Silvia Bonoli. Astrofisikaria eta Ikerbasqueko ikerlaria

«Oraindik ez dakigu zer dagoen zulo beltzen barruan; misterio bat da»

Unibertsoko zulo beltz supermasiboak ikertu ditu Bonolik. Nahiz eta oraingoz ez dakigun zer dagoen zulo beltzen barruan, etorkizun argia aurreikusten du: «Ezinezkoa zirudien zerbait agerian geratzen da, urte askotako lanaren ondorioz».

SILVIA BONOLI.
itsaso jauregi 2
2023ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Unibertsoan dauden zulo beltzen misterioak argitu nahi ditu Silvia Bonoli astrofisikari eta Ikerbasqueko ikerlariak (Bolonia, Italia, 1979). Zulo beltz supermasiboen fusioa ikertu du batez ere, ezagutzen diren zulo beltzik handienak. Horretaz gain, CFM Materialen Fisika Zentroak antolatutako hitzaldietan parte hartuko du zientzialariak, Donostiako Tabakalera zentroan. Hitzaldi bakoitzean bi zientzialarien arteko elkarrizketa egongo da. Asteartean Bonolik Almudena Alonso astrofisikaria elkarrizketatuko du Las galaxias antes de que fuesen galaxias (Galaxiak galaxia izan aurretik) hitzaldian.

Nondik jaio zitzaizun unibertsoari diozun maitasuna?

Egia esan, ez dakit zehazki. Txikia nintzenean askotan mendira joaten ginen, eta maite nuen zerura begiratzea. Modu naturalean gertatu zen, ez dago une konkretu bat non erabaki nuen zerua esploratu nahi nuela. Batxilergoan letren ibilbidea hartu nuen, adibidez, baina pixkanaka-pixkanaka zientziarekiko obsesio bat garatu nuen.

Zein izan zen obsesio horren jatorria?

Asko maite nuen astronomiaren alderdi historikoa, antzinako zibilizazioek zerua nola ikusten zuten eta zeruaz zer zekiten ikertzea. Hortik sortu zitzaidan zeruari buruz gehiago ezagutzeko jakin-mina. Astrofisika ikasten hasi nintzenean konturatu nintzen iraganari begiratu bainoagoetorkizuna ikertu nahi nuela, gauza berriak deskubritu. Ikertzerako orduan zerura begiratzearena gutxienekoa da: fisika eta zientziaren beste adar asko aztertu behar dira.

Zer esan nahi zuen zeruak iraganeko zibilizazio horientzat?

Batez ere gida bat zen, baina uztak erregulatzeko ere erabiltzen zuten. Zerua ere alderdi intimoagoarekin lotzen zuten, guztiok egiten ditugun galdera handiekin lotzen baitzuten: nondik gatozen, unibertsoan gure lekua zein den... Zeruak bizitzaren alderdi guztietan zuen eragina.

Izarrak zeruko mapa dira?

Bai. Konstelazioak mapa gisa erabiltzen ziren, itsasoan ez galtzeko, adibidez. Baina mapa hori bakoitzak bere ikuspuntutik ikusten duenez, oso aldakorra da. Konstelazioak gure ikuspuntutik ikusten ditugu, baina beste ikuspuntu batetik izar bera modu ezberdinean ikusten da. Ez galtzeko mapa bat dira izarrak, baina mapa ezegonkor eta tranpati samarra.

Eta nola interpretatu zeruko mapa, beraz?

Ez da interpretatzea, gauzek nola funtzionatzen duten ulertzea baizik. Ikuspegi zientifikotik izarrak aztertzea, barruan dutena ulertzea; ez da interpretazio subjektiboa. Nola funtzionatzen duten ulertzea eta ingurunean zelako eragina duten ulertu behar dugu. Beraz, interpretazioa baino gehiago, gertatzen dena oso modu objektiboan ulertzean datza.

Astronomiaren bidez, galdera handi horiek erantzun nahi dituzu?

Bai. Baina desberdintasun bat dago zeruaren ideia erromantikoaren eta ikuspegi zientifikoaren artean. Zeruak ezkutatu egiten ditu aurkitu nahi ditugun sekretuak, baina modu objektiboan begiratu behar zaio. Galdera horiek filosofikoak zein zientifikoak izan daitezke: gure planetaren koordenatuak zeintzuk dira? Non gaude eguzki sisteman? Muga fin bat dago ikuspegi filosofikoenaren eta zientifikoaren artean.

Zeruari buruzko ezjakintasuna orokorra da?

Astronomiak jakin-min handia pizten du zeruaren ikuspegi erromantiko hori dela eta; askoz handiago den zerbaiten parte sentitzen gara. Horrek aldi berean baretasuna zein beldurra sortzen du, oso txikia sentitzen zarelako unibertso handiarekin konparatuz. Niri lasaitasun handia ematen dit. Bada esaldi ezagun bat: astronomia itzalaren menpe dago.

Zulo beltzak dira unibertsoaren itzalik handiena?

Hori zulo beltzen definizio berean dago. John Wheeler fisikariak 1960ko hamarkadan zulo beltz izendatu zituen argia ez delako hortik ateratzen. Objektu honen ihes abiadura argiaren abiaduraren berdina da. Horrek esan nahi du zulo beltz batetik ihes egiteko argia baino azkarrago joan behar dela.

Nola sortzen dira?

Bi zulo beltz mota ezagutzen ditugu. Izar zulo beltzak daude, eguzkia baino askoz handiagoak diren izarren hondarrekin sortu direnak. Izarra osatzen duen materia kolapsatu egiten da, eta horrela sortzen dira zulo beltzak. Gero, zulo beltz supermasiboak daude. Oraindik ez dakigu nola sortzen diren. Zientzialari batzuen arabera, azkar hazi diren zuloak dira. Teleskopio oso garatuekin ikus ditzakegu, baina, noski, ez dugu haien eboluzioa ikusi, ustez unibertsoa oso gaztea zenean jaio zirelako.

Zer gertatzen da zulo supermasibo beltzak elkartzen direnean?

Bi galaxia fusionatzen direnean bere erdian dauden zulo supermasiboak ere elkartzen dira, eta horrek beste grabitazio-uhin mota bat sortzen du. Orain dugun teknologiari esker, uhin horiek antzemateko aukera dugu, eta horrek zulo beltzei buruz gehiago jakitea ahalbidetzen digu.

Nola jasotzen dira uhin horiek?

Albert Einsteinen erlatibitate teoriaren arabera, espazioa eta denbora gauza bakarra dira, eta ehun lau gisa ikus daitezke. Materia dagoenean, ehun hori deformatu egiten da, oihal baten gainean bola bat jarriko bagenu bezala: oihala deformatu egiten da. Oso objektu trinkoak diren bi zulo beltzek bata bestearen inguruan orbitatzen badute, unibertsoan argiaren abiaduran zabaltzen diren olatuak sortzen dituzte. Uhin horiek eguzkiaren inguruan orbitatzen duten laser batzuei esker lortzen ditugu.

Pelikuletan erabiltzen den irudia: orri batean zirkulu bat marraztu, tolestu eta boli batekin zeharkatu. Metodo erabilgarria al da zulo beltzen funtzionamendua azaltzeko?

Ez da oso errealista, ez dakigulako zulo beltz baten barruan zer dagoen. Badakigu zulo beltz batetik oso gertu egonez gero ezin duzula ihes egin, eta barrura eroriko zarela: behin barruan zaudela, ezin atera, eta informaziorik ez dugu jasotzen. Oraindik ez dakigu zer dagoen zulo beltzen barruan; misterio bat da.

Zulo beltzen inguruan hitz egiten duzunean, jendea larritzen da?

Bai. Jendea izutzen da gure galaxian zulo beltz handi bat dagoela esaten dudanean, baina milaka zulo beltz txikiak ere badaude. Gugandik oso urrun dago, lasai! Zulo handia izan beharko luke, eta nahiko gertu egon.

Astronomia gutxietsita dagoela uste duzu?

Ez dut uste. Oro har, astronomia arrakastatsua da gizartean, zientziaren beste arloekin alderatuz. Baina pena ematen dit ikerketaren esparruan egiten diren aurkikuntzak gizarteak ez ezagutzeak. Kaleak betetzen dira futbol txapelketa bat irabazten denean, baina ez aurkikuntza zientifiko bat egiten denean. Hori zientzialarien ardura ere bada, aurkikuntzaren grina transmititu behar dugulako. Ikerketa lana laborategitik atera beharko genuke, eta egiten ditugun aurkikuntzak partekatu.

Zeintzuk dira ospatu beharreko azkeneko aurkikuntzak?

Lehen aldiz antzeman dira zulo beltzen grabitazio-uhinak; hori duela urte batzuk imajinaezina zen. Zulo beltz baten argazkia ere egin da lehen aldiz. Bi aurkikuntza horiei esker, batzuen zalantzak guztiz argitu dira; zulo beltzak existitzen ez zirela esaten baitzuten eszeptiko batzuek. Baina orain guztiz argitu da.

Nola antzeman zituzten zulo beltzen grabitazio uhinak?

Grabitazio-uhinak jaso dira hemendik milaka argi-urtera dauden bi zulo beltz fusionatu zirelako. Horren uhinak jaso dituzte distantzia zehaztasun handiarekin neurtzen duten interferometroek. Egon den garapen teknologiko zoragarriari esker izan da, eta horrek eragina izango du gure bizitzan.

Almudena Alonso zientzialaria elkarrizketatuko duzu asteartean. Nola prestatu duzu elkarrizketa?

Elkarrizketatuarentzat garrantzitsuenak diren aurkikuntza zientifikoei begira egon naiz. Asteartean Almudena Alonsok galaxien historia azalduko du, eta galaxiak sailkatzeko erabiltzen diren irizpideak. Galaxien eboluzioaz hitz egingo dugu, baita nebulosak zer diren ere azalduko dugu. Interesgarria da beste zientzialari batekin gai horiei buruz hitz egitea, ikuspegi desberdinak ezagutzendirelako, eta ikerlari gisa egon daitezkeen zalantzak partekatzeko erabilgarria ere izan daiteke.

Uste duzu garrantzitsua dela beste zientzialariekin espazio bat partekatzea?

Zalantzarik gabe. Lankidetza ezinbestekoa da, eta zientzialari askoren koordinazioa behar da. Ikerketa lanak obra kolektiboak dira. Astronomoaren irudi klasiko hori galdu da: mendian, bere teleskopioarekin, bakarrik. Baina orain sustatu behar den lankidetza oso polita iruditzen zait. Helburu argi bat dagoenean, desberdintasun guztiak alde batera uzten dira, eta elkarrekin lan egin behar dugu.

Zer aurkikuntza aurreikusten duzu?

Unibertsoaren alde iluna izeneko hitzaldi bat eman nuen duela urte batzuk, unibertsoan dauden elementu batzuk ilun izendatzen ditugulako, ez dakigulako zer diren. Ezjakintasunaren ondorioz, ilun gisa hartzen ditugu. Etorkizunean zulo beltzek nola funtzionatzen duten jakin nahiko nuke, zer ezkutatzen duten argitzea. Gainera, zulo supermasibo beltzak nola sortzen diren ezagutu nahiko nuke, materia ilunaren izaera ulertu, eta espazioan bizitza aurkitu.

Bizitza aurkitu, nola?

Unibertsoa oso handia da. Nire ustez, beste planeta batzuetan nolabaiteko bizitza egoteko aukerak oso handiak dira, baina bizitza horrekin harremanetan egoteko probabilitatea, oso txikia. Bizitza inteligentea aurkitzen ez bada ere, baldintza aproposak dituzten planetak aurkitzen ari dira etengabe.

Espazioa amaiezina dela esaten da, baina,oraintxe bertan, non dago muga?

Gure begiek muga argi bat dute, mikrouhin erradiazio kosmikoan. Big Bang teoriaren araberako erradiazio fosila ikusteko aukera ematen digu, Unibertsoa sortu zuen leherketa handia. Hori da muga, haratago zaila da behatzea.

Unibertsoa misterio bat da, beraz?

Bai, baina hori da nire lanbidearen alorrik politena. Badirudi zerbait ez dela inoiz jakingo, eta gero zerbait gertatu, eta aurkitzen da. Duela 50 urte, zulo beltzek ia ezinezkoa ziruditen, eta, orain, badakigu existitzen direla. Urte askotako lanaren ondorioz ia ezinezkoa zirudien zerbait agerian geratzen da. Eta politena da misterio bat argitzen den bakoitzean beste bat ateratzen dela. Aurkikuntza bakoitzak galdera gehiago dakartza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.