak. Normalean, konpositorearen mendeurrena-edo izaten da hizpide. Adibidez, oraingoan, Cavaille-Coll organogilearen inguruan egingo dugu: duela 200 urte jaio zen, eta garai hartan oso famatua izan zen. Hark egin baitzuen Santa Mariako organoa. Guk, aurten, Cesar Franck, Durufle, Liszt, Gorka Cuesta, Mallie eta Escaichen obrak joko ditugu. Guztiak du zentzua; musika inpresionista—erromantikoarekin hasiko gara, eta garaikidearekin amaituko dugu.

Zergatik uste duzu jendeak organoa ohiz kanpoko musika tresna moduan ikusten duela?

Jendeak ez duelako ezagutzen. Pianoa guztiek ezagutzen dute, eta jo ere, askok egiten dute. Horregatik ditugu hainbeste ikasle. Baina organoa jende gutxik ezagutzen du. Esan beharra dago jendeak ezagutzen duenean, batik bat kontzertuetan, harrituta gelditzen dela eta gustuko musika tresna izaten dela.

Noiz duzue hurrengo ekitaldia?

Gabonak baino lehen bi kontzertu ditugu, eta datorren urtean berriro izango gara hamabostaldian. Bakoitzak bere bizitza musikala eta bere kontzertuak ditu baita ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.