Euskal jaiak Ordizian

Ordiziako gaztaren lehia

Bihar egingo dira Ordiziako azoka berezia eta ardi latxaren edo karrantzakoaren esne gordinez egindako gazten lehiaketa. Egun guztian, hainbat ekitaldi egongo dira: ganaduen, fruten, lumagorrien eta barazkien erakusketak, esaterako.

2016ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Irailaren hasierarekin batera iritsi dira herrietako euskal jaiak, eta Ordiziak (Gipuzkoa) badu zer eskaini. Irailaren 11ra arte iraungo dute euskal festek, eta, haien barruan, azoka berezia egingo dute bihar. Ohi bezala, gazta txapelketa antolatu du Idiazabalgo Gaztaren Kofradiak, Ordiziako Udalarekin batera. Beraz, ohitura den bezala, iraileko bigarren asteazkenean egingo dira azoka berezia eta gazta lehiaketa, Beti Alai frontoian. Prestigio handiko lehiaketa horretan, gaztagintzaren esparruko adituak eta zaleak bilduko dira urteko gaztarik hoberenak dastatzeko asmotan.

Aurten 43. Gazta Txapelketa antolatu den arren, ehunka urteko historia duen txapelketa da Ordiziakoa. Txapelketaren lehen lehiaketan, 1904an, irabazle izan zen Zeraingo (Gipuzkoa) Francisco Maria Muñozek 30 pezetako (0,18 euro) saria jaso zuen. Egun, lehen saridunak 1.550 euroko ordainsaria jasotzen du, Kutxaren garaikurra eta Ordiziako txapelduna dela adierazten duten 12.000 etiketarekin batera.

Txapelketan 70 partaide inguru izaten dira urtero, eta artzainak edo gaztandegiak izaten dira. Gaur egun, 121 gaztandegi ekoizle daude Idiazabalgo jatorri izenaren barruan. Parte hartzaileak Bizkaikoak, Gipuzkoakoak, Arabakoak eta Nafarroakoak izaten dira, horiexek izaten baitira lehiaketarako eskatzen den gazta egin ohi duten probintziak. «Iparraldeko jendea ez da egoten, lehiaketarako egiten den gazta Idiazabalgo gazta delako, eta beste probintzietan egin ohi da», azaldu du Leire Arandiak, Ordiziako Kofradiako kide eta D'elikatuz interpretazio zentroko langileak.

Enkantearen xarma

Biharko hasiera emateko, artzainek aurkeztutako gaztak frontoira eramango dituzte, dantzari, txistulari eta dultzaineroek sortutako giroan.

Txapelketa bera 10:30ean hasiko da, eta, gero, aurkeztutako gazta erdiak dastatuko ditu epaimahaiak, hoberena aukeratzeko asmoz. Hainbat lagunez osatutako epaimahaia da, eta Juan Mari Arzak sukaldaria egongo da haien buru, lehendakari lanean. Epaimahaia Idiazabalgo jatorri izeneko teknikariek, sukaldariek eta kazetariek osatzen dute. Sukaldarien artean daude, besteak beste, Pedro Subijana, Elena Arzak, Hilario Arbelaitz, Pilar Idoate eta Martin Berasategi. «Sukaldari horiek beti datoz», adierazi du Arandiak. Gazta mozteaz arduratzen den pertsona ere izaten da epaimahaikideen artean; aurten, Roberto Ruiz sukaldaria izango da, Tolosako (Gipuzkoa) Fronton jatetxekoa.

Beste sukaldari batzuk ere gonbidatu dituzte: Amurrioko (Araba) Luis de Lezama eta Alex Ewald sukaldaria. De Lezamak Washingtonen du Taberna del Alarbadero jatetxea, eta, Ewaldek, berriz, Birjina Uharte Amerikarretan: La Tapa. Horrez gain, aurten ere gonbidatu gisa izango dituzte epaimahaian Jose Maria Aizeaga Basque Culinary Centerreko zuzendaria eta Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendaria.

Irabazi duen gazta aukeratu ostean hasiko da txapelketaren bereizgarrietako bat: enkantea. 1980an egin zen lehen aldiz, eta jasotako dirua Ordiziako San Jose egoitzari ematen zaio orduz gero. Txapelketan irabazi duen gaztaren erdia enkantean ateratzen da, eta bertaratzen direnek gazta erosteko saiakerak egiten dituzte. Hasierako eskaintzak epaimahaikideek egiten dituzte: «Epaimahaikideek giroa berotzeko egiten dute, batez ere, baina, gero, hiru edo lau negozioren eskuetan geratu ohi da enkantea», azpimarratu du Arandiak.

Gazta erdi preziatuaren kostuak bilakaera handia izan du azken urteotan, eta jatetxe, denda, hotel eta aseguru etxeen artean izaten da enkantea, batez ere, gaur egun. Orain arte enkantean bildutako diru gehiena Idiazabalgo Ampo kooperatibak ordaindu zuen, 2014an: 13.050 euro, hain zuzen ere.

Txapelketaren tradizioa mantendu egin da urteetan, eta handituz joan da, baita Idiazabalgo gaztaren ospea ere. Jasotako harrera zela eta, antolakuntzan bertan aldaketak egin zituzten. «1990eko hamarkada inguruan, Ordiziako Gaztaren Kofradia sortu zen», azaldu Arandiak.

Ordura arte, Ordiziako Udalak antolatzen zuen Ordiziako azoka eta gazta txapelketa, baina, behin kofradia sortuta, udalarekin batera hasi ziren lanean. «Egun, 60 kide ditu kofradiak, baina batzorde eragile bat dugu, hamar kide inguruz osatua, azoka berezia eta txapelketa prestatzeko», azaldu du Arandiak.

Idiazabalgo Gaztaren Kofradiak helburu nagusi bat lortu nahi du gazta txapelketarekin: «Artzainek egiten duten lanari balioa emateko sortu zen kofradia, eta azoka sustatzea du helburu».

Gazta txapelketaz gain, azoka berezian bestelako jarduerak antolatu dituzte. Jose Migel Barandiaran plazan, fruta, barazki eta perretxiko lehiaketak egingo dira; Garagartza plazan, berriz, ganadu eta lumagorrien lehiaketak. Bertsolariak, herri kirolak eta pilota partidak ere izango dira egun guztian Ordizian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.