Sakelakoa ezinbesteko objektu bilakatu da egunerokoan, eta aplikazioek gailuaren erabilgarritasuna areagotzen dute, sakelakoak bere horretan egin ezingo lituzkeen gauzak egiteraino. Mota eta gauza guztietarako aplikazioak daude, mundua esku artera mugatzen dutenak.
Whatsapp aplikazioak eragin du iraultzarik handiena. Pertsonen arteko harremanak erraztekoez gain, beste zerbitzu batzuk ematen dituztenak ere badira. Etxera janaria ekartzen duten jatetxeetan jana eskatzeko, zinema edo ikuskizunetako sarrerak lortzeko eta autobus txartelak mezu bidez jasotzeko, adibidez.
Horien eta beste askoren artean, badira ordainketak errazten dituzten aplikazioak. Erosketak egin daitezke eskuko telefono bidez, edota autoaren aparkalekua ordaindu daiteke urrunetik. Kreditu txartelak eta txanponak alboratu, eta TAO tasa ordaintzeko modu berria sakelakoan dago.
Internet bidezko konexioari esker, aplikazio horiek aukera ugari ematen dituzte: aparkatzea ordaintzea, aparkatzeko epea luzatzea, dirua itzultzea (denbora bukatu aurretik autoa mugitzen baduzu), eta isunik izanez gero, hori ordaintzea. Proposamen horren abantaila nagusia da parkimetrorik gertu izan gabe autoa uzteko erraztasuna. Gainera, autoak geldirik egin duen denboraren zenbateko zehatza ordaintzen da, gailuak zehazki dakielako noiz utzi den autoa eta noiz hartu.
Irrati uhinen bidez mugitzen da ordainketaren eta autoaren informazioa, sakelakotik aterata. Helmuga, TAO kudeatzeaz arduratzen den langilearen PDA da, eskuko ordenagailua. Aitor Aretxaga informatikako ingeniari eta teknologia irakasleak azaldutakoaren arabera, uhin horiek lau zentimetroko irisahalmena dute, eta, beraz, batetik bestera doa informazioa, saltoka, helmugara iristen den arte.
Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Herriko Etxea izan da egitasmo horretara gehitzen azkena. Abuztuaren 17az geroztik, posible da sakelakoarekin ordaintzea TAO tasa. Hiri Numerikoa proiektuaren barnean dagoen egitasmoa da, eta aparkatzeko denboragatik prezio zehatza ordaintzea ahalbidetzen du. Etorkizunera begira, 2016rako, aparkatzeko libre dauden lekuak erakutsiko dituen aplikazio bat sortu nahi du Herriko Etxeak. Donibane Lohizuneko kaleetan 2.000 toki daude autoa uzteko, horretatik 1.347 dira ordainpekoak.
Euskal Herrian badira ordainketa metodo hori martxan duten beste bi hiri ere: Bilbo eta Iruñea. 2009an izan zuten bilbotarrek TAO tasa sakelakoarekin ordaintzeko aukera, lehenengoz. Bilboko Udalak, urte horretan, Gertek etxearen laguntzaz, aplikazio bat egin zuen. Sakelakoan jarrita,urrunetik ordain daiteke TAO.
Euskal Herrian ordainketa metodo hori martxan duen beste hiri bat Iruñea da. 2013az geroztik ordain daiteke aparkalekua sakelakoarekin. Egitasmo horrek Bilbon baino datu hobeak lortu ditu. Gero eta erabiltzaile gehiago ditu, urteek aurrera egin ahala. Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasunerako Saileko teknikaria da Jesus Salinas, eta azaldu duenez, «erosotasunagatik» erabiltzen du jendeak. Haren esanetan, bi arrazoi nagusi daude erabilera sustatzen dutenak: «Txanponik ez dela behar, eta edozein lekutatik egin daitekeela ordainketa, baita denbora luzatzea ere».
Telpark aplikazioa erabili behar dute Iruñeko kaleetan autoa uzteagatik ordaindu behar dutenek. Ordainketa aldez aurretik egin behar dela dio Salinasek, eta tiketa «desagertu» egiten dela. Isunak ere sakelakoaren bidez ordain daitezke.
Lehen urtean, 2013an, ia 300.000 euro irabazi zituen udalak, eta hori izan zen urte eskasena. 2014an 1.250.000tik gorako irabaziak izan zituen, eta aurten ere goraka doaz datuak. Abuztu arte, 1.300.000 euroren irabaziak izan ditu.
Desabantaila posibleak
Kasu guztietan autoa utzi berritan egin behar da ordainketa, baina erosotasunean irabazten dena galdu daiteke pribatutasunean. «Arazoak sortu ditzakeen gauza bakarra dago: aplikazioak bidaltzen dituen datuak nola transmititzen diren», dio Aretxagak. Datuak eta gidariaren informazioa gailu batetik bestera doaz langilearen eskuko ordenagailura iristen den arte. Ezin jakin zenbat gailu dauden bidean, baina datu horiek erregistratuta gera daitezke.
Aplikazioak izan dezakeen akats handiena bidaltzen den informazioa «ez zifratzea» da, Aretxagak nabarmendu duenez, gainerako gailuek kontu korronte edo txartel zenbakiak eta ibilgailuaren informazioa irakur dezakete. Gerora, baimenik gabe erabiltzeko. Informazio hori zifratua badago, ez dago arazorik, bidean dauden gailuek ezingo dutelako irakurri. Telpark eta Gertek ziurrak dira alde horretatik. Bi aplikazioek babes neurriak dituzte bidaltzen den informazioa PDAk bakarrik irakur dezan.
Etorkizunean, eskuko telefonoarekin bizitzako ia edozein gauza kontrolatu ahalko da.
Ordainketa, hatz bakarrez
Aplikazioei esker, askoz erabilera gehiago dute sakelakoek. Eros daitezke zinerako sarrerak, autobusean bidaiatzeko txartelak... Baita aparkalekua ordaindu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu