Aurtengo aldia Tresperte Andaluziako taldearen Aquí sobra uno, Manolo Alcantara kataluniarraren Rudo eta UpArte Murtziako taldearen Todo encaja lanek osatuko dute. Jaialdia Quiero Teatro taldeak koordinatu du, eta Nafarroako bost herritako udalek antolatu dute: Tuterak, Uhartek, Vianak, Altsasuk eta San Adrianek. Herri horietan izango dira hiru zirku emanaldiak, 18:00etatik 21:00etara, eta ordubete inguruko iraupena izango du bakoitzak. Tuteran egingo dute jaialdiaren lehenengo emanaldia.
Bost egunetan, emanaldiaren ordena bera izango da. 18:00etan Aquí sobra uno emanaldia eskainiko dute. Umorea eta zirkua batzen dituen lan bat da, eta hiru akrobatek eta irrati zahar batek osatuko dute. Maitasun istorio bat da, eta ezkutatu ezin diren pasioak, maiterreak eta sentimenduak islatuko dituzte.
19:00etan, Rudo-ren txanda izango da. Lan fisikoaren zailtasunak eta erronka pertsonalak muturrera eramango ditu emanaldi horrek. Horretarako, material pisutsua erabiliz, gorputza orekan mantentzea izango dute xede. Biolin batek eta biolontxelo batek girotuko dute ikuskizuna.
Azken emanaldia 20:10ean izango da: Todo encaja. Ikuskizun akrobatikoa, freskoa eta bisuala izango da. Saltoak nahiz airean egindako ariketa ezberdinak izango dira protagonista. Horrez gain, giza dorreak ere izango du lekua.
Atzo egin zuten prentsaurrekoa, Tuteran (Nafarroa), eta, besteak beste, 45.713 euroko aurrekontua izan zutela adierazi zuten.