Twitterren aldaketak egingo dituzte apirilaren 15etik aurrera, Elon Musk sare sozial horren jabeak iragarri berri duenez. Egun horretatik aurrera, egiaztaturiko kontuak bakarrik agertuko dira For you atalean. Twitterrek kontuak gomendatzen ditu horren bidez. Kontu bat egiaztatzen duen marka urdina lortzeko, zazpi euro ordaindu behar dira hilean. Era berean, egiaztaturiko kontuen jabeek bakarrik bozkatu ahalko dute sare horretan antolaturiko galdeketetan.
Muskek adierazi duenez, «hori da modu errealista bakarra aurreraturiko adimen artifizialeko robotek sarearen kontrola hartzeko arriskuari aurre egiteko».
Starting April 15th, only verified accounts will be eligible to be in For You recommendations.
— Elon Musk (@elonmusk) March 27, 2023
The is the only realistic way to address advanced AI bot swarms taking over. It is otherwise a hopeless losing battle.
Voting in polls will require verification for same reason.
Urriaren amaieran erosi zuen Musk milioidunak Twitter, 44.000 milioi euroren truke. Iazko apirilean, sare soziala erosiko zuela hitzeman zuen, baina uztailean atzera egin zuen, argudiatuta sarea kontu faltsuz beterik zegoela eta orduko jabeek ez ziotela horien inguruko informaziorik eman nahi. Baina, kontratua hautsiz gero, ia 1.000 milioi euro ordaindu beharko zizkien, eta, beraz, erosteko prozesuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen.
Musk munduko pertsonarik aberatsena da, eta Tesla enpresaren jabea.
Sarea erosi ondoren, Twitterreko exekutibo nagusiak kaleratu zituen, baita milaka langile ere, sarea errentagarri egiteko asmoz. 7.500 langileetatik erdiak inguru kanporatu zituen.
Eztabaida ekarri zuten beste erabaki batzuk ere hartu ditu. Urrian, esaterako, Donald Trump AEBetako presidente ohia sarean berriz onartzea erabaki zuen. 2021ean galarazi zioten Trumpi sare sozial horretan mezuak zabaltzen jarraitzea, urtarrilaren 6an Washingtongo Kapitolioaren aurka izandako erasoaren ostean, indarkeria bultzatzeko arriskua zela eta.
Igandean hainbat hedabidek zabaldu zutenez, Twitterren barne ohar baten arabera Muskek ordaindu zuenaren erdia balio du gaur konpainiak. Muskek berak eginiko kalkuluetatik uler daitekeenez, 20.000 milioi euro inguru balio du, milioidunak urrian 44.000 ordaindu bazituen ere. Horrez gain, oharrean Muskek langileei esan zienez, langileen erdiak baino gehiago kanporatu aurretik, konpainia lau hilabeteren buruan dirurik gabe geratzeko zorian egon zen.